Azken egunotan, hedabideetan zenbait artikulu eta iritzi argitaratu dira ETBk euskal hiztunei gazteleraz hitz egitera behartzen dielako nahi baino gehiagotan. Zehazki, Alberto Irazu kazetariari Galder Perezek Radio Euskadiko Graffiti saioan euskaraz egindako elkarrizketaren harira sortu da hizpidea batean eta bestean. Ez da lehen aldia, noski. UEMAren irizpideei jarraituz, azken hilabeteotan behin baino gehiagotan entzun baititugu udalerri euskaldunetako alkateak eta ordezkariak euskaraz ETB2n edo Radio Euskadin. Usurbilgo alkate Xabier Arregiren edota Elgetako alkate Iraitz Lazkanoren jarrera, esaterako, eredugarria da, eta hauek zabaldutako bideari heldu diote ondoren beste hainbatek, gertaeraren baten harira mikroen aurrean hitz egitea egokitzen zaienean.
Gehienetan, ordea, alderantziz izaten da. Udalerri euskaldunetako ordezkariak izan arren, gazteleraz ere egiteko gonbidapena jasotzen dute ETBko gaztelerazko kateetarako, gainerako euskal herritarrek bezala.
Horren harira, Lujanbiok eta Agirretxek Radio Euskadin euskaraz egingo balute, zer? artikulua argitaratu zuen pasa den astean Onintza Irureta kazetariak Argiako bere blogean. Xabier Lasak larunbatean Berria egunkarian argitaratutako Pixka bat es poco iritzi artikuluan, berriz, honakoa irakur zitekeen:
“Jai dugu euskararen presentzia eta eskubidea utziz gero REko, Radio Vitoriako eta ETB2ko kazetarien borondatearen esku; abaniko zabala baitago jarrerei dagokienez etxe horietan, euskaltzaletasunetik hasi eta indiferentziara bitarte. Eta, kazetari horien gaineko arduradun organikoen eta politikoen zain geratzen bagara, igual beste berrogei urte igaro genitzake horretan. Akaso, egungo egoerari planto egingo dion pertsona publikoen mugimendu zibiko batean jarri beharko da itxaropena; komunikabide horiek irratsaio eta programak ekoizteko premiazkoak dituzten kulturgile, kirolari eta abarrez osatua. «Euskaraz hitz egin nahi dut», irmoki adierazteko pronto egongo dena”.
Egungo egoerari planto egingo dion pertsona publikoen mugimenduarena, aspaldi hasi zen bidea egiten. UEMAk bultzatuta, 2015eko apirilelan agerraldia egin zuten hainbat kulturgilek eta kirolarik, ETBn euskaldunak gazteleraz hitz egitera ez behartzeko eskatuz. 140 kirolari eta kulturgileren atxikimendua lortu zuen agerraldiak (hemen atxikimenduen zerrenda). Agerraldiaren laburpena, argia zen: “ETB2 erdal mundua euskaldunera gerturatzeko sortu zen, 1986. urtean. Baina erdarazko adierazpenekin ez da hori lortzen”.
Agerraldi haren aurretik, UEMAk bilerak egin zituen bai ETBrekin eta bai Lea-Artibaiko eta Urola-Kostako hainbat kirolari eta kulturgilerekin, eta ETBk urratsak agindu zituen, euskaldunei erdaraz egitera ez behartzeko. Kontua pil-pilean zegoen ordurako, eguneroko albisteen harira herritarrak zein udal ordezkariak gazteleraz egitera behartzen zituelako ETB2k. Sasoi hartan Orioko euskara zinegotzia zen Jon Agirresarobek txio batean laburtu zuen egoera, eta ondoren Zaldieroak tira bihurtu eta Berria egunkariak argiraratu zuen, sarean oihartzun handia izanez.
Gerora, Maialen Lujanbiok ere hizpide izan zuen gaia, Euskadi Irratiko asteroko kolaborazioan: “Egunotakoa bezalako itsas denborale batean izan zen, iaz. Hor lehertu zen itsasokoa ez ezik beste olatu bat. Kritika bat EiTBri, ETB2ri, zehazki. Enbataren notizia jarraitzeko zuzeneko konexioetan lortu baitzuen bere funtzio publikoaren gailurra. Kostaldeko herrietako euskaldunak, beretzat gazteleraz hizketan jartzea” (Mundua delakoan, Euskadi Irratia, 2016-02-10).
