Hemen zaude

BERRIA: «Orain 30 urteko eztabaida»

Zuzendaritzak Radio Euskadira bideratuko du enplegu eskaintza publikoa. Irudian, Iñigo Urkullu, irratian. / EITBEuskalgintzak ez du atsegin Eusko Legebiltzarrak EITBren hizkuntza irizpideei buruz onartutako testua. EITBko zuzendaritzaren euskara plana «bere horretan» berretsi behar zutelakoan daude.

Ulertezina». Paul Bilbao Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluko idazkari nagusiak dio «jokoz kanpo» harrapatu zuela herenegun Eusko Legebiltzarrak onartutako proposamenak. EAJk eta EH Bilduk adostutako testuan eskatu zuten EITBko langileak ez baztertzeko «hizkuntza arrazoiak direla medio» eta «lanpostu bakoitzerako hizkuntza beharrei» buruzko azterketa egiteko. Halaber, beharrezkoa ikusten zuen langile elebakarrentzako «prestakuntza programa bereziak» ezartzea.

Maite Iturberen zuzendaritzak onartutako Euskara Planak aurreikusten du 2016. urterako euskara hedabideko langile guztiei eskatzea. «Erabaki ausarta eta txalotzeko modukoa izan da», dio Bilbaok. Legebiltzarrak proposamen hori «bere horretan» berretsi behar zuelakoan dago Euskararen Kontseiluaren idazkari nagusia.

EITBko langileek, Internetekin eta digitalizazioarekin, garai berrietara egokitu behar izan dute azken urteetan. «Hizkuntzarekin zergatik ez?». Antzua deritzo Bilbaok hizkuntza arrazoiak tarteko bazterkeriaren inguruko ika-mika. «Orain 30 urteko eztabaida da, eta hori saihestu behar dugu. Ez dugu ulertzen legebiltzarrak zergatik ez duen berretsi Maite Iturbek adostutako Euskara Plana». Teknologia berriekin lan egitera trebatu diren modu berberean ikasi beharko lukete euskara langile elebakarrek. «Ez da eskubideen parametroetan kokatzen den eztabaida».

Lanpostuaren araberakoa

Legebiltzarrak adostutako testuan, EITBri eskatzen zion lanpostu bakoitzeko hizkuntza beharrei buruzko azterketa egitea. «Horretarako, kontuan izan ditzala horietako bakoitzaren funtzioen berezitasuna», dio testuak hitzez hitz. Bilbao: «Oso arriskutsua da hori». Puntu horrek ez baitu aintzat hartzen langileen euskaraz lan egiteko eskubidea, Bilbaoren arabera. «EITBren barne funtzionamendua bera ere euskaldundu egin behar da, eta, horretarako, langile guztiek izan behar dute hizkuntza gaitasun egokia».

Nestor Esteban Euskal Herrian Euskaraz-eko kideak «argi-ilun» batzuk topatu dizkio proposamenari. «Erdaldunen hizkuntza eskubideei kalterik ez egitearren, ez dute inolako arazorik euskaldunenak baztertzeko. Eta hau gertatzen da teorian euskara ofiziala den lurraldeetan».

Euskal Herrian Euskaraz-ek ontzat jotzen du EITBko zuzendaritzak 2016rako langile guztiei euskara jakitea eskatzea. Halere, hori beteko den zalantzak ditu Estebanek. «Nahiz eta euskara planak martxan diren, Osakidetzan, Ertzaintzan eta Justizian euskaldunok trabak ditugu oraindik». Euskal Herrian Euskaraz-eko kidea ez da fio politikariek onartutako euskara planez. «Plan horiek onartzen dituzten politikari guztiak ez dira euskaldunak».

Eusko Jaurlaritzak orain arte eramandako hizkuntza politika du Estebanek arazoaren abiapuntu. «Administrazioan lan egiteko ez da eskatu euskara jakitea, eta elebakarrak euskalduntzeko baliabideak ez dira nahikoak». Eztabaida EITBra ez eze administrazio osora zabaldu beharko litzatekeelakoan dago Esteban. «Eztabaida orokorrago bat behar du».

LABeko Jon Otegiri «anbiguoa» egiten zaio legebiltzarreko testua. «Gauza asko uler daitezke». Udazkenean, enplegu eskaintza publikoa egitekoa da zuzendaritza, eta sindikatuak uste du hautagaiei derrigor eskatu behar zaiela euskara. «Ez dugu esaten bere garaian lanpostua lortu zuen Radio Euskadiko kazetari batek kalera joan behar duenik euskara ez jakiteagatik».

