Imajina dezagun telebista publiko batean, ostiralero eskaintzen den iritzi-saio batean, pertsona beltz batek jasandako eraso bortitzaren inguruan eztabaidatzen ari direla. Imajina dezagun saioko arduradunek zurien nagusitasuna defendatzen duen aditua gonbidatzen dutela, iritzi ezberdinak entzun behar direlako ustean oinarrituta. Ezin imajinatu, ezta? Kode deontologikoaren kontrakoa litzateke arrazismoaren apologia egiten duen pertsona baten aldarrikapena jasotzea, ezta?
Eztabaida, iritzi-trukea eta analisia omen dira saioaren helburuak, eta ez morboa, ikusgarritasuna eta polemika; eta kazetaritza irizpideen arabera aukeratzen dira gonbidatuak, gaurkotasunari begira. Horrela izanda, nola uler daiteke, emakumeak gutxiesten dituztenen iritzia jaso ez ezik, galderarik ez egiteko konpromisoa ere hartzea, hau da, zentsura onartzea? Nola onartu emakumeekiko mespretxua —aurkezlea kazetaria zen zalantzan jartzeaz gainera, berarekiko jarrera paternalista mantendu zuen elkarrizketan zehar— nabarmen agerian jarri zuenari bozgorailua eskaini hedabide publiko batean? EITBk sinatu duen «publizitate eta komunikazio ez-sexistarako kode deontologikoa eta erregulaziokoa» delakoan jasotzen denez, hedabideek honelako konpromisoa hartzen dute: «Baztertu emakumeen aurkako indarkeria motaren bat dakarten argudio, esamolde eta irudiak. Saihestu emakumeen kontrako edozein indarkeria mota dakarren jokabide nahiz jarrerak erabiltzea edo justifikatzea». Eta hori izan zen, hain zuzen, gertatu zena, emakumeekiko indarkeria justifikatzen dutenei ahotsa eman zitzaien, erantzuteko aukerarik gabe, gainera.