Dena dela, UEMAk bai ETBri eta bai udalerri euskaldunetako alkateei eta udal ordezkariei irizpideak helarazi eta udalerri euskaldunetako errealitatea ez desitxuratzeko eskaera egin arren, etengabe UEMAko kide diren herrietako alkateak eta hautetsiak askotan gazteleraz entzuten ditugu oraindik ere ETBko albistegietan. Istripuak, jaiak, erasoak, epaiak, eguraldiak eragindako gorabeherak edota beste hainbat kontu dela-eta, ohikoa da udal ordezkariak aritzea albistegietan, baina oraindik ere gaztelerazko kortea eskatzen dute ETBko zenbait kazetarik, eta baita ematen ere zenbait udal ordezkarik. Egia esan, badira euskara hutsean aritzen diren alkateak eta ordezkariak ere. Horregatik, UEMAk etengabe gogorarazten die udal ordezkariei ETB2ko albistegietan euskaraz egiteko irizpidea, gazteleraz aritzeak udalerri euskaldun horietako errealitatea desitxuratzen duela iritzita. Azken egunotan ere, ETB2ko albistegietan udalerri euskaldunetako alkateak gazteleraz entzun ondoren, honako mezua helarazi zaie UEMAko herrietako udal ordezkariei:
“Aurreko agintaldian UEMAk lanketa berezia egin zuen hainbat eragilerekin, ETB2ko albistegiek udalerri euskaldunetako errealitate soziolinguistikoa desitxuratzen dutela iritzita, herritarren zein udal ordezkarien adierazpenak gazteleraz ematen dituelako, eta horrek bi ondorio eragiten dituelako: batetik, euskararen arnasgune diren herrietako errealitate soziolinguistikoa desitxuratzen du eta, bestetik, ETBren sorrerako helburu nagusienetakoa baztertzen du: euskararen normalizazioa, erdarazko albistegietan euskarazko hiztunak desagerraraziz.
Gai honekiko kontzientziazio lan handia egin zen, eta ondorioz, 140 eragile publikoren babesa lortu zuen kanpaina aurkeztu zen, ‘ETB2n euskaldunak euskaraz egitearen alde’ lelopean. EITBren ordezkaritzarekin ere bilera egin zen gaiaren inguruan, eta albiste bihurtu zen haren ondorioa ere: EITBk adierazpenetan hiztunen hizkuntza hautua errespetatzeko neurriak iragarri zituen.
Azkenaldian, ordea, egoera irauli egin dela ohartu gara, eta eta gaiari heldu beharko diogu berriro, batetik EITBri hartutako konpromisoa gogorarazteko, eta bestetik udalerri euskaldunetako alkate eta udal ordezkariei, adierazpenak euskaraz egitearen beharraz oharrarazteko, herritarren aurrean eredu zareten heinean, oso garrantzitsua delako UEMAk gai honen inguruan zehaztutako irizpideak betetzea eta adierazpenak euskaraz egitea”.
Gai honi buruzko informazio osagarria:
· ‘ETB2n euskaraz egitearen alde’ kanpainaren harira, Urola Kostako HITZAk egindako bideoa:
· ETB2n euskaldunak euskaraz egitearen alde (uema.eus, 2015-04-15).
· ETB2n euskaldunak euskaraz egitearen alde: atxikimendu zerrenda (sustatu.eus, 2015-04-15).
· Pixka bat es poco (Xabier Lasa, Berria, 2018-01-20).
· Lujanbiok eta Agirretxek Radio Euskadin euskaraz egingo balute, zer? (Onintza Irureta, Argia, 2018-01-18).
· ETBk urratsak agindu ditu, erdaraz egitera ez behartzeko (Edu Lartzaguren, Berria, 2014-11-09).
· ETBn euskaldunak gaztelaniaz hitz egitera ez bultzatzeko eskatu dute (Urtzi Urkizu, Berria, 2015-04-15).
· EITBren gaztelaniazko kateetan euskara gehiago agertuko dela dio Iturbek (Argia, 2013-11-18).
· Aurrerantzean euskara gutxiago entzungo da EITBren gaztelaniazko kateetan (Oier Aranzabal, ZuZeu, 2017-06-12).
· Mundua delakoan (Maialen Lujanbio, Euskadi Irratia, 2016-02-10).
· Alferrik da Estilo Liburua: Zestoan ere, ETB gaztelaniaz (A. Osinalde, ZuZeu, 2017-12-05).
· Konplizitateetan sakontzeko ordua (Urtzi Urkizu, Berria, 2018-01-23).
http://www.uema.eus/2018/01/22/uemaren-irizpideak-eta-eskaerak-etbk-eusk...