Hemen zaude

BERRIA: «Esku beltzik» ez oposizioetan

Langileak protestan, EITBren egoitzaren aurrean, apirilaren 29an. Lan eskaintza publikoa kaleratzeak «mozorrotzeko» bide bat dela salatu dute. / ALFREDO ALDAI / EFEEITBk ukatu egin du hautagaien agiriak galdu izana.
«Boikot» egiteko saioa salatu du LABek

Langileak protestan, EITBren egoitzaren aurrean, apirilaren 29an. Lan eskaintza publikoa kaleratzeak «mozorrotzeko» bide bat dela salatu dute. / ALFREDO ALDAI / EFE

Joan zen ostiralean hedabide batek zabaldu zuenez, EITBn egitekoak diren oposizioetara aurkezturiko «hainbat» lehiakidek euren datuekin aurkezturiko gutunazalak «galdu» egin zituen irrati telebista publikoak. Oposizioetako epaimahaia bildu zen atzo, eta gertaeraren inguruko azalpenak eman zizkieten lehiaketa publikoaren antolatzaileek langile eta sindikatuei. Esan zutenez, ez da gutunik galdu; lau erreklamatu zituzten, eta guztiak agertu dira. EITBko zuzendaritzak atzo argitu zuenez, gutunak sailkatzeko prozesuan sortu da nahasmena.

Hainbat langilek «susmoa» agertu zuten asteburuan: jendea «paretik kendu» nahi zutela eta hau zela «lehenbiziko garbiketa». «Nola liteke horrenbeste gutun galdu izana bi pisuren arteko eskaileretan?», esan zuen hautagaietako batek. ESK sindikatuak, berriz, «esku beltzik» ez dela izan adierazi du, eta hutsegitea lehiaketa «presaz» egin delako izan dela. LABek, berriz, zeina lan eskaintza publikoa egitearen alde agertu den, prozesuari «boikot» egitea leporatu die lehiaketaren aurkariei.

«Gutunazala erregistratu nuen», esan dio BERRIAri kaltetuetako batek, «eta hurrengo egunean entregatu zuten EITBn. Beraz, gutunazala EITBn dago». Postak ematen duen kodeari esker jakin zuen gutunak eginiko bidea. «Zuzendaritzak dio normaltasuna dela nagusi: ez dakit zer den haientzat anormaltasuna».

Agiriak jaso ondoren galdu izana ukatu zuen EITBk joan zen ostiralean argitaraturiko ohar baten bidez, eta hala baieztatu zuten atzoko bileran. Eman zituzten datuen arabera, erredaktore-esatari posturako, 857 eskaera jaso dituzte. Horietatik, 561 onartu dituzte. 49 erreklamazio egin dituzte, eta, azkenean, horietatik hamar ez dituzte onartu, agiriak behar bezala ez emateagatik, epez kanpo aurkezteagatik edo betebeharrekoak ez betetzeagatik.

Gertatutakoari lau zutabe eskaini zien El Mundo egunkariak ostiralean. Hurrengo egunean, beste lau, PSE eta PPren gaitzespenarekin.

«Jende asko dabil lan eskaintza publiko honi boikot egin nahian», esan du LABeko ordezkari Arritxu Iribarrek. «Maniobra asko daude hau aurrera atera ez dadin, eta horrela egingo dute prozesu guztian. Oztopoak jarriz joango dira».

Presaka

Aurretik ere bero zegoen prozesua. Hainbat langilek salatu dutenez, EITBk udazkenerako antolatu duen eskaintza publikoa jendearen kaleratzea mozorrotzeko bide bat da. Izan ere, 79 langile daude EITBko irratietan lanpostu finkorik gabe lanean, eta lehiaketan 46 baino ez dituzte eskaini.

«Nik ez dut esku beltzik ikusten kontu honetan», esan du ESK sindikatuko Bego Yebrak. Gaitza beste leku batean dagoela dio: «Korrika eta presaka egiten ari dira prozesua, eta gauzak txarto egiten dituzunean, halakoak gertatzen dira. Lardaskari hutsak dira». Gaizki egin izana ez onartzea aurpegiratzen dio ordezkariak zuzendaritzari. «Azkar egin nahi dute prozesua, aferak min egiten dielako».

LABeko Iribarrek, ordea, ez du horrela ikusten: «Barruan dagoen tentsioa lehenbailehen baretu behar da». Datorren larunbatean egingo dute lehenengo azterketa, BECen.

Edu Lartzanguren - BERRIA 2014.07.09

Etiketa: