Pasa den astean Auzitegi Nagusiak ETBko 2010eko soldata murrizketaren harira iragarri zuen autoaren harira azalpen oharra atera zuen EITBko LABek. Bertan Eusko Jaurlaritzari eta EITBko Zuzendaritzari Auzitegi Konstituzionalaren erabakiaren zain egon gabe EITBko langile guztioi kendutakoa itzultzeko exijitzen geniela jasotzen genuen. Enplazamendua publikoki egiteaz gain, beste bi mugimendu egin dugu, Administrazio Kontseiluari eta Gasteizko Parlamentuari begirakoak hain zuzen.
EHBILDU taldearekin harremanetan jarrita, Legez Besteko proposamena aurkeztu du, zeinaren bitartez EITBko LABen eskaera jasotzen duen, ez soilik ETBkoei baizik eta EITBko langile guztiei kendutakoa itzultzea eskatzen den. EITBko Administrazio Kontseiluan LABek duen ordezkariak EHBILDUkoekin batera, hurrengo bileran eskaera bera egiteko bideari ekin diote.
Ez dakigu abiatutako bi bide horiek non amaituko dute, kontutan hartuta gainontzeko alderdien jarrera eta jokabidea. PSE bera izan zen EITBri ez zegokion murrizketa bat ezarri zuena. EAJk, aukera -legala ere- edukita ez du urratsik eman eta murrizketekin lerrokatuta dago.
2012ko gabonetako pagaren laurdena itzuliko digute
Urkulluren jokabidea aztertzeko oso esanguratsua da pasa den asteko Gobernu Kontseiluaren oharra, 2012ko gabonetako pagaren laurdena itzultzeko erabakiari egindako propaganda alegia. Hona azalpenik behar ez duten estrakto pare bat:
«Gainera, Eusko Jaurlaritzak erabaki du, hirugarren urtez jarraian, datorren urteko aparteko ordainsariak urtarrilera eta uztailera aurreratuko dituela. Izan ere, oraindik goiz iruditu zaio aparteko ordainsarien normaltasunera itzultzeko. Eusko Jaularitzak uste du, neurri hori hartu ezean, Euskadiko kontsumoari negatiboki eragingo liokeela.»
«Eusko Jaurlaritzak gogorarazi du Konstituzio Auzitegiak 2012ko abenduko aparteko ordainsaria kentzearekin eta funtzionarioen soldatetako beste murrizketa batzuekin lotutako lau konstituzio-kontrakotasuneko auzi (*) ere dituela ebazteko. Laster beteko dira bi urte Konstituzio Auzitegiak ebatzi zuenetik Eusko Jaurlaritzak ezin zuela 2012ko abenduko aparteko ordainsaria ordaindu. Eusko Jaurlaritzaren ustez, auzitegiak errekurtsoari buruz ebazteko astia izan du. Hala, milaka funtzionarioren ezegonkortasun-egoera konponduko luke eta EAEko herri-administrazioek arau-marko egonkor batean arlo horretan jardun ahalko lukete.»
Propaganda diogu, izan ere abenduko pagaren laurdena ordaintzeko baimena Madrilgo gobernuak emango du aurrekontuekin, eta dominak EAJk jarri nahian dabil, paga osoa ez itzultzeko aitzakia bitxia erabiliz. Bi uretan ibiltzen ere abila, ordainsari osoa itzultzea bai kontsumoari zein langile publikoen eta arau-markoaren egonkortasunari kalte egiten diela salatzen dituenean.
Badirudi beraz bai Jaurlaritzak eta langileok hiru gauzatan kointziditzen dugula: auzitegiaren moteltasuna, langileon ezegonkortasun-egoera eta negoziazio kolektiboaren ezegonkortasunak. Baina Jaurlaritzak 2012ko abenduko pagaren auzian Madrili leporatzen dizkion hiru akats hauen konponbidea, hirurena, bere esku dago 2010eko soldata murrizketaren auzian. Kendutakoa itzul diezagutela, ahal dute eta!
Euskal Herrian, 2014ko azaroaren 4an