Hemen zaude

INFO: EITBko kontratazio eredua, txarretik okerrera

Eusko Irratia

Iazko apirilean Administrazio Kontseiluak onartutako erregularizazio prozedura egoera delikatuan dago zuzendaritzak urtarrilean bere aldetik EEE bidez amaitzea erabaki zuenetik. Sententzia batek horretarako balizko derrigortasuna ez da arrazoia bestelako irtenbideak bilatzeko aukerak baztertzeko. Sindikatuok Zuzendaritzak aldebakarrez hartutako erabaki horren berri komunikabideekin batera izan genuen. Azken aste hauetan ere jakin dugu EEEan beste lau kasu ere sartzea erabaki duela, aldebakarrez ere.

Dagoeneko bi bilera (eranskina ikusi) egin dira EEEaren inguruan Langile Batzordea eta Zuzendaritzaren artean, legez ezarritako epeak eta eskakizunak betetze aldera. Sindikatu guztiok, arrazoi ezberdinak tartean EEEa ez onartzeko argudioak publiko egin ditugu. LABek ez du EEErik negoziatzen, eta kasu honetan arrazoi hauek azpimarratuko genituzke: 1) Madrilek ezarritako Lan Erreformatik eratorritako neurria dela; 2) Zuzendaritzak inposatutako neurria dela; 3) EEE batek akordioan jasotako plantilla estrukturalaren negoziazioa erabat baldintzatzen duela.

EEEaren aurka egonda, LABek ez du bat egiten gainontzeko sindikatuek deitutako mobilizazioekin, helburuak oso nahastuak eta kontrajarriak ikusten dituelako, batez ere esaten eta egiten denaren artean. Horrela, Deialdia hitzez defendatzen den bitartean atzera botatzeko helegiteak jarri dira; Deialdiari bai eta kontratazio irregular guztiak ere mantentzea eskatzen da inkoherentziaz; LABi enplegua suntsitzea leporatu, baina 49 lanpostutik behera onartzeko prest ere agertu... Berriro diogu, argi dagoela gatazka berdin mantenduko zutela Deialdi Publikoa 79 edo 100 lanpostukoa izanda ere.

Hori guztia esanda, LABek garbi utzi nahi du ez duela Lanpostu Deialdia kolokan jarriko. Eta berriro ere prozesua lehenbailehen amaitzeko eta lanpostuak esleitzeko exijitzen dugu, baita deialditik eratorritako Lan Poltsa behingoz aktibatzeko ere.

 

EITBNET-M4F

EITBNETen ere antzeko egoera eman daiteke. Urtarrilean, aurretik zeuden 16 langile finkoez gain, beste 25 “mugagabe ez finko” gehitu dira plantillara. Izan ere epaileak “ez legezko lagatzea” (cesión ilegal) ikusita sententziaz derrigortu du EITB, M4Fko azpikontratako langileak modu horretan kontratatzera.

Honek Irratiaren antzeko egoerara eraman gaitzake, hau da, erregularizazio prozesu batera. LABek argi du kasu honetan ere Lanpostuen Deialdi Publiko elebidun baten bidez konpondu beharko dela arazoa. Pasa den urtean zehar zuzendaritzarekin bat gentozen EITBNETeko plantilla estrukturala beste 27 lanpostu finkorekin osatu beharko zela, dagoeneko finko diren beste 16rekin batera.

Aipatu beharra dago ere EITBNET sortu zenetik lan hitzarmenik gabe jarraitzen duela, sinesgaitza bada ere. Asteak igaro dira LABek zuzendaritzarekin aurreakordioa adostu zuenetik, ondoren langileek batzarrean onartu zutena. Bada, oraingoan Jaurlaritza omen da trabak jartzen ari dena, beraz hala bada norabide horretan bultzatu beharko dugu.

 

Bestelako kontratazio ankerrak

Arazoak konpondu baino, Ortuzarrek ekarri zuen Giza Baliabideetako Zuzendariak egoera okertzen jarraitzea erabaki duela dirudi. Urteetan hainbat jestoreen egoera salatu izan dugu, deialdi publikorik gainditu gabe kontratu mugagabe egin izan zaienena; Telebistako hainbat artista kontratu “erregularizatzeko” asmoz ere modu horretan egin du, zuzenean kontratu mugagabe bidez; ETBko beste hainbat langileren kontratazio irregularrak ere sententziaz “mugagabe ez finko” bihurtu dira...

Baina lazgarriena da kontratazio ebentualarekin gertatzen ari dena. Hainbat kasutan zera gertatzen ari da, asteko lehen hiru egunetan asteko lanordu kopurua gainditu izana eta gehiago kontratatu ezin izatea. Honek langileen esplotazio nabarmena suposatzen du, lan kargari, bizitzaren bateragarritasunari eta lan osasunari begira. Gizarte Segurantzari egiten zaion kotizazioa, 35 ordu lan eginda ere, soilik hiru egunekoa izatea suposatzen du. Ikuskari batek legez kontrako jokabidea ikustea ez da zaila, eta berriro ere kontratu mugagabe ez finko gehiagorekin topa gaitezke.

Hor ez dira gehiegikeriak amaitzen: astebete baino kontratazio laburragoetan 12. ordura arte ez dira aparteko ordu bezala hartzen; gero eta lan pilaketa gehiago, otsaila kasu albistegietan 20 kontratu baino gehiago egin baitira 11 eta 14 eguneko pilaketa moduan. Kasu honetan ere irregulartasuna antzeman dezake Ikuskariak, lehenago lan pilaketako kontratu hauek ordezkapen kontratuen bidez egiten zirelako.

 

Ondorioak

Argi gelditzen da zuzendaritza honekin ezin dela konponketa partzialekin ibili eta arazoari osotasunean heldu behar zaiola. LABek bai Administrazio Kontseiluaren bileran, baita Zuzendaritzarekin egindako bileran Giza Baliabideetako zuzendariaren kargu-uztea eskatu berri du. Eragile ezberdinekin EITB den komunikabide publikoaren proiektua beraren gogoeta orokorra egin eta adostu beharra ikusten dugu. Eta horretarako, eta plantilla murrizketarik gabe noski, behar den pertsonal egitura langileen ordezkariekin negoziatzea.

Baina jakina, aldez aurretik konfiantzazko egoera bat eman behar da, eta gaur egun ezinezkoa ikusten dugu. Ez behintzat inposizioa eta atzamarrez edo era irregularrean egindako kontratazioak mantentzen eta egiten jarraitzen den bitartean.