Hemen zaude

Euskara EITBn ere zure ESKUbidea!

LABek Behatokiarekin elkarlanean, urritik abenduaren 31 arte iraungo duen ekintza sindikal bat jarriko du martxan: Euskara zure ESKUbidea kanpaina, EITBn ere sustatuko duguna.

 

b_345_191_16777215_0___materiala_argazkiak_Arloak_euskara_15_12_03_euskaraAbenduak3.png

 

Helburua: lan munduan ere euskaraz aritzeko eskubidea dugula jabetzea/aldarrikatzea. Kanpaina honetan, gure enpresan gertatzen diren hizkuntza eskubide urraketak salatuko ditugu. Salaketa horiek Behatokiari bidaliko zaizkio, eta hura enpresarekin harremanetan jarriko da egon diren salaketen berri eman eta irtenbidea jartzeko eskatzeko. Salaketa nork egin duen konfidentziala izango da. Kanpaina amaieran Behatokiak txosten bat argitara emango du kanpainaren emaitzak jakinarazteko eta Euskal Herriko enpresetan hizkuntza eskubidearen gaia nola dagoen azaltzeko.

Bi hilabete hauetan, langileria, jasaten dituen hizkuntza urraketak salatzera animatzen dugu. Hau da, lanean euskaraz aritzeko ditugun trabak salatzera.

Salaketa horiek Behatokira bidaltzeko modu hauek eskaintzen dizkizugu:

Salaketa orrian datu pertsonalak idatzi behar dira, baina hori Behatokirako bakarrik da, esan bezala enpresak ez du inoiz jakingo nork jarri duen salaketa.

Emaitzak kaleratzen direnean, gure ardura izango da langileriari kanpainan zehar EITBn jaso diren salaketan berri ematea eta horri jarraipena egitea. Eta era berean, aurrera begira ere, Behatokiaren figurak hor jarraitzen duela eta edozein hizkuntza urraketa salatu egin behar dela gogoraraztea. Kanpaina amaituta ere jendeak salaketak jartzen jarrai dezakeela alegia.

Adibide gisa: Zeintzuk izan daitezke hizkuntza urraketak?

  • Lan egiteko baliabideak soilik gaztelaniaz egotea (softwareak, aktak, idazkiak...)
  • Enpresak soilik gaztelania erabiltzea langileekin - komunikatzeko
  • Lan bilerak (lana bera ere) gaztelania hutsez egitea
  • Paisaia linguistikoa (kartelak, seinalizazioa...) gaztelaniaz egotea
  • Produktore eta subkontratekiko harremanetarako hizkuntza irizpiderik ez egotea eta abar

PARTE HARTZERA ANIMATZEN ZAITUGU!!

ABENDUAK 3. Lan mundua euskalduntzeko langileen parte hartzea ezinbestekoa da

 

b_345_191_16777215_0___materiala_argazkiak_Arloak_euskara_15_12_03_euskaraAbenduak3.png

 

Euskararen nazioarteko eguna da gaur, abenduak 3, eta testuinguru honetan lan munduari arreta gehiago jartzea eskatu nahi dugu. Izan ere, bestelako eremu batzuetan euskara normalizatzeko hainbat urrats eman badira ere, lan mundua euskalduntzeko indarrean dauden Hizkuntza Politikak antzuak dira. Azpimarratu nahi dugu, era berean, bestelako eremuetan aurrera egin bada, herritarren konpromiso zein herri ekimenei esker izan dela. LABen iritziz lan mundua euskalduntzeko, langileon parte hartzea kontuan izango duen eredu demokratikoa ezinbestekoa dugu. 

Zergatik?

