Garazi Goia - Idazlea
Telebista publikoa eredugarria den lurralde batean bizi naizen aldetik eta, azken hamar urteetan misio hori bizi eta sentitzen duten jendearen inguruan lan egiteak eta haiengandik ikasteko aukera izateak eman didan pribilegiotik ari naiz ni telebista publikoari buruzko analisi hau idazten. Nire ikuspuntua ematen hasi aurretik Erresuma Batuko telebistaren testuinguruaren aurkezpen motz bat egitea ezinbestekoa zait ordea: batez bestekoz lau ordu ematen ditu egunero telebista ikusten jendeak eta azken urteetan bere horretan mantendu da ordu kopuru hori. Telebista industria aberatsa dago, milaka milioi liberatako finantziazioa lagun duten eta mundu mailan erreferentzia diren enpresa eta telebista etxe ahaltsuak atzetik (Sky, Liberty Global, BBC, ITV eta beste hainbat ) daudela; aurrerapen eta azken joeren garapenak ere bertan ematen dira. Azken urteetan sortu diren eta proposamen berriekin sartu diren Netflix, Amazon eta antzekoak ere indartsu dabiltza, ikusleentzat aukera erakargarriak eskainiz. Hala ere, lehen aipatu ditudan lau orduetatik bi telebista publikoek sortzen dituzten edukiek betetzen dituzte. Eta, iaz egin zuten inkesta ofizial baten arabera, biztanleriaren %79 oso pozik dago telebista publikoak ematen dienarekin.
Britainiar kultura eta tradizioak duen fama zorrotzaren ildotik, oso garbi araututa daude telebista publikoaren helburuak eta parametroak. Laburbilduz, telebista publikoaren helburuak lau alor nagusitan banatzen dira: (1) munduari buruz duen ezagutzari buruz informatzea; (2) Ezaguera eta ikaskuntza bultzatzea; (3) Erresuma Batuko identitate kulturala islatzea eta (4) ikuspegi alternatiboak eta aniztasuna erakustea. Helburu hauek bete ahal izatea da arrakastaren adierazgarrietako bat.
Eta, horrez gain, zazpi ezaugarri ezberdin izan behar ditu telebista publikoak: kalitate handikoa izan behar da (finantziazio egokia duena eta ongi produzitua); jatorriko edukiak gailendu behar dira (errepikapen edo atzerriko edukien ordez); berritzailea; desafiatzailea, ikusleei pentsatu arazten diena; gehiengo batekin konektatuko duena; konfiantza iradokitzen duena, batez ere albistegiek; eta bereizgarria (beste telebista kateetan ikustea espero denetik ezberdina) izan behar da.
Ezaugarri horiek guztiak neurtu egiten dira, azterketa sakonak egiten ditu erreguladoreak eta betetzen ez badira benetako isunak ezartzen dira.
Ez dut nire analisia araudi batzuetara sinplifikatu nahi. Ezta ere ez dut iradoki nahi BBCrena bezalako historia eta tradizio konplexu eta sakona beste leku batzuetan egun batetik bestera sortu daitekeenik. Baina, beste telebista publiko txikiagoak ere gertutik ezagutu ahal izan ditut, Galeseko S4C bera ere adibidez. Eta, denetan, ikusleekin konektatzeko eta diru publikoari etekin positiboa ateratzeko erantzukizun bat nabari ditut. Gorroto ditut generalizazioak, baina nire hemengo esperientzian, jendea izan da atentzioa eman didana; jendea, orokorrean. Zuzendaritza postuetatik hasita beheko mailetaraino dagoen jendea, gehiengoa behintzat erantzukizun horri atxikita.
Jendearengan ilusioa eta konpromisoa ikusi ditut. Kalitateko edukiak sortzeko eta ikusle anitzei zuzentzeko ilusioa. Kulturarekin sentsibilitate bat erakutsiz, talentudun jendea bilatuz eta sormenezko ideiak aldarrikatuz. Helburu sozialak betez eta ikusleengana iristeko modu berriak proposatuz. Ideia eta ikuspuntu alternatiboak aireratuz.
Finean, egiten dugun hori zehazki «zer den» ez du axola. «Nor garen» da balio duena. Arrakasta izateko, telebista publikoaren identitatea, balore eta erronka ausart batzuetan oinarrituta egon behar da; benetan sinetsi eta sentitzen diren baloreez ari naiz. Aldaketak aldarrikatu behar dituzte langileek, aldaketak egiten dituzten heinean, ikusleak aurrerantz bultzatzeko. «Sistema» desafiatuz. Statu quo-ari erronka eginez. Telebista publikoari dagokionean bakarrik ez, nire ustez hori da-eta orokorrean «bizirik» jarraitzeko modu bakarra. Ilusio hori eta borrokatzeko indar hori jendeak ez badauzka, arauak beteko dira, baina besterik ez.
Eta, hori guztia lortzeko, arriskuak hartzea eta arriskuak hartzeko mentalitatea edukitzea ezinbestekoa dela iruditzen zait. Galtzeko prest egotea. Konformismoa eta lozorroan gelditzea dira telebista publikoaren akats handienak. Konformismoa nekagarria da eta ikusleak nekatzen ditu. Konformismoak, aspaldiko arauak berrezartzen ditu, motibazioa itzaltzen.
Duela aste batzuk etorkizuneko telebistari buruzko konferentzia batean izan nintzen eta telebista publikoaren aldarrikatzaile moduan azaldu zen esatari batek honokoa esan zuen: iristea baino hobeto da bidean aurrera jarraitzea. Are gehiago, inoiz ez ginateke iritsi behar, bidea egiten jarraitu behar dugu. Egiten dugun hori egunero hobetzeko eta diru publikoa inteligentziaz erabiltzeko erantzukizun hori betetzeko bidaia horretan aurrera jarraitzeaz ari zen hain zuen.