Banioen joan den astean, Euskararen Nazioarteko Egunaren atarian, euskara eta emakumea berdin-berdin tratatzen direla estamentu gorenetan, gutxitu eta gutxiesteko orduan. Ez zela lehen aldia parekotasun hori aipatzen nuela eta ez zela azkenekoa izango. Bada, esan eta egin, ezin baitiot eutsi aintzatespenez mozorroturiko trataera hori den adar-jotzea salatzeari.
Euskararen Eguna, tamalez, ez da euskara zein polita den eta zein ondo egiten dugun plazaratzeko. Ez da, halaber, euskara ama-hizkuntza dugunok elkarri bizkarrekoak eta musuak ematen ibiltzeko, harrotasunez. Batik bat, Euskal Herrian praktikan oraindik mendekotasunean eta merezi duen estatus eskean bizi den hizkuntzaren egoera benetakoa nabarmentzeko eta konponbideak galdegiteko beharko luke izan, badago-eta zer zuzendu, eta denok dakigu hori. Beste gauza bat da euskaldunok alaitasunez eta poza, harrotasuna, ilusioa eta beste eraginez egiten jakitea, eta hala jokatzea, oro har, euskara babesteko eta sustatzeko gertakizun-mota orotan. Borrokak eta bidezkoaren eskariak ez duelako zertan tristea izan.
Tristea bada, ordea, eta lotsagarri zein onartezina, Euskal Telebistako albistegian, gauekoan behinik behin, emandako estaldura. Batetik, munduko txokorik galduenean euskarari eusten dion norbanako baten lau hitz; bestetik, sinetsezina iruditu arren munduan zenbat lekutan entzun daitekeen jasotzen duen dokumental bat; eta, jakina, ezin falta gaiak eskatzen duen euskaltegi bateko ikasgela batetik egindako emankizun tipikoa, euskarak egun zenbat hiztun eta hiztungai dituenaren gaineko datuak eskuan. Ez dut ezer aurreneko bien aurka; alderantziz, testigantza eta dibulgaziozko lan oro iruditzen zait interesgarri nahiz aberasgarri, baita premiazko ere. Euskaltegi batetik gure lurraldeko leku desberdinetan euskaltegiek eta bertako ikasleek, eta ikasi nahi eta ezin dutenek, jasaten dituzten eragozpenetako bat bera ere aipatu gabe mintzatzeari, berriz, iraingarri deritzot. Are gehiago, horiek hirurak kateatuta eskainiz ikusleei euskararen osasun-egoera paregabea iradokitzeari, etxean bertan erabiltzeko orduan, batik bat, huts egiten jarraitzen dela jakinaren gainean.
Sutan jarri nintzen, saio informatiboko informazio esanguratsurik eza eta manipulazio interesatua ikusita; beste behin berretsita zein ezinbesteko aipagai baino ez garen emakumeok eta euskara botere-indarrentzat, politikoki egokiak izango badira. Jarraian etorri zenak, baina, are gehiago hauspotu zizkidan sugarrak: emakumeontzako azpiko arropa marka baten urteko desfileari buruzko berria (nola demontre izan daiteke hori albistegi baterako moduko berria!). Irudietan, munduko emakume ederrenak ei direnak erdi-biluzik denboraldi honetako berritasuna erakusgai: bi milioi dolarreko bularretakoa, alegia, inongo emakumeri ezertarako balio ez diona. Nago Amaia Urkia aurkezlea bera ere mahaipean sartzeko irrikan zegoela, lotsaren lotsaz. Horixe notizia, gure herrialdeko informazio-zerbitzuan. Kirolen aurretik, euskara apur bat eskainiz belarriak gozatzeko eta larru apur bat erakutsiz begiak liluratzeko.