Hezkuntza sistemak bere kabuz ezin du bermatu ikasle guztien elebitasuna». Hala esan berri du Jaurlaritzako Hezkuntza Sailburuak Legebiltzarrean, Ebaluazio Diagnostikoaren azken emaitzen aurkezpenean. Arrazoi osoa du, izan ere. Azken hamarkadetan hezkuntza sistema izan da euskalduntzearen —elebitasunera iristeko euskalduntzea ezinbestekoa baita— zutabe nagusia, eta emaitzak ukaezinak dira. Baina gaur egun euskalduntzean hutsune handiak daudela esateko ere zantzu ugari daude: ikasleek lortutako euskara mailaren ebaluazioa bera, erabileraren inguruko datuak, kultur eta komunikazio produktuen kontsumoak, eta abar luzea.
Diagnostikoa gero eta finagoa da: oro har, esan liteke euskalduntzea, eta ondorioz elebitasuna, ez dela banakoaren ezagutza maila hutsarekin lortzen: erabilera (harreman jarduera) eta nortasuna (atxikimendu kolektiboa) ere behar ditu ondoan, Txepetxek aspaldi erakutsi bezala. Horrela, eskolan euskaraz sozializatu, baina gainerako espazio guztietan (etxean, kalean, lantokian e.a.) erdaraz sozializatzen direnentzako, politika zehatzak garatzea ezinbestekoa da. Arrue Txostenak argi utzi zuen eskolaz kanpoko jarduerek euskalduntzeko duten garrantzia. EHU ere konturatu da ikasketak euskaraz eskaintzea ez dela nahikoa, eta hiztun aktiboak sortu behar dituela, biharko gizarteko buruzagiak izango diren horiek euskaldun jardun dezaten. Eta abar.
Testuinguru honetan kokatu behar da komunikabideek euskararen biziberritzeari eta euskarazko sozializazioari egin behar dioten ekarpena ere. Soziologia klasikoak joan den mendean gehitu zituen komunikabideak sozializazio eragile nagusien zerrendara, eragile tradizionalen pare (familia, eskola eta lagunartea alegia). Gurean oraindik ez dugu hori behar bezala gureganatu, euskararen normalizaziori dagokionez.
Horretarako baldintzak ez dira onak ordea. Duela mende erdi bat hizkuntza politikarako tresna ahaltsuak ziren komunikabideak: esparru nazionalekoak ia denak, arauketa zorrotzaren menpekoak, estatuaren esku nagusienak. Gaur egun, ordea, mapa hori lehertu egin da, desarautzearekin, transnazionalizazioarekin eta digitalizazioarekin. Azken horrek, adibidez, kalte handia egin du: ikustea baino ez dago ETBk Euskal Herriko umeen artean duela hamabost urte lortzen zuen pantaila kuota non geratu den. Prentsa idatziaren kasuan, edizio elektronikoei esker irakurle gehien irabazi dituzten komunikabideak gaztelerazkoak dira (Madrilen editatutakoak txapeldun izanik). Ikus-entzunezkoen zein musikaren sareko kontsumoan, joerak oso kezkagarriak dira: estatu edo protoestatuek komunikabideen kontrola ia galdu duten moduan, gurasoek ere umeen kultur eta hizkuntz kontsumoan galdu dituzte kontrola eta transmisiorako ahalmena, Facebook, Instagram, Youtube eta enparauen algoritmoen mesedetan (bidenabar esanda, eta hezkuntza sistemaren emaitza globalei gagozkielarik: noizko gailu mugikorrekiko babes neurriak, alkoholarekin edo tabakoarekin daudenen parekoak?).
Zaila izan arren, egon litezkeen aukerak baliatu beste biderik ez dugu. Zentzu honetan mugimendu interesgarriak gertatzen ari dira komunikazioaren eremuan. Horietako bat euskarazko komunikabideen sustapen publikoari buruzko aldaketak dira. Sistema gisa jokatu beharra dago, audientzien zatiketaren garaian komunikabide bakanak ez baitira gizartearen gehiengoarengana iristeko gai: telebistan, adibidez, Euskal Herrian ikusle gehien lortzen duen kanala ez da populazioaren %20ra iristen; baina batera hartuta, %80tik gora doaz gaztelerazko kanalak. Irratian antzera. Prentsa idatzian dugu salbuespena, ia monopolio egoera kezkagarria dugularik. Eta antzeko herrialdeetako joera horrelakoxea da. Horregatik euskararen berreskurapenean hezkuntza sistemari lagunduko bazaio, euskarazko komunikazioaren sistema ere eratu eta indartu beharra dago, eskola iristen ez den guneetara komunikazio eta kultur produktuak (tradizionalak zein berriak) hel daitezkeelakoan. Sistema horretan, medio publiko, sozial zein pribatuak sartu behar dira; euskarri ezberdinetakoak; eta euskara hutsez ez eze elebitan zein oraindik erdara hutsez aritzen direnak ere bistatik kendu gabe; azken horiek euskalduntzeari nola lagun diezaioketen hausnartu beharra dugu, bai eta euskarara erakartzeko neurriak hartu. Bakoitzaren zereginaren elkarren aitortza hori egitea da behar dugun sistema eratzeko lehen urratsa. Eta badirudi bide hori hasita egon litekeela.
Beste mugimendu interesgarri bat EiTBren inguruko debatea da. Debate horrek erakundearen zioa bera birdefinitzeko balio beharko luke. Nire ustez, zio hori hizkuntza da, ezer baino lehenago. Euskararen normalizazioaren helburuarekin batera beste helburu batzuk izan ditu orain arte EiTBk, batzuk aitortuak eta beste batzuk ez hainbeste. Baina gaur egungo panoraman, erabaki handi bat hartu beharra dago: ea orain arte bezala jarraituko ote duen, euskalduntzeari egin diezaiokeen ekarpena nola itzaltzen den ikusiz; edo euskara ardatz harturik jauzi kualitatibo bat egingo ote duen, bere ahalegin nagusia xede horretara jarrita.
Bi mugimendu horietan, eta gerta litezkeen beste batzuetan, asmatzen badugu, lagun handia izango du hezkuntza sistemak ikasleak benetako elebidun bihurtzeko; areago, hizkuntza politikak lagun indartsua izango du euskararen normalizazioa bultzatzeko. Orain arte bezala, euskalduntzearen ardura eskolara mugatzen bada, eta komunikabideak politika horretatik at geratzen badira —baliabide gutxi dituztelako edota komunikazio politika argirik ezartzen ez delako—, porrota izango da. Ezin esango dugu jakinaren gainean ez geundenik: Jaurlaritzako Hezkuntza Sailburuak argi utzi du, hezkuntza sistemak bere kabuz ezin du bermatu ikasle guztien elebitasuna.
Josu Amezaga - EHUko Ikus-entzunezko Komunikazio eta Publizitate, Saileko zuzendaria