• Langileak baztertuz, ez dagoelako lan mundua euskalduntzerik.
• Borondate politikorik gabe, antzuak direlako proiektu pilotuak.
• Egun dauden baldintzak edota bitartekoak aldatu gabe, ezinezkoa delako lan mundua euskalduntzea.
• Patronalak eta Instituzioek lan erreformaren ondorioak babesten dituzte, eta testuinguru horretan ezinezko da lana euskaraz egitea. 
• Elebitasun orekatua ezinezkoa delako.
• Administrazio publikoa euskalduntzeko erabaki politikoak hartu behar direlako.
• Lanbide Heziketan B eredua bultzatuz edota unibertsitatean euskaraz ezin bada ikasi ez delako euskaldunduko lan mundua.
• Itxurakeria hutsa delako euskaldun berriak omentzea, euskararen ezagutza unibertsalizatzeari muzin egiten zaion bitartean. 
• Jaiolekuaren arabera herritarrak hizkuntza-eskubide gabetzen dituen legea indarrean dagoen bitartean, bidean oztopo ugari izango ditugulako.
• Dirulaguntzetan euskarari ematen zaion pizarrekin, ezinezkoa delako erdaraz eraiki zen lan mundua, euskaraz eraldatzea.
• Ezinezkoa delako euskararen normalizazioa politikatik at edota konfrontazio esparruetatik kanpo uztea, hori bera politika egitea baita. 

Azken urteetan aldatu den bakarra pertsonak izan dira, baina sistema da aldatu beharreakoa, lan mundua euskaldunduko bada.

Eta honen aurrean, zer? Lan mundua euskalduntzeko eredu demokratikoa

Abiapuntutik, langileen parte hartzea bermatu behar da, langileok baikara lan munduko subjektu eta eragile. Zentzu horretan, langileon artean eta lan mundua osatzen duten subjektu guztien arteko aliantzak edota elkarlana ezinbestekoa dela uste dugu, beti ere, praktikara bideraturiko konpromiso zehatzen baitan. 

Langileon hizkuntza eskubideen aitortza ezinbestekoa da gure hizkuntza hautua modu librean egin ahal izateko. Are gehiago legeak behar ditugu. Lan munduaren euskalduntzea araubidean jartzea ezinbestekoa da, borondatearen gainetik, guztion eskubideak bermatu ahal izateko. Horrez gain Euskal Herri osorako, baina tokian tokiko berezitasunei erantzungo dion Hizkuntza Politika eragingarriak behar ditugu, hizkuntza eskubideak aitortu ez ezik, garatu ahal izateko. Horretarako, ordea, lan munduan euskarak bizi duen errealitatearen azterketa egitea premiazkoa da.

Lan mundua euskaldundu nahi badugu plangintza eraginkorrak beharko ditugu, helburuak betetzen direla ziurtatu eta beharrezkoak diren bitartekoak bermatzeko modu planifikatu, sistematiko eta ordenatuan. Eta amaitzeko euskara herritarron altxorra dela esatearekin batera, belaunaldiz belaunaldiko transmisioa, berrikuntza etengabea eta hizkuntza bizia dela bermatzeko, euskarak inbertsioa izan behar du, zentzu kualitatibo eta kuantitatiboan, eta ez gara diruaz bakarrik hitz egiten ari.

Alternatibak baditugu eta sistema aldatzera goaz! 

Alternatiba sozioekonomikoen baitan, euskara zentralitatea hartzen ari da. Izan ere, herriak zein pertsonak erdigunean kokatuko dituen eredu sozial berriak herritarron hizkuntza eskubideak bermatu beharko ditu. Horrela dator jasota Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartan. Horrez gain lan mundua euskalduntzeko hamaika borroka martxan dira lan zentroetan, txikitik handira lan mundua euskalduntzen ari direnak. Langileon artean, lan mundua euskalduntzearen aldeko jarrera hegemonikoa izatea lortu behar dugu.

LABek lan mundua euskalduntzeko ildo estrategiko berria eguneratu eta Ekintza Sindikalean integratzeko erronkari eutsi dio. Zentzu horretan, “Euskara, zure eskubideak” kanpaina aipatu nahi dugu. Kanpaina honen helburuak, langileok hizkuntza eskubideen kontzientzia hartzea, lan zentroan urratzen dizkiguten eskubideak salatzea eta langileon inplikazioa lortzea dira.

Zentzu honetan, abenduaren 3an euskal langileria deitu nahi dugu lan munduan urratzen zaizkion hizkuntza eskubideak salatzera. Horretarako, lan zentroetako LABeko kideekin harremanetan jarri edota sartu salaketa ELEBIDE eta BEHATOKIAN, Akuilari aplikazio berria erabiliz. 

http://www.lab.eus/eu/arloak/euskara/386-abenduak-3/4800-abenduak-3-lan-...