Bidegi auziaren inguruko albistea ez eman eta gero, Gipuzkoako Foru Aldundiak ETB1en emandako «zentsura» salatu du. Honen harira, «interes publikoari erantzuten dion» telebista publiko baten beharra azpimarratu dute.
Gipuzkoako Foru Aldundiak ETB 1ek Bidegi auziaren inguruko berria zentsuratu duela salatu du. Aldundiak kasuari buruzko prentsaurrekoa eskaini du gaur 11:30ean. Bertan, jakitera eman dute Arabako Foru Aldundiak jakinarazi duela Bidegik AP-1eko Arabako tartearengatik ordaindutako 10 milioiak egindako lanei ez dagozkiela.
«Funtsezko informazioa da, eta ustezko irregulartasun kasu larri bati dagokiona. Prentsaurrekora ETBko kazetari bat eta kamera bat etorri dira», adierazi du Foru Aldundiak ohar baten bidez. Hala eta guztiz ere, ETB 1ek eguerdiko prentsaurrekoaren berri ez duela eman salatu dute.
Adierazi dutenez, «informazio horri buruzko albistea prest zegoen, baina ez du emititu, eta antza denez, EAJk horretaz ezer ez esan bitartean albistea ez eskaintzea erabaki du ETBk. EAJk adierazpenak egin ondoren, ETB 2k albistea eskaini du».
Honen aurrean zentsura hau salatu dute: «Onartezina da gipuzkoar guztion diruaz ordaindutako telebista publiko batek lurralde osoari eragiten dion informazio bat alderdi politiko baten mesedetan zentsuratzea eta hark ezer esan arte ez eskaintzeko agindua ematea».
Azkenik, herritarron mesedetan eta informatzeko telebista publiko baten beharra nabarmendu dute: »Gipuzkoarrok eta euskal herritarrok benetako telebista publikoa behar dugu, interes publikoari erantzuten diona, eta ez alderdi politiko jakin baten mesedetan erabakiak hartzen dituena».