Atzo Gasteizko parlamentuan gomazko peloten eztabaidaren ondoren sarreran Iñigo Cabacasen gurasoen eta Joseba Egibarren artean izandako hika-mika dela eta, EITBn eman ziren zentsura kasu larriak salatu nahi ditu LABeko sail sindikalak.
Lehen zentsura kasua
jakina den bezala, parlamentuaren egoitzan bertan eman zen. Batetik EAJko parlamentari eta bozeramale den Joseba Egibarrek ETBko kamerariari “hau ez da grabatzen” bota zion. Ondoren, alderdi bereko parlamentari eta hain zuzen EITBko Parlamentuko Kontrol Batzordeko bai eta Administrazio Kontseiluko kide Luke Uribeetxebarriak ere ez grabatzeko “gonbidapena” luzatu zion langileari. Hau da, EAJko bi kide esanguratsuk zer eta non kontatu behar den agintzen aritu ziren.
Bigarren zentsura kasua
EITBn bertan eman zen, eitb.eus atarian. Halakoak gertatzen diren kasu guztietan bezala, istiluaren bideoa eskegi zuten webean. Laster, arduradun batek, bideoa dagoeneko zintzilik zegoela eta sare sozialetan bolo-bolo zebilela eta, kentzea egoki ikusi ez, baina bigarren maila batera pasatzea “eskatu” zion kazetariari. Ez zen hor amaitu presioa, eta norabide horretan dei gehiago jaso ziren EITBNETeko erredakzioan. Kazetariak, baina, zentsurari uko egin, eta zegoen bezala mantentzea erabaki zuen profesionaltasun hutsez.
LABek berriro salatzen du
EiTBn zentsurak indarrean jarraitzen duela. Ez da inondik ere onargarria EAJk Komunikabide Publikoa bere tresna modura erabiltzen jarraitzea, halako agintekeriaz gainera. Ez dugu onartzen ere oraindik ere EITB barruan ematen den kontrola, zentsura zuzena, zeharkakoa eta autozentsura erabiliz, horretarako propio diseinatuta dagoen egitura mantenduz.
LABek proposatzen du
zentsura eta kontrol ideologikoarekin amaitzea noski. Baina halako salaketa egiten dugula lehen aldia ez den bezala, aldaketarik ezean ez da azkena izango. Horretarako EITBk behar duen eredua berriro jendarterekin definitu eta adostu behar delakoan gaude. Eta lehenbailehen hain zuzen informazioa kudeatzeko egitura errotik aldatzea, uneko alderdiaren zerbitzura baino, Komunikabide Publikoa euskal jendarte osoaren zerbitzura jartzeko. Gertaera larri hauen aurrean EITBko Zuzendariaren edota informatiboetako arduradunen iritzia publiko egitea exijitzen dugu.
Euskal Herrian, 2015eko apirilaren 17an
BIDEOA: Cabacas familia eta
BIDEOA: Cabacas familia eta EAJko Egibar eta Uribieetxebarriaren arteko tira-bira parlamentuan