Hemen zaude

EHBILDU: EITBn karrera profesionala garatzea proposatu du EH Bilduk, izendapenak irizpide profesionalen arabera soilik egiteko

Unai Urruzunok hedabide publikoen independentzia zaindu beharreko balorea dela dio. “Horretarako, ezinbestekoa da goi-karguen hautaketa gardentasunez, aukera berdintasunean eta merituen arabera egitea”.

EH Bildu talde parlamentarioak legez besteko proposamena aurkeztu du gaur EITBko zuzendaritzari eskatzeko bi hilabeteko epean telebista eta irrati publikoetan karrera profesionala sustatu eta garatzeko plan bat aurkez dezala, “betiere programa eta albistegien ildo editoriala erabakitzen duten kargu guztiak (albistegietako buruak, erredakzio burua, editoreak eta arlo buruak) gardentasunez, aukera berdintasunean eta irizpide soilik objektibo eta profesionalen arabera hautatzeko, eta ez, orain arte bezala, konfiantza pertsonal edo politikoaren arabera”.

Unai Urruzunok adierazi duenez, “EH Bilduk behin baino gehiagotan salatu du EITBren menpekotasuna EAJrekiko eta, oro har, Jaurlaritzarekiko, eta argi du egoera horren jatorria albistegiak zuzentzeko ardura duten kazetarien hautaketa sisteman dagoela hein handi batean. Izan ere, horiek konfiantzazko karguak izateak atea irekitzen dio izendapenak irizpide politiko eta ideologikoen arabera egiteari, irizpide profesional hutsen arabera egin beharrean”.

Urruzunoren iritziz, “hedabide publikoetan karrera profesionala antidotorik onena da menpekotasun politikoaren arriskuaren aurka, horrek bermatzen duelako, batetik, izendapen guztiak irizpide profesionalak bakarrik aintzat hartuta egiten direla eta, bestetik, albistegien independentzia editoriala, eta muga jartzen dio gobernu guztiek komunikabide publikoak kontrolatzeko duten tentazioari”. Legebiltzarkideak dioenez, “albistegien independentzia eta karrera profesionala ezinbestean lotuta dauden kontzeptuak dira, ezinezkoa baita irrati edota telebista publiko bateko albistegien independentzia bermatzea bertan karrera profesionala sustatu eta garatzen ez bada, eta EiTBk gabezia nabarmena du arlo horretan”.

http://ehbildu.eus/eu/instituzioak/gasteizko-legebiltzarra/11997-eitbn-k...