Hemen zaude

J. AMEZAGA: 'Barrura begiratzeko leihoak', Jaurlaritza, ETB

Dena da eztabaidagai, denok gara eztabaidatzeko gai». Jurgen Habermasen esaldi honekin abiatzen zen duela aste batzuk EHUko Gizarte eta Komunikazio Zientzietako 64 irakasle eta ikerlarik sinatu genuen testua. Bertan, Barrura begiratzeko leihoak filma eman izanagatik EITB pairatzen ari zen kritikak ikusirik, komunikabide publikoek eztabaida soziala bultzatzeko duten betebeharra aldarrikatzen genuen. Filosofo alemanaren esanetan, komunikazioa da pertsonen arteko adostasun jatorra ehuntzeko bide bakarra, eta komunikazioa zinez gerta dadin ekidin egin behar da gai batzuk eztabaidatik ezabatzea, ahots batzuk isilaraztea bezainbeste. Zentzu horretan, EITBk aipatu filma eman izana komunikabide publikoek gizarteari egin diezaioketen ekarpen eraikitzailearen adibide gisa ulertu behar dugu.

Polemika Eusko Legebiltzarrera iritsi da, lehendakariari eginiko galdera baten bidez lehenik, eta EITBren kontrol saio batean bigarrenik. Lehenengoak berez sortzen du harridura. Izan ere, munduko leku gutxitan sentituko da gobernuburu bat telebista publikoan emandako film batengatik azalpenak ematera behartuta. Areago, agintari gorenak programa bati buruzko iritzia emate hutsa injerentzia onartezintzat joko litzateke komunikabideen zerbitzu publikoko tradizio luzea duten herrialdeetan. Zinez, ez dut imajinatzen David Cameron BBCn emandako dokumental bati buruzko azalpenak ematen, non eta Westminsterren. Hain urrunera joan gabe ere, gure legediak oso argi uzten du nork dituen EITBren gaineko programazioaren azken ardura eta erantzukizuna: Administrazio Batzordeak, eta haren buru den Zuzendari Orokorrak. Bata zein bestea legebiltzarrak aukeratzen eta kentzen ditu. Eta haien gaineko lanaren jarraipena legebiltzarrak berak propio sortua duen kontrol batzordeak egin behar du, ez Jaurlaritzak. Egituraketa hori da komunikabide publikoek legez zaindu behar duten inpartzialtasuna bermatu beharko lukeena, unean uneko gobernu osaketatik askatuz. Beste kontu bat da, oso kezkagarria, arrazoi historikoengatik guri ohikoa iruditzea gobernuak zeresana izatea EITBren edukietan; gobernu aldaketa bakoitzarekin EITBko Zuzendari Orokorra ez ezik hortik hasi eta azken erredaktorearenganaino doan hierarkiako maila gehienak aldatzea ohikoa iruditzen zaigun bezala. Ohitua gaude, bai; baina ikuspuntu demokratiko batetik, gobernua eta medio publikoen arteko lotura hori ez da ona.

Nire harridura, beraz, hor hasten da: nolatan talde parlamentario batek galde diezaiokeen Lehendakariari emititutako programa bati buruz, eta nolatan honek bere burua erantzutera behartuta ikusten duen.

Lehendakariak emandako erantzunaz, interpretazio ezberdinak egin daitezke. Batetik, argi uzten du aniztasunak lekua eduki behar duela EITBn, nahiz eta gustukoak ez ditugun iritziak entzun. Horraino, nire aburuz, txalotu baino ezin liteke egin lehendakariaren interbentzioa. Bestetik, ordea, filmaren edukietan sartzen da, eta eman izanaren —edo emateko moduaren— egokitasuna zalantzan jarri. Eta hemen ez dagokion zeregin batera sartzen da.

Azken ildo hori EITBko zuzendari orokorrak berak kontrol saioan emandako azalpenekin batzen da: alegia, filma testuinguru batean kokatu behar zela emana izateko, eta hori egin ezean agian modu desegokian jokatu zela. Hemen eztabaida luze bezain katramilatsu batean sar gaitezke: zer da testuinguruan kokatzea, eta nork kokatu behar du? Film hori testuinguru batean kokatu beharko litzatekeen bezala, gainerako edukiak ere (arazoak konpontzeko indarkeria estrategia eraginkorra dela erakusten diguten eguneroko filmak adibidez) testuinguruan kokatu beharko lirateke? Testuinguruan kokatzeko, azaldu beharko ote litzateke film honetan agertzen diren pertsona batzuk ETAko militante gisa zigortu zirela, beste bat egunkari bateko administrazio kontseiluko kide izateagatik 6 urtez espetxean egon dela, eta beste bat espetxea ezagutu ostean absolbitua izan zela? Testuingurua konplexua da, izan ere, eta hain zuzen komunikabideek paper garrantzitsua joka dezakete berori argitzen. Arazoa da zerbait testuinguruan jartzeak zeure burua kokatzera behartzen zaituela, eta inpartzialtasuna mantendu beharko lukeen medio batentzat hori arriskutsua da: beti egongo da kokapen hori batera edo bestera ekarri nahi izango duenik. Horregatik, agian, zuzenena zera litzateke: ahots guztiei lekua egin, eta ikusleek koka dezaten ikusitakoa beren testuinguruan.

Komunikabideak kokapen batera edo bestera eraman nahi izate horretan dago oraingo eztabaidaren gakoa. Arazoa komunikabide publikoen gainean jarri nahi den presioan dago, norabide batera edo bestera jo dezaten, eta horretarako hau bezalako polemikak eragiten dira, hurrengo baterako jokabideak baldintzatuko direlakoan. Gehiegizko presioa eta eskuhartzea izan dira EITBren gainean azken hamarkadetan, eta leku guztietatik. Gauzak horrela, erakundeen eginkizuna medio publikoetako eduki eta iritzien aniztasuna blindatzea baino ezin da izan, zentzunak halaxe eskatzen dutelako. Eta komunikabide publikoen egitekoa, Habermasek aldarrikatzen duen komunikazio egoera ideala gauzatzeko tresna izatea. Komunikazio jator horrek soilik ahalbidetuko baitigu hain beharrezkoak ditugun gutxieneko adostasunak eraikitzea.

 
Josu Amezaga - EHUko irakaslea