EITBko administrazio kontseiluko kideen bi hereneko gehiengoa behar da aurrekontuak onartzeko. Atzo, 2016ko aurrekontuen alde bozkatu zuten Maite Iturbe zuzendari nagusiak, EAJko sei ordezkariek, Eusko Ikaskuntzakoak, Euskaltzaindikoak eta kontsumitzaile elkartekoak —hamar boto—; EH Bilduko ordezkariak abstenitu egin ziren —hiru—; eta aurka bozkatu zuten PSE-EEko, PPko eta LABeko ordezkariek —hiru—. Ez zuen, beraz, kontseiluak aurrekontua onartu, baina bozketa ez da bete beharrekoa, eta aurrekontuek aurrera jarraituko dute bidea. 2016ko aurrekontua 129,8 milioi eurokoa izango da, aurtengoa baino 4,1 milioi euro handiagoa; ustiapen aurrekontuak 5,1 milioi euro gehiago izango dira. EITBk 2016rako 15,5 milioi euroko sarrera propioak espero ditu, aurten baino %5,44 gehiago. PSE-EEk kritikatu du Jaurlaritzak EITBri emango dion diru kopurua %4 handituko dela, «Osakidetza bezalako beharrezko zerbitzuentzat igoera txikiagoa den bitartean». Sozialistek diote legebiltzarrak baztertu duen kudeaketa eredu bat «egonkortuko» duela diru gehiago emateak.