EITBko Administrazio Kontseiluak atzo egindako bileran 2010ean EAEko sektore publikoko langileentzako agindu zen %5aren soldata murrizketa atzera botatzeko proposamena aurkeztu du LABeko ordezkariak. Epaitegiek ETBko kasuan legez kontrako murrizketa izan zela onartu dutela kontutan hartuta, hain zuzen ere EITBko gainontzeko langileei soldata lapurtzen ez jarraitzea eta epaitegietan jarrita dauden salaketei kontra ez egitea proposatzen zen. Horren aurrean PNVk eta PSEk esaldi ezin ponpoxoagoa eta antzuagoa bezain tranpatia adostu dute, laburrago esanda «legea bete dadila». Hauxe da Administrazio Kontseiluak onartutako testua:
«Administrazio Kontseiluak EITB Taldeko Zuzendaritza Orokorrari eskatzen dio onartu eta bete ditzala epaileen sententziak, 3/2010 Legea ezartzearen ondoriozko lansarien deskontuei buruzkoak, eta zaindu dezala lansarien oreka, EITB Taldeko langile guztien lansarien politiketako arrazoizkotasun printzipioak jarraituz.»
Bileraren aurretik elkarretaratzea egin dugu EITBko langileok, langile batzorde guztiek eta sindikatu guztiek deituta, eta bertaratu diren administrazio kontseiluko kideei aldarrikapenak helarazi dizkiegu berriro ere. Hots, EITBko langile guztioi soldata murrizketa etetea, kendutako soldata itzultzea, eta sindikatuok epaitegietan jarri ditugun salaketei aurre ez egitea Zuzendaritzak. Bozketan PNVko, PSEko, Eusko Ikaskuntzako eta Kontsumitzaileen Elkarteko kideek eta Zuzendari Nagusiak bat egin dute testu alternatiboaren alde, epaiak atera arte murrizketekin jarraitzea erabaki dute alegia.
Bidegabekeria honen aurrean EITBko LABek zera dio, berresten dugu borroka molde guztiei helduko diegula: borroka sindikala, juridikoa eta instituzionala, inoiz baina argiago hurrenkera horretan.
- Administrazio Kontseiluaren osaketa ezagututa, egin beharreko bidea zaila zela bagenekien. Interes partidistak gailendu dira batetik, eta aldeko postura ebatsita ere, Jaurlaritzari egin beharreko interpelazioa izango zen. PNVk ez luke halako eskakizunik onartuko, gainera kontutan edukita halako erabaki batek EAEko enpresa publiko guztiei eragingo ziela. Nahiago du langileei soldata lapurtzen jarraitzea AHTri edo bankuei ematen jarraitzeko.
- «Epaileen sententziak betetzea» edota «legea bete dadila» bezalako adierazpenak alderdi batzuen aldetik entzuten ditugunean higuina sartzen zaigu. Legeak egin, eta erantzukizuna epaileei eman. Horrela ulertzen da xake partida: PSOEk soldata murrizketa Administrazioetako langileentzako agindu; PSEk EAEko sektore publiko osora zabaldu; eta PNVk murrizketari gustura eutsi.
- Halere LABek ez dio etsiko. Astelehena 6an Gasteizko parlamentuan Legez Besteko Proposamena eztabaidatuko da Batzordean, eta horko xake taulako indar erlazioak zer emango duen ikusiko dugu. Biharamunean, 7an, Eusko Irratiaren soldata murrizketaren kontrako salaketaren epaiketa egingo da, eta 16an EITBNETekoa. Seguruenik epaitegian ez direla mahai joko horietan arituko.
Etxe barrurako bitxikeria bat, Administrazio Kontseiluak onartutako testuak «... zaindu dezala lansarien oreka, EITB Taldeko langile guztien lansarien politiketako arrazoizkotasun printzipioak jarraituz» jasotzen duenean. “Arrazoizkotasun” printzipioaren anbiguotasun horrek zer adierazi nahi duen ez dugu garbi, “legezkotasun” printzipioaren aurrean. Gogoratu beharra dago EITBko Zuzendari Nagusiak ez zuela ETBren kasuko sententzia zorrozki bete eta zuzendaritza taldeko kideei, murrizketa kendu ziela. Eusko Jaurlaritzak kontrako agindua eman behar izan du murrizketa hori mantendu araziz. Ortuzarrek, Suriok eta Iturbek sustatutako gestore sistema hori bertan behera uztea exijitzen du LABek berriro, eta langile guztiak lan hitzarmenaren babespera itzultzea.
Argi dugu patronala eta gobernu (ez)berdinek sustatzen dituzten politikak lan eskubideak defendatzeko bideak mozten ari direla eta gero eta argiagoa dela borroka sindikala dela bidea. Hori dela eta, datorren ekainaren 6a astelehenean 13:00etan Batzordea bilduko den Gasteizko parlamentuaren aurrean egingo den kontzentraziora dei egiten dugu; eta ekainaren 10ean Eusko Irratian, EITBNETen eta EITBn deituta dauden lanuzteetarako deia bultzatzen dugu EITBko LABetik.
Langileen ordezkariek aldarrikapenak Administrazio Kontseiluko kideei luzatu dizkiete.
LABek berriro salatu du kontratazio politikak sortzen duen prekarietatea eta Pertsonal Zuzendariaren kargu-uztea exijitu.
Bestalde, gogoratu aste honetan LAB sindikatua prekarietatearen kontra eramaten ari den dinamikaren barruan gaur bertan mobilizazioak daudela zerbitzu publikoetan. Gasteizen eta Donostian goizean zehar mobilizazioak daude, eta Bilbon arratsaldeko 17:30etan EITBtik bertatik abiatuko da mobilizazioa.
2016ko maiatzaren 31n