Hemen zaude

EITBk bere parrila berria Bilbon aurkeztu berri du

Halaxe kontatu digute behintzat, baliabide eskasez baina irudimenaz sortu dutela «kalitatezko» programazio «berria». Eta kontraesana ere txintxik esan gabe irentsi dugu: non eta baliabideak alferrik gastatzen ari den Bilboko egoitzan bertan. Gizartean egoitza berriaren aldaketaren debatea ez dute piztu nahi ere, erabakita baitago eta aurrera doa aldrebeskeria.

Egia bada, baliabide gutxi dituela EITBk, eta Jaurlaritzan ere

defendatzaile gutxi. Izan ere ez dugu komunikabideetan ertzaintza edo

AHTren eraikuntzaren defentsan egiten diren ahaleginak nabaritu ere egiten

gure arduradunen aldetik. Baliabide gutxi… eta alferrik gastatzen: behar ez

den egoitza berria, kudeaketa sistema neoliberalen ezarpenak eta

azpikontratek irentsi behar duten ustezko “zero defizita”…

Programaziora itzuliz, urteak dira kontu bera entzuten ari garena:

entretenimendua eta informazioa, bigarrena lehenaren funtzioa aspalditxo

betetzen ari bada ere, eta ez soilik gurean. Egiten diren programa duinak

aparte utzita, ETB1ean entretenimendua haur eta gazteentzako ematen

jarraituko da batik bat, eta eskola utzi duenak ia jubilatu arte aukerarik gabe

gelditzen da. Helburua 600.000 mila hiztunentzako «zerbait duina»

eskaintzea dela diote. ETB2an berriz apartheitbren informatiboak eta

“circens” gehiago. Beti ere, eta hau ezinbesteko baldintza da beti,

audientziak kontutan edukita: baldintza hau betetzen ez duten programek

ordutegi bitxietan jarraituko dute. Audientzien baldintzak betetzen

dituztenentzat berriz, ohorezko ordutegiak eta gainera ETB2ko (EITB1ekoek

ez dute merezi) informatiboak sustatzeko. Adibide gehiegi eman daitezke

ETB1ek pairatzen duen gutxiestea adierazteko, baina egunkarien tamainek

ez dute hainbesterako ematen. Askotan programarik freskoena meza santua

dela esan daiteke ere. Bertako produkzioa ez da inondik gutxietsi behar,

inoiz ez da nahikoa eta. Debate hau euskal gizartean askotxotan eman bada

ere, salbuespenak salbuespen nahiko aparkatuta gelditu da dagoeneko, eta

ez behar faltagatik hain zuzen ere.

Promozio iragarkia ikusita, inmigranteak integratzearen alde egonik,

ez gaude oso ziur «piper eta gatzaren» helburua horixe izango denik, edota

Euskal Kultura eta lurraldetasunarekin zerikusirik ez duten programa zozoen

audientziak igotzea bestalde, bertako ikus-entzule potentziala ETB1era

bideratu beharrean. Herri desegituraketan ere Bilboko egoitza berriak badu

bere sinbologia, Guggenheim museoak euskal kulturari orokorrarekiko egin

dion kaltearen antzera. Plan Estrategikoan onartu zuten Tokiko euskal

telebistekin harremanak sendotu beharrean pausu bat aurrera eta bi atzera

egin da, lurralde informatiboak kenduz, eta Nafarroa eta Iparraldeari leku

sinboliko hutsak utziz. Edota «hiru hizkuntzen» tratamendu bitxia: Gaztelania,

Ingelesa eta Euskara. Sinbologia ere hizkuntzaren tratamenduari lotu

dakioke ere. Radio Euskadi eta ETB2ren aurrean Euskadi Irratia eta ETB1

agertzen dira. Horrela jarraituz, erderazko EITB Bilbon eta euskarazkoa

Miramonen ez ote dute amaituko?

Eta behin “circens” aipatuta, “panem” ere aipatu beharrean aurkitzen

gara, EITBren politika ekonomikoak ere berezko izaera baitu. Informazio

politikan lan eta ekonomia alorrean enpresariak eta euren filantropia

besterik ez da existitzen balore positibo bezala. Leku eta tratamendu ederra

dute programazioan. Etxe barrura begira, LAB prekarietate neurriak Lan

Ikuskaritzara ere bideratzen ari da, bekadun eta langile autonomo faltsuen

erabilera kasu. Lana ere ez da falta azpikontratetako langileen lan baldintzak

duintzeko, izan ere, kasu gehienetan bezero bakarra eta iraunkorra ETB

dute, eta ez legoke arrazoirik egon behar langileen baldintzak ez

homologatzeko. Etorkizuna kontrako bidetik susmatzen da ordea.

Enbor beretik etorrita, langileak euskalduntzeko Plan Estrategikoaren

neurriak bertan behera errez gelditu ziren (KONTSEILUAren kanpainari

itxaropen handirik gabe zorterik onena opa diogu), eta etxeko informazio

politika ere oso xelebrea da. Kasu bat aipatzearren, Langile Batzordeak

urtebetez legez zor zaion hainbat informazio eskatu izan dio zuzendaritzari,

eta erantzun ezaren aurrean LABek Lan Ikuskaritzan salaketa jarri zuen.

Erakunde honek ETBri emandako agindua oso zehatza izan bada ere,

Batzordeak ez du oraindik informazio guztia jaso eta jasoko ote duenaren

zalantzak ditu. Zilarrezko Q jaso duen Munduko (ez dakigu zergatik soilik

“Europako” aipatzen duten) lehen komunikazio taldea informazioan

“liderra”.

EITB bera eta ia bezero bakarra den Ikus-entzunezkoen sektorea

antolatzeko ez legoke gaizki berezko Kontseilu bat behingoz eratzea.

Aukerarik egongo al da EITBren hasierako garaietan gizartean eta bereziki

bertako langileon artean egon zen harro egoteko itxaropena berpizteko?

LAB-EITB