Hemen zaude

EITBko LABek Argia eta Axier Lopezi elkartasuna eta babesa adierazten die Mozal Legea pairatu duten egunean

EITBko LABek Argia eta Axier Lopezi elkartasuna eta babesa adierazten die Mozal Legea pairatu duten egunean. Ez du onartzen eta ez du onartuko komunikabideetako langileengan inolako presiorik eta zigorrik ezartzea, ez EITBn ez inon, are gutxiago edozein gobernu edo administrazioetatik baldin badator.

Informatzeagatik ARGIA zigortu du Espainiako Gobernuak, Mozal Legea baliatuz

  • ARGIAko kazetari bat zigortu dute Mozal Legea aplikatuz eta 601 euroko isuna ezarri diote kazetaritza lana egiteagatik. Espainiako Gobernuak Gipuzkoan duen ordezkariordearen izenean heldu den salaketak jasotzen duenez, “baimenik gabe” polizia operazio baten irudiak sareratu zituen Axier Lopez kazetariak. Lege hau horrela aplikatuta, Euskal Herriko kazetari bati jartzen dioten lehen zigorra da.

 

Axier Lopez kazetariak "baimenik gabe" polizia operazioaren irudiak sareratu zituela dio salaketak.

Naroa Ariznabarreta Eibarren atxilotu zuten uneko argazkia da zigorra eragin duena. Axier Lopezek martxoaren 3an sareratu zuen, atxiloketa gertatu zen unean. Ariznabarretak uko egin zion epaitua izateari 2007an Segiren ilegalizazioa salatzeko A8 autopista moztu izanagatik. ARGIAk gazte hauen desobedientzia ariketaren gertuko jarraipena egin zuen, eta Lopez buru-belarri ibili zen jardun horretan, besteren artean.

“Herritarren segurtasunerako 4/2015 Lege Organikoa” erabili du Espainiako Gobernuaren ordezkariak zigorra justifikatzeko, Euskal Herriko eta Espainiako Estatuko herri mugimenduaren eta oposizio politiko osoaren aurkakotasuna eragin duen “Mozal Legea”.

“Eibarren aurrera eramandako polizia operazioaren irudiak sareratu zituen salatuak @axierL bere Twitter kontuan, inongo baimenik gabe. Irudi horiei esker operazioan parte hartu zuten agenteak identifika daitezke, funtzionario hauentzat identifikazio publikoak dakarren arriskuarekin”, dio salaketak.

601 euroko isuna ezarri diote kazetariari azpiko txio honen bidez atxiloketaren uneaz informatzeagatik.

 

Aurretik ere mehatxuak informazio eskubideari

Mozal Legea urratzearren Espainiako Gobernuak Ahotsa.info mehatxatu zuen azaroan. Agerkari digitalera bidalitako oharrean, Sanferminetan publikaturiko albiste batean agenteen irudiak agertzen zirela azpimarratzen zuen Espainiako Poliziak. Carmen Alba ordezkariak hedabideari abisua bidali zion, gogoraraziz zer zigor dakartzan Poliziaren irudi edo datuak "baimenik gabe" erabiltzeak.

2015eko martxoan, Kazetaritza ez da delitua ekimenaren baitan, Euskal Herriko 400 kazetari Mozal Legearen aurka publikoki agertu ziren.

Mozal Legea ezbaian

Aste honetan Espainiako Parlamentuan oposizioa batu da PPren oinarrizko hiru lege atzera botatzeko: hezkuntzako LOMCE legea, Zigor Kode berria eta Mozal Legea bera.

Eusko Legebiltzarrak 2014ko otsailean Mozal Legea bertan behera uzteko eskatu zuen, alderdi hauen babesarekin: EAJ, EH Bildu, PSE-EE eta UPyD. Bakarrik geratu zen PPk, EAEko parlamentuaren %12 ordezkatzen du.

 

http://www.argia.eus/albistea/mozal-legea-baliatuz-informatzeagatik-argi...