Hauteskunde Sindikaletako ETB-Bilboko mahaiak LABen hautagaia Unax Blanco atzera bota du osaketa egunean kontratatuta ez egoteagatik, ELAren ohartarazpena jaso ondoren. Horren aurrean LABek honako honen berri eman nahi die langileei:
- Unax Blanco datozen hauteskunde sindikaletarako LABen hautagai zerrendan afiliatu gisa agertzen da.
- Bere lan egoera BEHIN-BEHINEKOA da
- Indarrean dagoen ETBko lan hitzarmenaren arabera langile horrek enpresan sei hilabete baino gehiagoko antzinatasuna du.
- Aipatu langilearen izena Haueskunde Mahaia eratu zen azaroaren 10ean ez agertzeak aitatasun bajari lepora dakioke. Semearen jaiotzatik 13 lanegun kontutan hartu beharko ziren beraz, diskriminaziorik egin nahi ez bazaio.
- Enpresan hilabete oso bat jarraian egoteko moduko kontratua ezin izatea ez da lanik eduki ez izanagatik, baizik eta ETBko kontratazio sistema gaiztoagatik. Zehazkiago esplotazio departamentuan, non egunkako kontratuak egiten diren bata bestearen atzean pilatzen, eta horrela hirugarren edo laugarren egunean 35 ordutik hurbil daudenean aste horretako kontratuak eten egiten dira langilea Gizarte Segurantzan altan eduki gabe.
Horregatik guztiagatik Bilboko ETBko LABen sail sindikalak uste du langile hori hautagai zerrendan mantendu egin behar zela. Halere, eta ELAren jokabideak eta balizko inpugnazioak Hauteskunde Mahaiko presidentea legearen zorroztasunari heldutako erabaki bat hartzera eraman duela kontutan eduki behar da. LABek onartu egiten du erabakia eta atsekabez Unax Blanco hautagaia bere hautagai zerrendatik kentzea erabaki du.