Sonia Gonzalez - Idazlea
Ai, Silveira, Silveiraaaa, badakizu estimatzen zaitudala, eta estimatzen zaitudalako diotsut: zelan otu zaizu EiTBren kontra egitea? Ai, oi, ene! Zeinen eta EiTBren kontra, euskaldun guztion irrati-telebistaren kontra, Euskal Herriko kalitaterik handienekoa, pluralena, entzule-ikusleongan gehien pentsatzen duena, herrikoena, zabalena... publikoena!
Ez zara kargutzen pertsonaje publikoek ez dutela horrelakorik egiten? Zuk atzo esan legez, denok desfilatu dugu inoiz hortik, berdin telebistan edo irratian, eta beste txapelketaren bat irabazten baduzu edo bertsolariek egiten dituzuen gauzak egiten dituzula, berriro desfilatu gura baduzu, ez zenuke horrelakorik egin beharko, txotxo!
EiTB kalitateko irrati-telebista da. Ala zu zara herri honetako bakarra ditxosozko Qualitatezko Q hori «irabazi» dutela ez dakiena? Eta, Xabier maittie, herri honetan kalitateko irratirik edo telebistarik badago, hori EiTB da. Edo zer egingo genuke geure bizitzan, adibidez, irratsaio hasieran, amaieran eta tartean etengabe kateatzen diren anuntzio horiek guztiak entzungo ez bagenitu. Pentsa ondo, egunean publizitateak orduak ere bete ditzake gure EiTB publiko horretan, eta, horrela ez balitz, denetarik ideiarik ez daukaten tertulianoak ordu gehiagotan entzun beharko genituen goizetan; edo, akaso, Joxeina Etxeberriaren super-martxa super-txupiguaya ordu bi gehiagoz agoantatu beharko genuen arratsaldean.
Edo zer egingo genuke euskaldunok ETB-1 barik? Mundu guztiak dakienez, eta zuk ere ondo dakizunez (eta ez diot bertsolaria zarelako, ejem), euskaldunon kosmobisioa folklorera, futbolera eta Goenkalera murrizten da. Beraz, gure euskal mundu atabiko eta murritz honekin bat egiten duen telebista edukitzeagatik eskerrak eman beharko genituzke, jainkoari edo partiduari edo biei.
Gainera, ez didazu ukatuko, laztana, EiTBren diru kontuak ondo saneaturik daudela. Hori bai enpresa! herri honetako beste enpresa guztiek jarraitu beharreko adibidea. Hori bai kudeaketa, hori bai kalitatea! Ez duzu langile bat bera ere topatuko pozik ez dagoenik, edo, behintzat, hala esango duenik. Eta horretan, zin dagizut, ez dauka zerikusirik plantilla erdia bekario edo autonomo moduan dagoenik edo beste erdia azpi kontratetan aritzen denik.
Bueno, Silveira, egongo gara, EiTBko plato edo estudio batean ez, seguru, gu jadanik ez garelako herri honen interesekoak. Eta EiTBko agintariok, artikulu hau ere pasabideetatik eskegi dezakezue, bertako langileen eskarmenturako edo, zuek jakingo duzue.