Adrian Garcia - BERRIA 2014.3.22

Xabier Isasi EH Bilduko parlamentaria, iragan azaroan Eusko Legebiltzarrean. / JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESSEAJ eta EH Bildu, EITBko langile elebakarrak «ez baztertzearen» alde

Euskara jakitearen «nahitaezkotasuna» defendatu arren, EH Bilduk jeltzaleekin batera onartu du testua

Eusko Legebiltzarrak, EAJ eta EH Bilduren babesarekin, EITBri eskatu zion atzo hedabide publikoko langileek bere postua lortzeko izan zituzten baldintzak errespetatzeko. «Ez dezala inor baztertu, bere garapen eta promozio profesionalerako eskubideei dagokienez arrazoi linguistikoak direla medio», dio adostutako testuak. Gainera, eskatu zioten urtea bukatu baino lehen «lanpostu bakoitzerako hizkuntza beharrei» buruzko azterketa egiteko. Bestalde, beharrezkoa ikusten dute EITBri Euskara Planaren garapenean euskara eskakizunik gabe sartutako langileentzat «formakuntza programak» antolatzea. Gainontzeko alderdiek proposamenaren aurka bozkatu zuten.

UPDren ekimenez eztabaidatu zuten auzia legebiltzarrean. Gorka Maneiro UPDko ordezkariak EITBko zuzendaritzari eskatu zion 2013-2016 Jarduera Planari buruzko proposamena kentzea. Maneiro ez dator bat «soilik gaztelaniaz lan egiten duten irratietan» lan egiteko —Radio Euskadi eta Radio Vitoria— euskara jakitea derrigortzearekin.

EITBko zuzendaritzak aurreikusten du 2016. urterako euskara hedabideko langile guztiei eskatzea. Plan horretan hedabideko langile guztientzako nahitaezko euskara eskakizunak ezartzen dira. Udazkenerako aurkeztu nahi du EITBk enplegu eskaintza publikoa. Orain arte ez bezala, euskara ondo jakitea ezinbestekoa izango dute hautagaiek. Lehiaketa publikoa Radio Euskadira bideratuko dute batez ere; hainbat langile daude hamar urte baino gehiago lanean plaza finkorik gabe, eta lehiaketa horretan bat eskuratzeko itxaropena zuten.

«Kontraesana»

EH Bilduko parlamentari Xabier Isasik argi utzi du alderdiaren jarrera: «Euskara jakitearen nahitaezkotasuna defendatuko dugu, dakarrena dakarrela». EAJrekin batera «arrazoi linguistikoak medio» langileak ez baztertzearen aldeko testua onartzea «negoziazio prozesu baten» emaitzatzat jo du. EH Bilduko bozeramaileak onartu du «kontraesanean» erori direla. «Euskararen normalizazioak akordioak behar ditu». EH Bilduk nabarmendu du hizkuntza eskakizunak indargabetzea xede zuen Maneiroren proposamena atzera botatzea lortu dutela. Bestalde, UPDren «diskurtso xenofoboa eta diskriminatzailea» salatu du Isasik, eta nabarmendu du bitartean inork ez duela auzitan jartzen gaztelania jakitearen nahitaezkotasuna.

PSE-EEk Maite Iturberi orain urtebete emandako konfiantza ukatu zion iragan astean. Alderdi sozialistak uko egin zion atzo legebiltzarrak onartutako testuarekin bat egiteari, nahiz eta haiena izan «hizkuntza arrazoiak direla medio EITBko langileak ez baztertzearen» aldeko proposamena. EAJri leporatu diote EH Bildurekin «partekatutako proiektua» izatea eta, aldi berean, alderdi sozialistaren babesa eskatzea.

EAJ Luke Uribe-Etxebarriak gogoratu du EITBko euskara plana legearekin bat datorrela. EITBren modernizazio prozesuaren barruan ikusten du egitasmoa. «Ibilbide luzea du, asko landu egin da, eta azkenean onartu egin da kontsentsu oso zabal batekin», azaldu du. PSE kritikatu du Uribe-Etxebarriak. «Aldez aurretik ia erabakita zuten. Ez dute ados jarri nahi. ETBren alorrean konfrontazioa bilatzen dute».

EAJk eta EH Bilduk adostutako testuak gogoratu du EITB euskaraz jarduten duen hedabide publiko bakarra dela eta, beraz, euskararen normalizaziorako «berariazko erantzukizuna» duela. «Horretarako, jarraitu egin behar du euskararen normalizaziorako eragile aktiboa izaten, barne antolakuntza profesionalean eta kanpo kontratazio administratiboei begira ere».

Adrian Garcia - BERRIA 2014.3.21