Gaur urtebete Maite Iturbe EITBko zuzendari izendatu zuten Eusko Legebiltzarrean. Euskarazko programazioa indartu, eta saio mordoa estreinatu dituzte ETB1en urtebetean. Murrizketen eraginek, ordea, lan gatazka ugari piztu dituzte.
Maite Iturbe EITBko zuzendari nagusiak urtebete bete du gaur karguan. Zuzendaritza hartzean jakitun zen ez zuela lan erraza izango; 123 milioi euro inguruko aurrekontuarekin —%11ko sarrera gutxiago—, ezinbestean murrizketak izan ditu hedabideak, eta horiek hainbat lan gatazka piztu dituzte. Liskar politikoek ere astindu dute zuzendariaren jarduna. Politika kontuez harago, ikusle kopuruari eutsi dio telebista publikoak; 2013. urteko ikusle-kuota 2012koaren antzekoa izan da: %13,1. Gainera, orain hamabi hilabete iragarritako euskarazko edukien aldeko apustua bete du: saio mordoa estreinatu dituzte, eta egunero ia hamar orduko programazioa propioa du ETB1ek.
«Apustu zintzoa» da euskararen alde eginikoa, «estimatzekoa», Aitor Zuberogoitia Mondragon Unibertsitateko Huheziko irakaslearen hitzetan. Nahiz eta oraindik egiteko asko egon, Zuberogoitiak dio «bide egokian eginiko urratsa» dela. 2013-16ko plan estrategikoan ere jaso dituzte euskararen aldeko neurriak: ETB3 indartzea gaztetxo eta umeentzako kate modura, ETB HD euskarazko programazio tarte handiagoak aurreikustea eta euskara gaztelerako tarteetan «naturalki» txertatzea.
Aurrekontuaren beheranzko joera «kezkagarria» zaio Zuberogoitiari. Izan ere, entretenimendu eta fikzio saioek erakartzen dute ikus-entzuleen arreta. «Jakina da fikzioarekin problema izugarria dela: fikzio propiorik ez da geratzen ia». Diru eskaria dela eta, kulturgintza gutxietsi egin delakoan da MUko irakaslea, eta horrek bete-betean eragin dio EITBri. «Ikus-entzunezko sektoreari kalte egin ez ezik, hizkuntza komunitatearen iruditeria kolektiboari ere eragin dio horrek. Euskal kultura biziberritzeko ez ezik, komunitatearen barne kohesiorako ere funtsezko da».
ETB2 kateak, esaterako, aurretik arrakastatsu izandako saioen alde egin du. El conquistador del fin del mundo, Robin Food, La noche de... eta Teleberri albistegiak biltzen dituzte dira ikus-entzule gehien. Zuberogoitiak uste du «berandu baino lehen» planteatu beharra dagoela gaztelerazko katearen funtzioa berriz. «Aurrerantzean ez luke izan behar euskaldunak gazteleraz berbetan jartzen dituen telebista, hala aurrerantzean ere vasco euskaragabe izateko modu erosoa eskainiz».
Kudeaketa «zorrotza»
Edukiei eragiteaz gain, aurrekontua murrizteak hainbat lan gatazka piztu dituzte Iturberen lehen urtean. Baliabide eskasiari aurre egiteko kudeaketa «zorrotza eta estua» iragarri baitzuen Iturbek kargua hartzean. Lan hitzarmenen negoziazioak zeresana eman du. Langile ordezkariek mobilizazio kanpaina bat abiatu zuten iaz, urriaren 18an, lan hitzarmenak errespetatzeko eskatzeko. Hainbat tirabira direla tarteko, zuzendaritza eta sindikatuen arteko negoziazioak hasi dituzte. «Motel, baina aurrera doa», azaldu du Jon Otegi LABeko ordezkariak.
Murrizketak langileen bizkar egitea leporatu diote hainbatetan sindikatuek. LABen arabera, zuzendaritzaren helburua lantaldea murriztea da. Radio Vitorian sortu zen Iturberen lehen gatazka. Hamar langile kaleratuko zituztela salatu zuten iazko maiatzean. Lanuzteak egin zituzten langileek, baina abuztutik aitzina aldi baterako kontratua zuten sei langile gutxiago dituzte erredakzioan.
EITBk azpikontratatutako enpresek jasan dute murrizketen zama, eitb.com-eko edukiak kudeatzen dituen M4F etxeak, kasurako. 27 langile kaleratzea eta beste lauri lanaldia murriztea proposatu zuen M4Fko zuzendaritzak iragan ekainean. Greba mugagabea hasi zuten langileek, eta, inor ez kaleratzearen truke, soldatak eta lanorduak jaistea erabaki zuten. Urtarril amaieran hartzekodunen lehiaketara aurkeztu zen etxea. Kaleratzeak ez eze, kontratazio politikan aldaketak antzeman dituzte sindikatuek. «Ordezkapenak %10era jaitsi dira, Iturbe zuzendari denetik», dio Otegik.
Alderdien bueltan
Liskar politikoek atseden gutxi eman diote Iturberi. Zuzendari hautatu aurretik hasi ziren alderdien arteko ika-mikak. Mikel Arregik arrazoi pertsonalengatik hautagaitza baztertu ostean, PSE-EEk betoa jarri zion Jaime Otamendiri. Orduan aurkeztu zuten Iturberen hautagaitza. Zuzendaritzaren erabaki asko auzitan jarri dituzte alderdi politikoek: eguraldiaren mapa aldatzea, plan estrategikoan ETA aipatzeko beharra, Espainiako erregearen Gabonetako mezua ez ematea, ETB Nafarroan digitalean ikusteko saialdia...
Hain zuzen ere, kutsu politiko handirik gabekoa izateagatik eskaini zioten hautagaitza Iturberi. Kudeatzailea da, eskarmentu handikoa; 1984. urtetik egiten du lan hedabide publikoan. Zuberogoitiak uste du ongi etorriko zaiola kudeatzaile profil hori atakatik ateratzeko. «Nolanahi ere, apustu politiko egokiak ere behar dira, eta horiek ziurrenik bere eskumenetatik harago daude».
Adrian Garcia - BERRIA 2014.3.7