Eusko Jaurlaritzak 2016-2019ko eperako EITBren kontratu-programa onartu zuen atzo, eta, horren arabera, datozen lau urteetan 473,1 milioi euro emango dizkio irrati-telebista publikoari. Aurten, Jaurlaritzak 115,7 milioi emango dizkio EITBri —2014an 107,63 milioi eman zizkion, eta 2015ean, 109,8 milioi—. 2017. urtean 116,7 milioi emango dizkio; 2018an, 119,1 milioi; eta 2019an, 121,6 milioi. Horrenbestez, 2019. urtean 5,9 milioi euro gehiago jasoko ditu EITBk aurten baino.
Kontratu-programaren agirian, EITBri adjudikatzen zaion zerbitzu publikoko helburuak definitzen ditu Jaurlaritzak, eta finantzaketaren jarraibideak ere ezartzen dizkio. Cristina Uriarte Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko kontseilariak Gasteizen eman zituen zerbitzuaren inguruko xehetasunak. «Emandako diru kopuruen helburua da EITBk publizitate salmentatik nahiz kudeaketatik eskura ditzakeen sarreren eta sortutako gastuen arteko desberdintasuna orekatzea», azaldu zuen Uriartek. «Kontratu-programa berriak, batetik, erakunde publikoari ezartzen zaizkion helburuak betetzeko beharrezkoa duen egonkortasuna ematen dio. Eta, bestetik, telebista, irrati eta Internet bidez euskaraz eta gaztelaniaz ari den taldearen zerbitzua definitzen du: jeneralista, askotariko programazio orekatua duena; jasangarria, finantzaketa publikoarekin eta diru sarrera osagarriekin; eta arduratsua, kudeaketa gardena eginez».
Kontratu programak zerbitzu publikoaren kontzeptuan egin du azpimarra, Jaurlaritzaren arabera. Zerbitzu horren xedeak zeintzuk diren azaltzen dira agirian: batetik, «kalitatezko» informazioa bermatzea, errealitatea «zintzo» islatuko duten edukiekin, «erreferentziazko» informazio-iturrietan kontrastatua eta profesional talde batek landua. Profesionalen jarduna «egia, askatasuna, pluraltasuna eta giza eskubideak defendatzera» bideratua izango da. Bestetik, euskara eta gizarte gero eta elebidunagoa sustatu beharko ditu EITBk. Eremu sozial ezberdinetan euskaraz egin eta garatutako edukien, sorkuntza lanen eta jardueren zabalpena sustatuko duela jasotzen du testuak. Emanaldietan «errealitate sozial elebiduna» islatuko du, eta elebitasunaren balioa agerian jartzeko lana egingo du, gizartearen «ekitatea, kohesioa eta modernitatea» sortzeko elementu gisa.
Era berean, euskal kulturaren zabalkundearekin eta kirolaren sustapenarekin duen konpromisoa jasotzen du kontratu-programak. Helburuen artean daude, halaber, ikus-entzunezko industria sustatzea, kohesio sozialerako plataforma izatea, herritar guztientzako informazio-gizartea sustatzea, euskal erakundeek onartutako Bake eta Bizikidetza Planarekin konpromisoz jokatzea eta normalizaziorako eta aurrerabiderako erakunde planen garapenean parte hartzea.
PSE-EEren iritziz, Jaurlaritzak EITBrentzat «porrot» egin duen eredu bat egonkortzea proposatu du. «Aurrekontuak 2019ra arte zehaztu dituzte, beste gobernu bat eta EITBko beste zuzendaritza bat daudenerako», kritikatu du Mikel Unzalu legebiltzarkideak.