Nora eraman nahi dute ETB telebista publikoko arduradunek? ETBk bi ardatz nagusi ditu bere zereginean, euskal jendarteari informazioa eskaintzea alde batetik, eta programen arloa bestetik. Bigarren honetan, ETBk betidanik ekoiztetxe pribatuak azpikontratatu izan ditu programazioaren zati handi bat betetzeko. Langileen ordezkariek sarritan salatu izan dugu gardentasun eza, kasu askotan enpresa horiek langileei ezartzen dizkieten lan baldintza onartezinak eta, enpresa horiek alderdi politiko jakin batzuekin dituzten loturak.
Zuzendaritza bat joan eta beste bat etorri, inoiz ez da ondo bideratu gaia. Baina oraingo honetan, jauzi ikusgarria ematea erabaki du Maite Iturbek. ETBk zuzendaria behar zuela eta nor izendatuko? ETBrentzat aritzen den enpresari bat. LABen aspaldi ezagutzen dugu zuzendari berria, Eduardo Barinaga, Baleuko ekoiztetxearen jabea. Bere langileek eta berarentzat lan egin dutenek ondo dakite zer den lan baldintza txarretan lan egitea eta hainbat kasutan, adostutako soldatak kobratzeko zailtasunak edo eta zor zitzaiena baino dezente gutxiago kobratzea.
Hau larria izanik ez da okerrena. Maite Iturbek erabaki du ETBko arduradun modura jartzea euskal telebista publikoa gero eta meheagoaren alde dagoen enpresaria. Zenbat eta baliabide propio gutxiago izan ETBk, negozio lerro handiagoa diru publikotik bizi diren enpresarientzat. Gogoratu behar dugu Miramonen ETBk duen produkzio zentroa pribatizatzea eskatu zutela ikus-entzunezko arloan ari diren enpresek, beraien eskutan uzteko eskatuz. Maite Iturbek behingoz argitu beharko du zein den bere telebista eredua. Bide batez ondo legoke ezagutzea bai Euskal Telebistatik zein erakunde eta administrazio publikoetatik zenbat programa eman eta zenbat diru jaso duten orain arte Eduardo Barinagaren enpresek, Baleuko barne, jakina.
ETBko LAB, 2014ko uztailaren 22an