EITBk komunikazio talde «integral» gisa mamitu eta «errefentziazko informazio ikur» bilakatu behar du, EH Bildu koalizioaren ustez. «Objektiboa, hurbila, inpartziala eta ikuspegi kritikodun mutimedia talde publiko kalitatekoa». Halako irrati-telebista publikoa nahi du. Xede hori lortzeko, datozen bost urteetarako proposamen bat egingo du EH Bilduk. Bi aste barru aurkezpen publiko bat egingo du koalizioaren Legebiltzarreko taldeak, proposamenaren berri emateko.
1982ko EITBren Sorrera Legean hizkuntzaren normalizazioa aipatzen da, eta EH Bilduk uste hori badela helburua oraindik ere. Baina, horretarako, taldeko enpresa guztiek erantzun behar diote helburuari, koalizioaren ustetan: «Orain arteko helburuen dualizazioa amaitu behar da. ETB1 lehentasun nagusiko kate jeneralista bilakatuko da, horrek aurrekontuetan behar duen islaz. Aldi berean, ETB2k, Radio Euskadik eta Radio Vitoriak euskarari lekua emateko neurriak zehaztuko dituzte».
Ez da EH Bildu legebiltzarreko talde bakarra EITBren eredua aldatzeko eskatzen duena. Iaz, martxoaren 4an, PSE-EEk Eredu berri bat EITBrentzat txostena aurkeztu zuen, eta EITBren legea aldatzeko eskatu zuen bertan. Aurten, irailaren 13an, Elkarrekin Podemosek ere beste eredu bat proposatu zuen EITBrentzat. Legebiltzarrean datozen asteetan mahai gainean izango diren gaietako bat izango da EITBren erreformarena, eta ikusiko da taldeak zertan jartzen diren ados.
EH Bilduk bost urteko ibilbidea proposatuko du, etorkizuneko ereduaz hausnartzearekin eta urratsak gauzatzearekin batera, datozen hamarkadetarako irrati-telebista publikoa irudikatu eta birsortzeko asmoz.
Euskal esparru komunikatiboaren eta EITBren inguruko eztabaidak eta hausnarketak «aniztasuna» izan behar duela uste du koalizio abertzaleak. Baliagarritzat jo du aurreko legealdian legebiltzarrean onartu zen pauso bat: Euskal Herriko Unibertsitateak landutako metodologia parte hartzailea. EITBren erreforma osoari begira, hainbat gairi buruzko informazioa biltzea du xede EHUren metodologiak. Horretarako, telefono bidezko iritzi bilketak, EITB barneko iritziak, elkarrizketa pertsonalak, eztabaida taldeak, tailerrak, hitzaldiak, jardunaldi tekniko bat eta sare sozialak erabiliko lituzkete. Hamasei hilabete iraun dezake.
Antolakuntza ereduan, bestalde, koalizioak uste du berregituraketak egin beharko direla lantaldeari zein taldeko enpresei dagokienez: «Gestoreen sisteman iraulketa sakona eta lantalde estrukturalaren definizioa lehenbailehen egin beharreko urratsak dira. Izaera multimedia izango duen irtenbide bateratzailea bilatu behar da».
Ikus-entzunezkoen sektoreari begira, EH Bilduk eskatuko du EITBn egiten den inbertsioa «ikus-entzunezkoen euskal industrian» egiten den inbertsioa izatea: «Ikus-entzunezkoen sektoreko enpresekin hitzarmenak epe finkoetan egin beharko lirateke, enpresei epe ertain-luzeko ikuspegia eta babesa emanez».
«Hezi eta dibertitu»
Lau alderdiz osatutako koalizioak uste du EITBren programazioak «kalitatezkoa» izan behar duela, «eta beste kanalengandik bereizia». Horretarako, «tokiko sorkuntzak» izan beharko luke oinarri, eta «jatorrizko edukiak» nagusi. «EITBk ausarta izan behar du, eta ikusleekin bat egitea lortu beharko du, garai berrietara egokituta. Ikusleria hezi eta dibertitu beharko du». Koalizioaren iritziz, euskal hizkuntza, kultura eta identitatea zabaltzea izan beharko du helburu EITBk.
EITBren ildo editorialari dagokionez, euskal gizartearen aniztasunari sor zaiola iruditzen zaio EH Bilduri: «Euskal jendartearen intereseko gaiak ikuspegi propiotik landuko dira, eta albistegiak lantzen dituzten arduradunak meritu profesional bitartez aukeratutako langileak izango dira». Koalizioak uste du «agenda informatibo propioa» berreskuratu behar dela.
Gaur egungo lege esparru arautzaileak «gabezia nabariak» dituela iruditzen zaio talde abertzaleari, eta horregatik ikus-entzunezko komunikazioaren lege berri bat sortzea proposatuko du.
Zuzendaritza berri bat aukeratzea ere beharrezkotzat jo du EH Bilduk: «Lantalde oso bat EITBren etorkizuneko ereduaz hausnartzeko eta urratsak egiten joateko gai izango dena. Aldaketa gauzatuko duen zuzendariak ere adostua izan beharko du».
Urtzi Urkizu - BERRIA 2016.12.30