"EKOGRAFIAK - Fermin Etxegoien"
Aurreko larunbatean, 12 minutuko albistegia eskaini zuen ETB1ek
arratsaldeko 17:00etatik goizaldeko 01:30era (zortzi ordu t'erdiko
programazioan). Gainerakoa kirola eta kamera ezkutuak. Pasa den larunbat
honetan, gauzak pixka bat aldatu dira: aurrekoan eskubaloia eta oraingoan
pilota bota digute afizionatuen partida bat; aurrekoan Alaves taldearen
partida bigarren mailako futbola eta oraingoan Elx-Terrasa bigarren maila,
baina euskal talderik gabe; aurrekoan 00:30ean jarri zuten Ero eta Bero
kamera ezkutu saioa, eta oraingoan 01:00etan.Larunbat honetan, beraz,
zerbait aldatu da: 12 minutuko albistegia, bederatzi orduko programazioan.
Gaur egun ETB1 egiten ari den ridikulu historikoa euskararen ridikulu
historikoa da.Barneratu beharra dago, gustatu ala ez: telebista arloari
dagokionez, euskara hizkuntza sekulako ridikulu historikoa egiten ari da
orain. Gaur egun, ia inork ez du ikusten ETB1. Saio askok izan ohi duten
audientzia %1era ez da iristen. Kalitateko programazio batek, seguru nago,
egungo programazio eskasak baino audientzia hobeak izango lituzke.
Horregatik guztiagatik, ETB1 den bezalakoa izatea ezin dugu pentsatu
telebistaren arazoa soilik denik. Ezin dugu pentsatu gure hizkuntza salbu
geratzen denik, euskarazko telebista den bezalakoa izanda. Ezin dugu
pentsatu euskara hizkuntza «gauza bat» dela, eta euskarazko telebista «beste
gauza bat» dela. ETB1 euskarazko telebista bakarra den neurrian, ETB1 eta
euskara «gauza bera» ditugu. Guk nahi genukeen baino modu totalizanteagoan,
zoritxarrez.Hainbat telebista nazional euskaraz bagenitu, azterketa
bestelakoa litzateke. Baina bakarra dugu. Muturrera eramaten ari naiz
medioa-mezu axioma ezaguna. Itxura eta izaera maila berean jartzen ditu
medioa-mezu ideia horrek. Eta kontranatura dirudi gure heziketa
espiritualaren arabera, non gorputzak eta arimak bereiziago behar
duten.Baina dagoena da komunikazioaren arloan.