Hemen zaude

EHBILDU: ETBk berehala argitu behar du zergatik ez duen igorri iragarrita zeukan ‘Las cloacas de Interior’ dokumentala

EH Bilduk susmoa du PPren presio politikoak eta alderdi horren eta EAJren arteko akordioek eragina izan dutela EITBren erabakian, dokumentala programaziotik kentzera behartu arte.

EH Bilduk azalpenak eskatu dizkio jada EITBko zuzendaritza taldeari, berehala argitu dezan zergatik ez zuen atzo gauean igorri ‘Las cloacas de Interior’ dokumentala, nahiz eta horren emisioa hilaren 7az geroztik aurreikusita zegoen. Izan ere, ETBk iragarrita zeukan programazioa aldatu zuen atzo eta, aipatu dokumentala eskaini beharrean, ‘La imagen de mi vida’ saioa eman zuen. ‘Las cloacas de Interior’ dokumentala Mediaprok ekoiztu du eta argitara ateratzen du Fernandez Diazen Barne Ministerioaren gerra zikina eta Poliziaren erabilera politikoa Kataluniako independentismoaren eta buruzagi independentisten aurka.

EH Bilduko legebiltzarkide Unai Urruzunoren iritziz, “gertaturikoa larria da eta Maite Iturbe buru duen zuzendaritza-taldeak berehala argitu behar du zergatik aldatu zuen atzoko programazioa dokumental hori ez igortzeko. Urruzunok susmoa du PPren presio politikoa erabaki horren atzean dagoela. “PPren presio politikoak bakarrik azaldu dezake ETBren iritzi aldaketa, horrek eta une honetan EAJk PPrekin duen harreman pribilegiatuak, hain zuzen. Larria da beste behin EITBren zuzendaritza agindu politikoen menpe jartzea, irizpide profesional eta periodistikoen arabera jokatu beharrean. Bagenekien telebista espainolek zentsuratua dutela ‘Las cloacas de Interior’ eta uko egin diotela igortzeari; larria eta onartezina litzateke EITBk berdin jokatzea”.

http://ehbildu.eus/eu/instituzioak/gasteizko-legebiltzarra/11965-etbk-be...