Hemen zaude

UEMA: M.Lujanbio - «Nola lortzen duen ETB2k euskaldunak euskaldunak erdaraz entzuten jartzea!»

Maialen Lujanbiok Euskadi Irratiko Faktoria irratsaioan astero daukan tartean, ETBk euskal hiztunak erdaraz hitz egiten jartzearen inguruan hitz egin du gaur. Izan ere, atzo, iaz udalerri euskaldunetako hainbat kirolari eta kulturgilek egindako eskaerari muzin eginez, beste behin ere gazteleraz hitz eginarazi zien udalerri euskaldunetako herritarrei ETBk, itsasoak eragindako kalteei buruzko albisteetan.

Honakoa da gaur Maialen Lujanbiok irakurritako testua.

Audioa irudiaren gainean klik eginda entzun daiteke, eitb.eus webgunean.

maialen

Egunotakoa bezalako itsas denborale batean izan zen, iaz. Hor lehertu zen itsasokoa ez ezik, beste olatu bat: kritika bat EITBri. ETB2ri zehazki. Enbataren notizia jarraitzeko zuzeneko konexioetan lortu baitzuen bere funtzio publikoaren gailurra: kostaldeko herrietako euskaldunak beretzat gazteleraz hizketan jartzea. Olatuak baretu zirenean, kritika hark utzi zuen bere sedimentua. Handik gutxira azaldu zuen EITBk euskaldunen hitzak euskaraz emitituko zituela erdal katean ere, gauza bera elebitan esanarazi gabe. 

Baina hemen da berriz olatu zaharren aroa, eta urak bere bidera bezala entzun ditugu berriz zarauztarrak edo bermeotarrak gaztelera jatorrean. 18 elkarrizketatuetatik 2 euskaraz, atzoko Teleberrian. Komunikabide elebidunek euskara nola, norekin eta zertarako erabiltzen duten (bai Onda Vascan, edo Garan…) gai horrek badu mamia, baina denen artean inork izatekotan medio publikoak luke ardurarik handiena.

Hor dugu, adibidez, El Conquistador saio sonatua. Beste gaitz askoren artean hau ere baduena. Partaideak asko dira euskal hiztunak. Ikus-entzuleak ere asko eta asko euskaldunak. Eta nola lortzen duen ETB2k euskaldunak euskaldunak erdaraz entzuten jartzea!

Ez da hizkuntza kontua bakarrik. Mundu erreferentzia kontua ere bada. ETB2ko lehiaketan aurrera egiteko, adibidez, jakin behar duzu, “¿Cómo se dice en Murcia…?” edo bi aukera hauetan zein den zuzena: “Belen Esteban o Kiko Rivera”.

Eta ez da mundu erreferentziala bakarrik. Ahoskera ere bada. Betiko aurkezleak, oraindik, Zaraitzu esan ezinda sumatzea. Eta ahoskera, hurbiltasuna da, eta errespetua.

Ez da, gainera, ahoskera kontua bakarrik. Ikuspuntua ere bada. Non duzun ardatza. Ze Reyes Pradok, adibidez, ahoskera dotore askoa du euskaraz. Baina beti paradoxa berean kateatzen dute: Andaluziatik euskaldunei begira. Bart ikusi berri dugu inauterietan, Zalgizeko dantzariei sevillanak erakusten, eta Mixel Etxekoparri “zuen euskalki berezi hori” esaten. Alegia, ikusleok aurkezlearekin identifikatuta, eta euskaldun jendea aborigen, exotiko, aztergai. Sevilla etxekotu eta Zalgize arrotz egin.

Ocho apellidos vascos haren albo-kalteak dira oraindik. Todos los apellidos vascos delako saio hori bezala. Hor abizenak ez dira arazoa. Abizen horiek norenak diren da kontua: Boris Izagirre, Willy Toledo… Horiek dira euskal herritarrentzat intereseko eta erreferentziazko pertsonak? Baietz esango didate. Horiek direla Euskadi errealeko erreferentziak. Eta izan, seguru asko izango dira. Besterik da EITBk hori elikatu behar duen. Mundua ez dela Euskal Herrian bukatzen esango didate. Ireki egin behar dela mundura. Eta ados. Zabal gaitezen: Kanadara, Madagaskarra, Indiara, mundura… Ekar ditzagun elkarrizketatuak mundutik. Ez baitago gauza itxiagorik, mundu Espainiari deitzea baino. Eta EITB Euskal Herriko erdaldunei mundua euskaraz edo euskararantz behintzat erakusten ari ordez gehiegitan ari zaigu euskaldunoi mundua delakoan Espainia erakusten.

UEMA.EUS