Edorta Arana, Tontxu Campos, Karmelo Landa, Bea Narbaiza, Txema Ramirez de la Piscina - EITBko administrazio kontseiluko partaide
Hogeita hamar urte luze joan dira bertoko irrati-emisore publikoen birjaiotzetik eta oraindik Euskal Irrati Publikoa aldarrikatzeko manifestuak sinatzen gabiltza. Zergatik, zer dela eta ? Joandako urte guzti horietan burutu den kudeaketak ez dituelako bermatu oinarrizko printzipioak, artean zerbitzu publikoa, euskara sustatuko duen programazioa eta kontratazio sistema gardena. Azken honi dagokionez, eta gaur gaurkoz eztabaida gai bilakatu delako, kontratazio sisteman irregulartasun larriak egon dira eta lan arloko epaiek adierazi dutenez egoera hori konpondu beharrekoa zen. Jendarteari zerbitzu bat eskaintzera dedikatzen diren komunikabide publikoen kasuan, hezkuntzan edo osasungintzan bezalaxe, langileen kontratazioa berdintasunean, merituan eta kapazitatean oinarritu beharra dago. Bestelako bideak erabiltzeak publikotasunari iruzurra egiteaz gain, beharrezkoa den independentzia eta profesionaltasuna arriskuan jartzen dituelako.
Euskarari dagokionez, eta esan dugunaren ildotik, Eusko Irratia taldean Radio Vitoria eta nagusi den Radio Euskadi emisoretan ez da gaur arte elebitasunaren helburua lortzeko inolako pausu zehatzik eman. Aitzitik, gaztelera hutsezko emisore gisa mantendu izan dira, EITBren sorrera legean bertan agintzen den euskararen garapenaren aurka jokatuz. Praktikan, ez Euskal Herrian baizik Estatu espainiarreko edozein komunitatetan kokatua leudekeen edozein emisorerekin berdinduz, hizkuntza ereduan eta, sarri, baita agendan eta programazioan.
Gasteizko Legebiltzarrean, EH BILDUren eta LABen proposamenari jarraituz, EITBko Administrazio Kontseiluko partaide izendatu gintuztenean, erabaki finkoa hartu genuen, Euskal Irrati eta Telebista Publikoei dagozkien ezaugarriak eta betebeharrak indarrean jartzeko lan nekaezina burutuko genuela, geure ezagutzaren arabera. Bostok ere unibertsitatean , bai Komunikazio Arloari baita Zuzenbideari loturik garatzen dugun gure jakintzaz eta esperientziaz horretarako baliatuz. EITB publiko eta euskaldunaren zerbitzura, beste lotura edo helbururik gabe. Konpromiso horri jarraituz ari gara une honetan, irratietatik hasita, EITB osoaren aldaketa sakona bultzatzen. Oraintsu martxan jarri den Lan Eskaintza Publikoaren aldeko gure jarrera zentzu horretan dator. Plantilla estrukturalaren azterketa serioari ekin eta bertako langileen kontratazioa behingoz era publiko eta irekian egin eta kontratu duin eta egonkorrak eskaintzeko helburuan. Euskararen erabilera arrazoizko epe batean ziurtatzeko moduan. Hau da, oraindik orain eta hogeita hamar urte luze horien ondoren ere, modu aski lotsagarrian, bete gabe jarraitzen duten printzipio nagusi horiek indarrean jartzea erabakita.
Une honetan irratietako plantillan lanean diharduten langile guzti-guztien eskubideen alde gaude, eta horregatik txertatu dugu Administrazio Kontseiluko akordioan Negoziazio kolektiboaren ezinbestekotasuna. Plantilla estrukturalaren zenbatekoa eta zehaztapena Zuzendaritzaren eta Langile Batzordearen artean adostu beharra azpimarratu dugu, eta 2016tik bertatik aurrera hau egitearen ezinbestekotasuna. Bat gatozelako euskararen eta komunikabide publikoen aldeko jarrerarekin. EITB horretara ekartzeko premia ikusi dugu, zerbitzu publikoaren alde egonik, lan publikoa lortzeko baldintzatan diren pertsonen eskubidea berdinduz, lan eskaintza publikoen bidez, lanpostu egokiak lortu ahal izateko aukera denei emanaz, guztien aukera-berdintasunaren printzipioan. Konpromiso hauen barruan kokatuz, eskuak zabal-zabalik izan ditugu guztiekin hitz egin eta adostasunak lortzeko bidean. Publikotasunaren aldeko jarrera bat da gurea.