Arnaldo Otegi askatu eta ondorengo ekitaldietan gure lankide baten parte hartzeak izan duen oihartzun politiko eta mediatikoaren inguruan, Erredakzio Kontseiluak hauxe adierazi nahi du:
Ez zaigu zilegi iruditzen, Ainhoa Lendinez lankideak beharretik kanpo egindako jarduera ETBren aurkako tresna bezala erabili nahi izana komunikabide zein alderdi politiko zehatz batzuek.
Komunikabideetako profesionalek, beste edozein herritarrek bezala, eskubidea dugu gure lanetik kanpo nahi dugun adierazpen politiko edo sozialekin bat egiteko. Eskubide zibil eta politiko berberak ditugu.
Beste herritarrek bezala, ideia, sinesmen, balioak ditugu, guztiak errespetagarriak; eta beste edozein profesionalek bezala, horiek gure lanarekin ez nahasten ahalegindu behar dugu.
Kazetari baten independentzia bere lanean neurtu behar da, eta ez lanetik kanpo burutu dezakeen jardueretan.
Lehenago ere etxe honetako beste profesional batzuek erakutsi izan dute publikoki bere joera politiko edo soziala; izan dituzte betebeharrak erakunde, elkarte, mugimendu eta alderdietan; aurkeztu izan dituzte erakundeen, elkarteen, alderdi politikoen ekitaldiak. Jarduera horiek orain arte ez dute oihartzun mediatikorik izan, ez eta salaketa politikorik ere. Eta aurrerantzean ere ez genuke onartu beharko inolako esku hartzerik gure lanean.