Jaurlaritzako Kultura Sailburu Bingen Zupiriak esan du bi hizkuntzetan ari direla esfortzua egiten
«Zazpi ordu gutxiago, zazpi, ETB1en». Hala jaso zuen Jokin Labaien BERRIAko telebista kritikariak urriaren 28an gertatutakoa. Kataluniako Parlamentuak errepublika independentearen deklarazioa egin eta hurrengo egunean, ETB2k Kataluniako egoerari buruzko bi saio berezi egin zituen —bata goizez eta bestea gauean—, zazpi orduan baino gehiagoan. Aldiz, ETB1ek albistegietan baino ez zuen landu Katalunian gertatzen ari zena. Egoera horren oihartzuna Eusko Legebiltzarrera iritsi da.
EH Bildu koalizioak joan den ostiralean galdera egin zion Eusko Legebiltzarrean Bingen Zupiria Jaurlaritzako Hizkuntz Politika eta Kultura sailburuari, ETB1en eta ETB2ren artean Kataluniako egoeraren berri emateko «desorekari» buruz. Zupiriak erantzun zuen ez dagokiola EITBren irizpide informatiboak finkatzea eta aurrera eramatea. Iritzia eman zuen, edonola ere: «Bistan dago EITB esfortzu handia egiten ari dela bere euskarri guztietan, programa mota ezberdinetan eta bere bi hizkuntzetan Katalunian gertatzen ari dena bere ikusleei, entzuleei eta jarraitzaileei iritsarazteko». Desorekaren aipamenik ez zuen egin Zupiriak: «Uste dut EITBko hedabide bakoitzak dituen ikus-entzuleek oniritzia eman diotela telebistaz, irratiz zein Internet bidez egiten ari diren ahalegin horri, euskarri eta hizkuntza guztietan. Jakin-mina dago, eta uste dut EITBk jakin-min horri erantzuteko neurriak hartu dituela, bai gaztelaniaz bai euskaraz».
EH Bilduk, berriz, galdera egitean hainbat adibide plazaratu zituen, eta adierazi ETB2n askoz ordu gehiago eskaini dizkiotela Kataluniako gaiari ETB1en baino. Urriaren 4an, adibidez, ETB2k programazioa aldatu zuen Kataluniako azken berrien inguruan aritzeko, eta ETB1en ez zen halakorik gertatu, koalizioak oroitu duenez. «Urriaren 26an, ETB2n Kataluniari buruzko saio berezia, ETB1en Baskoniako Historia Bat saioa ematen duten bitartean», gaineratu du EH Bilduk. «Argi dago gure gizartean Kataluniaren gaiarekin dagoen informazio eskaera nabarmena dela eta, esaterako, La Sextaren datuak ikusi besterik ez dago», esan zuen koalizioko legebiltzarkide Josu Estarronak.
La Sexta gehien ikusitako kateetan bigarrena izan zen urrian Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, %10,2ko ikusle kuotarekin; orain arte laugarren edo bosgarrena izaten zen, eta ETB2, La1 eta Antena3 gainditu ditu joan den hilean.
Zupiriak aipatu zuen Maite Iturbe EITBko zuzendari nagusiak urriaren 23ko administrazio kontseiluko bileran eman zituela Kataluniako gaia jorratzeari buruzko azalpenak. Bilera horretan, PPk kritikatu zuen ETBk «gehiegizko» tartea ematen diola Kataluniari. Elkarrekin Podemosek, bestalde, jarraipenak izan duen kostu ekonomikoaz galdetu zuen. Iturbek konpromisoa azaldu zuen hurrengo bileran —hilaren 28an egingo dute— txosten bat aurkezteko, Kataluniako egoeraren berri emateak ekarri duen kostuaren eta taldeko hedabideetan eskaini zaizkion orduen datu guztiekin.