Gure kostaldeko harkaitzek ondo dakite zer gertatzen den urak behin eta berriz bisita egiten dizunean. Zenbait olatuk izan dezaketen eragina imajinatzea ez da zaila, handiak eta zaratatsuak baitira. Beste asko, ordea, txikiak, ia ezkutukoak izanagatik, higadura askoz handiagoa sor dezakete fereka leunen errepikapenen poderioz. Gauza bera gertatzen da asimilazio kulturalarekin. Ageriko inposizio bortitzak sumatzea erraza da, baita behin igarrita aurre egiteko txerto efektua aktibatzea ere. Alta, zer gertatzen da olatu txikiak nola, pixkanaka, sotilki, behin eta berriz aurrean pausatzen dizkiguten objektu edo balio kulturalekin? Bada, ezari-ezarian gure egiten ditugula.
Zeri buruz ari naizen erakusteko bereziki kezkatzen nauen adibide bat jarriko dut. Komunikabideek imajinario kolektiboaren eraketan duten garrantzia ezaguna da. Haiek irudikatzen dute garena. Espainiako komunikabideen etengabeko bonbardaketa kulturala gutxi ez, eta gure telebistaren, euskal telebistaren, bigarren kateak, ETB2k, haien eredu eta edukiak kopiatu eta bere horretan eskaintzen dizkigu.
Goizean Teleberrian: emakume bat erail dute Murtzian, ume bat Almerian, Madrilgo Komunitateko presidenteak curriculuma faltsutu du, uholdeak Cadizen... Riki-raka. Horraino “gure” lurraldearen mugak.
Bazkal aurretik galdera-erantzun formatuko entretenimendu saioa. Galdera-erantzunak: Chiquito de la Calzada, Rocio Jurado, Marta Sanchez, Belen Esteban, Kiko Rivera edo Julio Jose Iglesias, Eurovisionen Espainia nork ordezkatu zuen 1992an, Real Madrileko futbolari ohia, jarraitu Jose Luis Peralesen abesti honen letra, Farmacia de Guardia, Aida, Manos a la obra, El Chavo del 8... Riki-raka. Riki-raka. Riki-raka.
Gure telebista publikoak, euskara eta euskal kultura bultzatzeko helburuarekin sortu zen hark, bere kate arrakastatsuena espainiar erreferentzialtasuna lantzeko baliatzen du. Gaztelania hutsean izatea eta euskararen presentzia hutsaren hurrengoa izatea gutxi ez, eta espainiar kultura dominantea asimilatzeko makinariaren parte da ETB2
Arratsaldean eztabaida politikoa. Gaiak: Madril, Madril, Madril eta denbora geratuko balitzaigu, Madrilgoari buruz euskal alderdiek esandakoari tartetxo bat. Bide batez, Espainiako beste telebista kateetan ondu eta gizendutako kazetariekin konexioa egingo dugu; haien iritzia askoz prestigiotsu eta fidagarriagoa baita, lehen-lehen mailako metropoliko fitxaketak. Gurean ez dago hauen mailako profesionalik. Riki-raka.
Gaueko prime time-ko saioa iritsi eta Espainiako kate arrakastatsuek hauspotutako Espainiako komunitate autonomo bateko, Kantabriako, presidente mediatikoa da elkarrizketatua, hark dioena beti baita interesgarria. Ondoren, monarkia hizketa gai, Espainiako Koroa eta Errege Etxearen gorabeherak; Letizia vs. Sofia, zein nahiago. Riki-raka. Riki-raka.
Gure telebista publikoak, euskara eta euskal kultura bultzatzeko helburuarekin sortu zen hark, bere kate “arrakastatsuena“ espainiar erreferentzialtasuna lantzeko baliatzen du. Gaztelania hutsean izatea eta euskararen presentzia hutsaren hurrengoa izatea gutxi ez, eta espainiar kultura dominantea asimilatzeko makinariaren parte da ETB2. Gogorra egiten zait niri ere hain gordin idaztea.
Gero eztabaidatuko dute alderdiek bakoitzari Teleberrian eskaintzen zaion minutajeari buruz, sozialki eta politikoki eragin askoz handiagoa duten nortasun kulturala eta erreferenteak oharkabean irensten ditugun bitartean. Gure telebistak audientziaren aitzakian balio horiek lantzen dituen bitartean, alferrik izango dira euskal marko bat ezarri nahi izateko ahaleginak eta euskal kulturak oihartzuna ez lortzearen ondorioz botatako aieneak.