analisia - MARTXELO OTAMENDI
Askotan gertatzen ari da Euskal Herriko komunikabide publikoetan, eta bada garaia gauzei, eta biktimei, bere izenarekin deitzeko.
Ostegunean izan zen, Radio Euskadik gatazkaren gainean goizean egin zuen programa berezian. Baina edozein programatan izan zitekeen, izaten delako.
Bada jarrera bat oso zabaldu bat Euskal Herriko komunikabide publikoetan biktimak eta ETAren biktimak bi kontzeptuak nahasteko. Eta horrekin batera, edo horregatik agian, ETArenak bakarrik jotzeko biktima. Urteetan Espainiako aparatu judizial eta polizialak eta Gasteizko Polizialak eragindako biktimak, milaka, biktima ez jotzeko erabakia dago. Beste zer edo zer dira; ez biktima.
Delako saio horretan biktimekin jardungo zutela aurreratu zuten. Eta baita jardun ere. Andaluziako (Espainia) biktimen elkarteko kide bat gonbidatu zuten, Kataluniako elkarteko beste bat eta ertzain baten arreba. Hirurak ETAren biktimak. Biktimak gora eta behera: «Zein da biktimen papera, iritzia...?» eta halakoak.
Gero epaile batzuekin aritu ziren justiziaren jokabideaz, eta halako batean 18/98 sumariokoekin eta, memoriak huts egiten ez badit, sakabanaketa pairatutakoekin. Baina ez biktima kategoriarekin, eta hor dago koxka.
Kexua ez da komunikabide horiek ez dituztela gonbidatzen saioetara estatuaren biktimak deitu direnak, ematen zaien kategoria baino, edo hobeto esanda ematen ez zaiena.
Beste adibide bat. Programa bukatu baino bost minutu lehenago, egindakoaren laburpena egin zuen kazetari batek. Horrela: «Biktimekin egon gara (ez ETAren biktimekin), gero epaile batzuekin, baita 18/98koekin...». Hor, bistan da, kategoria desberdina eman zieten batzuei eta besteei. Azkenak ez ziren biktima.
Beste adibide bat. Atzo goizean Lapitzek galdera egin zion Txema Monterori antolatutako mintegiaz: «Zer diote biktimek?». Ez «ETAren biktimek», mintegian ETArenak bakarrik egon arren.
Eguna joan eta eguna etorri gertatzen da. Bada zuzentzeko ordua. Ez da huts bat, despiste bat. Distantzia ezarri nahi bat dago. Eta komunikabide publikoez ari gara.