Astelehenean ETBko sindikatu guztiok berdintasun batzordeari bilkura urgentea eskatu zitzaion eta atzo asteazkenean egin genuen. Bilera honen helburua, aurreko Igandean “Cuadrila Busca Cita” emititutako programaren edukien inguruan eztabaidatzea zen.
LABetik argi azaldu genien ez gatozela bat kate publiko batean horrela eduki sexista eta eredu heteropatriarkalean sakontzen duten programaziorik emititzearekin.
LABentzat, programa honek bultzatzen dituen baloreak Emakume eta Gizonen Berdintasunerako legea bera ere urratzen du. Eta urteetan zehar emakumeonganako indarkeriari aurre egiteko egiten ari garen lana atzera bidean kokatzen du.
LABentzat jendartean errotua dagoen eredu heteropatriarkala gainditze, bestelako baloreak sustatzea eta eskubide berdintasunean oinarritutako jendartea eraikitzea denon ardura dela deritzogu. Kasu honetan gainera EITB kate publikoa izanik ardura berezia izan beharko luke horretan.
Bestetik oso larria iruditzen zaigu, besteak beste, Euskal Herriko Mugimendu Feminista, Emakunde, EHbilduk edo eta garrantzitsuena deritzoguna, Euskal Herriko jendartearen parte oso handi batek programa honen aurkako jarrera publikoa eta kentzearena aldekoa agertu eta gero, EITBk programarekin aurrera jarraitzearen erabakia oraindik indarrean jarraitzea.
Halere, esan behar dugu ere, EITBk atzo mahaigainean ipinitako elementuak kontuan hartuko zituela eta erabakia berriz ausnartuko zutela aipatu zigutela, hortaz espero dugu guretzat hartu daitekeen erabaki bakarra hartzea, igande honetan eta aurrerantzean programa dagoeneko berriz ez emititzea.
Azkenik LAB datorren larunbatean Euskal Herriko Mugimendu Feministak eguerdiko 12:00etan EITBren Bilboko eraikinaren aurrean deitu duen mobilizazioa parte hartuko duela aipatu nahi dugu eta deialdi berezia egiten diogu Euskal langileoi bertan parte har dezaten, bestelako jendartea eraikitzea denon ardura delako.
Euskal Herria 2014ko Ekainaren 19an.