Euskarazko katea lurralde osoan ikusi ahal izango da; ETB2 eta ETB3, aldiz, «ia osoan». Vaughan irratiak lizentziari uko egiteak ahalbidetu du
Irailaren 22a. Nafarroan egun horrexetatik aurrera ikusi ahal izango da ETB Euskal Telebista LTD lurreko telebista digital bidez. EAEko telebista autonomikoko kateei lekua egiteko asmoa agerian utzia zuen Nafarroako Gobernuak. Iragan uztailaren 15ean Jaurlaritzarekin itun bat ere hitzartu zuen jomuga horrekin. Eta, azkenean, heldu da fruitua. Bidea erraztu du uda honetan Vaughan irratiak bere telebista katearen lizentziari uko egin izanak; izan ere, erabaki horren ondorioz libre geratu da kanal autonomiko bat, eta horixe erabiliko da ETB1 Nafarroa osora hedatzeko. Telebista digitalaren bidezko kate autonomikoen zein tokikoen moldaketa egin du foru gobernuak. ETB2 eta ETB3, hain zuzen ere, tokiko kateen bidez ikusi ahal izango dira irailaren 22tik: ia Nafarroa osoan.
ETB2 Iruñerrian, Tafalla inguruan, Estellerrian, Zangoza inguruan eta Tutera inguruan ikusi ahal izango da; Iruñerrian ez beste, gainerako guztietan ikusi ahal izango da ETB3. Nafarroako Gobernuak gogora ekarri du euskarazko telebistaren emisiorako kate autonomiko bat adjudikatuta Hizkuntza Gutxituen Europako Itunak ezarritako irizpideetako betetzen dela, ia guztiz gaztelaniak betetzen duen eremu batean lekua egingo baitzaio euskarari.
Apirileko agindua
Ondo bidean, amaitu egingo da era horretan apiriletik kezka ugari eragin dituen arazo bat. Izan ere, orduan agindu zuten ETBren seinalea Nafarroan eteteko, UPNren gobernuak aurkeztutako salaketa bati atxikita. Espainiako Industria Ministerioaren bidez heldu zen manua, eta horren aurrean foru gobernuak harridura erakutsi zuen: ETBren emisioaren kontrako neurririk eskatuta zegoela ez zekitela aitortu behar izan zuten gobernuko buruek. 2015eko urritik emititzen ari zen ETB Iruñerrian lurreko telebista digitalean, eta haserre handia eragin zuen berriak. Badirudi, ordea, betetzear dela gobernuaren akordio programatikoaren xedeetako bat: ETB telebista digitalarekin Nafarroa osora hedatzea.