Atzo Gasteizko Parlamentuko EITBren Kontrolerako Batzordean hiru Legez Besteko Proposamen garrantzitsu eztabaidatu dira. Horietako bat EHBILDUK aurkeztutakoa, EITBko langile guztiei 2010ean kendutako %5a itzultzearena. Epaitegiek Euskal Telebistako langileei soldata murriztea legez kontrakotzat jo zuten, eta neurria EITB Taldeko langile guztiei zabaltzea eskatzen zuen. Proposamena ez da aurrera atera, eta PNVk eta PSEk euren botoak berriro ere batu egin dituzte justiziaren eta epaitegien kontra, soldata murrizketei eutsiz.
PSOEk PNVrekin 2010 urtean aurrera atera zuen Estatuko Administrazioetako langileei soldata %5a murrizteko dekretua; PSEk murrizketa EAEko enpresa publikoetako langileei hedatu zien. Langile publikoen soldatekin bankuen zorra ordaintzea zuten helburu. Oraingoan berriro ere, politikariek (eta hau ez da "Madrildik eratorritako murrizketa" izan) legea egin ondoren, epaileen gonaren azpian ezkutatu dira erantzukizuna gainetik kendu nahian, "sententziak bete daitezela" besterik gabe eskatuz. Gaurko eztabaidan askotan errepikatu den aitzakia da hori, eta aurrera atera den testuak, justiziaren gizalegearen gainetik jarri nahi ditu berbakeria juridikoak: "sententziak dioena bete dadila eta hura nola gauzatu, langileekin negozia dadila".
EHBILDUk azaldu bezala, eskakizun hauxe bera epaiak ezagutu aurretik defendatu zuen koalizioak parlamentuan, 2014ko abenduan, eta denborak arrazoia eman dio (langileoi ere bai, noski). Soldata murrizketa legez kontra hartu zela eta denbora pasatzen uzteak kalte besterik ez zuela ekarriko. Bereizkeria dakarrela EITBko langileen artean, eta oraindik ez dugula entzun EITBko Zuzendaritzaren aldetik zein Eusko Jaurlaritzaren aldetik zentzuzko argudiorik. Eskertzekoa da EITBko langileon eskubideen alde egin duen defentsa, baita proposamena EAEko enpresa publiko guztietako langileei zabaltzea ere.
PNVk zein PSEk behin eta berriro errepikatu duten beste aitzakia "segurtasun juridikoarena" izan da, hain zuzen ere murrizketak egiteko garaian kontutan inoiz hartu ez dutena. Maiatzaren 30eko administrazio kontseiluaren bileran adostutako testu antzu bera berretsi dute. Lotsagarria.
LAB mobilizatu egin zen atzo ere. Gainontzeko sindikatuekin adosten saiatu bagara ere, azkenean bakarrik egin behar izan dugu elkarretaratzea Parlamentuaren aurrean. Apirilean eta Maiatzeko Administrazio Kontseiluaren bilerak zirela eta mobilizatu ginen; Maiatzean zehar ere hiru lantokien aurrean egindako elkarretaratzeetan; gaur 7an eta 16an epaitegietara ere joko dugu; eta berriro deitzen dugu ostiral honetan 10ean, Eusko Irratian, EITBNETen eta EITBn deitutako lanuzteetan parte hartzera.
Oraingoan ere LAB bakarrik mobilizatu da