Hemen zaude

EH Bilduk Maite Iturberen dimisioa eskatuko du, Eusko Irratian Erregulazioko Espedientea bertan behera utzi ezean

Enplegu publiko estrukturala sortzeko prozesua errotik moztea egotzi dio EH Bilduk EITBko zuzendariari. Koalizioak plantilla estrukturala sindikatuekin berehala negoziatzeko eta adosteko galdegin dio, bai eta bien bitartean lanposturik ez amortizatzeko ere.

EH Bilduk Eusko Irratian eta, oro har, EITBn enplegu publiko estrukturala sortzeko prozesua errotik moztea egotzi dio Maite Iturbe EITBko zuzendari nagusiari, eta dimisioa emateko eskatuko dio Eusko Irratian iragarri duen Enplegu-Erregulazioko Espedientea bertan behera uzteari uko eginez gero. Unai Urruzunok azpimarratu duenez, EH Bilduk Lan Deialdi Publikoa babestu zuen iaz Eusko Irratian 49 lanpostu finko sortzeko eta EITBko zuzendaritzak bertako plantilla estrukturala sindikatuekin zehaztu eta adostu dezan. Horrek, azaldu du Urruzunok, atea irekitzen zion beste lan deialdi bat egiteari, lanpostu finko gehiago sortzeari, sindikatuekin adostuta eta irrati eta telebista publikoen behar estrukturalak aintzat hartuta.

Urruzunok adierazi duenez, "EH Bilduk prozesu bat babestu zuen enplegu publiko estrukturala sortzeko, baina Iturbek Eusko Irratian aurkeztu duen espedientearen ondoren alferrikakoa litzateke sindikatuekiko negoziazioa, plantilla estrukturala handitzea ezinezkoa litzatekeelako". Hori dela eta, Erregulazioko Espedientea bertan behera uztea ezinbesteko baldintza da plantilla estrukturalari buruzko negoziazioari ekin ahal izateko. Horren ildotik, EH Bilduk sindikatuekiko negoziazio hori berehala ireki dezala eskatu dio EITBko zuzendaritzari, bai eta hori egin bitartean Eusko Irratian lan deialditik kanpo geratu diren lanpostuak mantendu ditzala ere.

Legebiltzarkide abertzaleak gogora ekarri duenez, EH Bilduk Lan Deialdi Publikoa babestu zuen Eusko Irratian EAJk sortutako arazoak konpontze bidean jartzeko. Izan ere, Andoni Ortuzarrek EITBko zuzendari nagusia izan zen garaian abian jarri zuen kontratazio politikaren ondorioz, egun Eusko Irratiko 79 langilek finkoak ez diren kontratu mugagabeak dituzte, behingoz konpondu beharreko egoera irregularra. "Egungo egoera EAJk Pertsonal arloan egin duen politika negargarriaren ondorio zuzena da; ardura politikoak argiak dira eta Sabin Etxean daude", Urruzunoren hitzetan. Horren ildotik, Javier Salcedo EITBko Giza Baliabideen zuzendariaren erantzukizuna ere azpimarratu du, eta haren dimisioa eskatu du, "bera izan baita kontratazioetan egin diren bidegabekerien arduradun zuzena Andoni Ortuzarren garaiaz geroztik; edozein enpresatan kalean egongo zen aspaldidanik".

EAJk sortutako arazoa konpontzeko, beraz, Lan Deialdia adostu zuen EH Bilduk EITBko zuzendaritzarekin, eta horrek, Urruzunok nabarmendu duenez, "49 lanpostu finko berri, estrukturalak, sortzea ahalbidetu du. Zalantzarik gabe, Lan Deialdia aurrerapauso handia izan da EITBn enplegu publikoa sendotzeari begira", eta ateak irekita utzi ditu datozen hilabeteotan EITBko zuzendaritzak sindikatuekin plantilla estrukturala adosteko eta, beharrezkotzat jotzen badute, beste lan deialdi bat egiteko

EHBILDU.EUS

Etiketa: