ETBko Erredakzio Kontseiluaren oharra dela eta LABek argi utzi nahi du:
Lehenengo eta behin, LABek ez du, inondik inora ere, langile bakar bat beraren profesionaltasuna, hau da, inoren gaitasuna eta meritua zalantzan jarri. Aldiz, Zuzendaritzak modu sistematikoan jartzen du zalantzan urteak eta urteak lanean ari diren hainbat eta hainbat langile finko zein finko ez direnena.
Aukera berdintasun eza da LABek salatu duena. Sentitzen dugu gaizki ulertu, eta inor minduta sentitu bada. Argi utzi nahi dugu, beraz, ez dela pertsonen kontrako salaketa bat, hau da, kultura, ekonomia, eta gizarte arlo-buruen kontrakoa, baizik eta SISTEMA oso baten kontrakoa.
Sarritan utzi dugu argi sistema horretan errealitate ezberdinak daudela, eta Zuzendaritza dela gestore denak zaku berean sartzen dituena, batzuek pairatzen duten prekarietatea (lan hitzarmenaren minimoak errespetatzen ez zaizkielako, antzinatasuna onartu ere ez…) beste hainbatek poltsikoak betetzeko erabiliz, kontrol publikotik kanpo. Ildo honetan animatu nahi ditugu gestore prekario horiek egoera salatzeko, eta LABek babesa eskaintzen die. Aurrekoan iragarri genuen bezala, informatiboetan finko ez diren gestore kontratuak salatu ditugu, epaiketaren zain dago gaia, eta baliteke halako kasuetan «amortizatu edo plaza bete arteko kontratu mugagabe ez finkoa» bihurtzea. Berriro ere argi utzi nahi dugu lan hitzarmenaren babespean geldituko direla horrela, baina beti ere, lanpostua estrukturala izanez gero deialdi publiko bidez betetzea exijituko dugula.
Hortaz, Albistegietako Zuzendaritza ezberdinek urteetan finkatu eta errotutako sistema horretatik hauxe da salatu gura duguna:
-
Ardura postu guzti-guztiak atzamarrez aukeratzen ditu Zuzendaritzak. Ez dago irizpide objektibo, garden eta publikorik postu horiek emateko, eta ez dago aukera berdintasunik «A» erredaktore kategoria eskuratzeko. Gure iritziz «A» kategoriaren ezaugarriak berraztertu behar dira, eta «C» kategoria desagertu.
-
Ardura postu horietako batzuk gestoreek betetzen dituzte lan hitzarmenetik kanpoko kontratuekin, publikoak ez diren baldintzekin eta, esan bezala, sarritan lan hitzarmenekoak baino eskasagoak izaten dira. Kontutan hartu beharra dago, hain zuzen ere, ardura postu hauek guztiak Lan Hitzarmenaren bidez bete daitezkeela, eta LABen ustez modu hori da zuzena.
-
Erredaktoreen lan poltsan ere ez da langile guztien aukera berdintasuna bermatzen, eta bai langile batzuek bai LABek irregulartasunak salatu izan dituela. Susmo txarrik edukiz gero, gurekin harremanetan jartzea gomendatzen diegu langileei, bidegabekeriak saihesteko. Honekin lotuta, Lan Poltsan ez dauden hainbat kontratatuk salaketa jarri berri dute Lan Poltsaren beraren kontra, eta Zuzendaritzarekin bat eginez, epaileak kontratazio objektibo baten sistema etetea lortu dute.
Honen guzti honen ondorioz, SISTEMA honek ez du bermatzen kazetarien INDEPENDENTZIA. Zaila da Zuzendaritzaren irizpideen kontra egitea norberaren kontratua jokoan dagoenean.
Bestalde, Erredakzio Kontseiluak bere egiten du zuzendaritzaren tesia lan hitzarmenaren barruan dauden kazetari finko askori eskaini izan zaizkiela postuak eta ezetza eman izan dutela esanez. LABek ezin izan du hori kontrastatu. Zuzendaritzaren esana besterik ez da, gardentasun faltaren seinale.
Dena dela, hala izanda ere, ardura postuak boluntarioen artean, beste irizpide objektibo eta publiko barik banatzea ere arbitrarioa da, Zuzendaritzaren esku dagoelako beti azken erabakia, inork ez dakien irizpidearen arabera.
Lan Hitzarmenaren barruan egote hutsak ez du dena bermatzen, jakina, ezta Lan Poltsak berak edota Erredakzio Kontseilu bat egoteak ere. Baina LABen ustez guztiak dira ezinbesteko tresnak benetako erredakzio profesional eta independiente baten norabidean. Ez dugu ulertzen lan hitzarmenari egindako mespretxua, ez bada ikuspegi korporatibista batetik egiten delako.
2016ko martxoaren 18an