Eusko Jaurlaritzak bere hizkuntza politikaren emaitza onak aurkezteko egin eta esandakoen bozgorailu ezin hobea izaten ari da ETB. Aldiz, politika hori (Euskal Herrian diren besteekin batera) kritikatu eta beste diskurtso eta ekimen batzuk sustatzen gabiltzan hainbat herri eragile eta sektoreren ahots gehienek ez dute lekurik telebista publikoan, guztion telebista omen den honetan. Euskararen inguruan ez dirudi inor oldartzen denik eta ez dirudi herri ekimenik dagoenik ere. Normaltasuna da nagusi, dena ongi doa, bide onetik.
Bi adibide besterik ez nituzke aipatu nahi: batetik, abenduaren 3an Eusko Jaurlaritzak Donostiako Kursaal Jauregian egindako ekitaldia. Informazioa: diskurtso ofizialak, sariak eta emaitza onak. Ekitaldia normaltasun osoz egin omen zen. Ekitaldi horretan EHEko hiru kidek «Iruzurrik ez, hizkuntza eskubideak bermatu» zioen pankarta zabaldu eta beste kide batek protestaren zergatiak azaltzen zituen agiria eman zion Ibarretxeri oholtza gainean. ETBk ekimen hura ezkutatu zien herritarrei. Bestetik, abenduaren 6an Osakidetzako oposizioak zirela eta, albistegian azterketa horien gorabehera guztien berri eman eta arazotxo tekniko batzuez gain, normaltasun osoz egin zirela adierazi zuten. Euskararen arazoa aipatu ere ez. Bitartean, kanpoaldean 100 lagun inguruk elkarretaratzea egin genuen oposizioetako euskararen eskaera eskasa salatzeko eta beste 35 kidek azterketa oztopatu zuten barnealdean, azterketen normaltasuna nabarmen hautsiz. Berriz ere, ekimena eta diskurtsoa ezkutatu zuen ETBk, aipu txikiena ere saihestuz.
Jakina da telebista honen aukera politiko nagusia zein den. Orain ez dugu ezer berririk deskubritu, baina mingarria eta salagarria iruditzen zait aukera guztien ahotsak hain modu zakarrean isilarazi eta boikot informatiboa honela bultzatzea. Gutun honekin ETBko arduradunei herritar eta aukera guztien zerbitzura aritzeko deia egin nahi diegu.
Saioa Rodrigez - EHEko kidea