EiTB = PNtV. Hauek dira lortutako bozkak eta eskainitako denboraren arteko harremanak. Zerbait bitxia ikusten duzue? http://t.co/7zLtOsb8J3
(@ehbildu twitter-en)
EiTB = PNtV. Hauek dira lortutako bozkak eta eskainitako denboraren arteko harremanak. Zerbait bitxia ikusten duzue? http://t.co/7zLtOsb8J3
(@ehbildu twitter-en)
BERRIA: PSE eta PP alderdiei ematen diete denbora gehien EITB...
PSE eta PP alderdiei ematen diete denbora gehien EITBko albistegietan
Euskal erakundeen gaineko informazioa eta alderdiena bereizten ditu kontaketak
EITBren albistegiek PSE-EE eta PP alderdiei eskaintzen diete denbora gehien, nahiz eta EAEko 2012ko azken hauteskundeetan hirugarren eta laugarren indar politikoak izan, hurrenez hurren. EITBk berak Eusko Legebiltzarreko parlamentariei helarazten die txosten batean alderdi politiko bakoitzari eskainitako denboraren zehaztasunak eta elkarrizketaturiko buruzagi politikoen zerrenda. Oraingoz, abuztu artekoak argitaratu dituzte. Datuek erakusten dutenez, albistegietan eskainitako denbora ez dator bat alderdi bakoitzak duen ordezkaritzarekin.
Telebistako albistegien datuei erreparatuz gero, PP eta PSE-EE alderdien inguruko informazioei ematen diete denbora gehien. Urtarriletik abuztura bitartean, batez beste denboraren %23,76 eskaini zioten alderdi sozialistari. PPk jarraitzen dio gertutik: batez beste denboraren %23,43 hartu zuen. EAEko 2012ko hauteskundeetan boto gehien jasotako bi alderdiei minutu gutxiago eskaini dizkiote orain arte. EAJk denboraren %21,92 bete du. EH Bilduk, berriz, %18,34. UPD alderdiak albistegietako %4 hartu du. Gainontzeko alderdiek, batez beste, %8.
Maite Amundarain ETBko albistegi buruak dio alderdiek erakundeetan duten ordezkaritza kontuan hartuz hartzen dituztela erabakiak. Hala ere, ordezkaritza ez dute irizpide bakarra. «Kazetaritza ikuspuntu profesionaleko beste irizpideak daude: gaurkotasuna, albistearen protagonistak, kontakizunaren beraren elementuak...». Beraz, hilabetearen arabera alda daiteke alderdi bati eskainitako tartea. «PPk kongresu bat egiten badu Madrilen, normala izango da hilabete horretan tarte handiagoa edukitzea». Hauteskunde kanpainan legez behartuak daude alderdi bakoitzari eskainitako tartea zorrotz neurtzen. Egunerokoan, ordea, «pluraltasuna zaintzen» saiatzen dira, baina ez dituzte alderdi bakoitzari eskainitako tarteak zehatz-mehatz neurtzen. «Sen onarekin jokatzen dugu. Irizpide profesionalak dira gailendu behar direnak».
Telebistaren joera bertsua jarraitzen dute Radio Euskadiko albistegiek. PSE-EEk eta PPk izan dute abuztu arte denbora gehien; Denboraren %24,33 eta %22,23, hurrenez hurren. EAJri denboraren %21,13ko eskaini zieten, eta EH Bilduri, %17,56.
Euskadi Irratian ere PSE-EE alderdiak eskuratu du denbora gehien abuztu bitartean: denboraren %24,39. Euskarazko irratian du EH Bilduk albistegien denboraren ehuneko handiena, %22,79. PPri batez beste denboraren %19,06 eskaini diote, eta EAJri, %18,34.
Aritz Agirre Euskadi Irratiko albistegi buruak azaldu duenez, EITB berak emandako datuek ez dute Euskadi Irratiko albistegi guztiak kontuan hartzen, baizik eta soilik goizeko lehen albistegiak. «Materialki ezinezkoa da minutu guztiak zenbatzea», azaldu du.
Zenbaketa nahasgarria
Iñaki Guridi EITBko irratien zuzendariordeak azaldu duenez, erakundeetatik eginiko adierazpenak ez dituzte alderdienak bezala zenbatu. Gainera, ez dituzte ezker abertzaleko alderdi guztiak bloke berean sartu. «Sortu, Amaiur, EA, Aralar gisa eginiko adierazpenak gainontzeko alderdi moduan zenbatu dira».
Adrian Garcia - BERRIA 2013.11.29