Gartzelaratu arte LABeko IRAULTZEN eta KOMUNIKABIDEAK arloko arduraduna izandakoa LIBRE!!!
Teresa Toda kazetari eta LABeko iraultzen aldizkariko zuzendari ohia, aske geratu da sei urte eta gero. Egin egunkariko zuzendari orde izana, 18/98 makropozesuaren epaiak sei urteko kartzela zigorra ezarri zion kazetariari. Lehenik Salamancan eta gero Kordoban, espainiar errepresioa sufritu ostean, etxera bueltan den gure kideari LABetik ongi etorririk beroena eman nahi diogu. Ongi etorri Teresa!
Teresa Toda: ASKE 6 urte gero. Bere hitzak info7 irratian
BERRIA: Sei urteko zigorra bete ostean atera da espetxetik Teres
'Egin'-ekin lotuta 18/98 auzian espetxeratutako gainerako 11 lagunek preso jarraitzen dute, zigorrak betetzen
Haietako inork ez zuela inoiz preso egon behar salatu du Euskal PEN klubak
Egin-eko zuzendariorde izateagatik giltzapetu zuten, eta sei urteko zigorra bete du kartzelan kazetaritza lana egiteagatik. ETAri laguntza ematea egotzi zion Espainiako Auzitegi Nazionalak. Zigorra osorik bete, eta atzo atera zen Kordobako espetxetik (Andaluzia, Espainia) Teresa Toda. Espetxean jarraitzen dute 18/98 auziko Egin-en atalean zigortu zituzten gainerako 11 lagunek.
Gaur zen ateratzekoa Toda, eta ezustekoa hartu zuten haren gertukoek atzo 08:30ean libre utzi zutenean. Segituan jarri ziren bidean, baina Kordobara joateko denbora asko behar denez, hotel batean pasatu zituen ordu batzuk Todak.
2007ko abenduan atxilotu zuen Espainiako Poliziak Teresa Toda. 18/98 auziko epaia eman aurretik zigortuak atxilotzeko agindua eman baitzuen Auzitegi Nazionalak. Hilaren 19an eman zuen epaia, eta 10 urteko zigorra jarri zion. 2009ko maiatzean, sei urtera gutxitu zion zigorra Auzitegi Gorenak. Auzitegi Nazionalak Egin-eki lotutako Orain SA eta gainerako enpresak likidatzeko agindua ere eman zuen, baina Gorenak bertan behera utzi zuen erabaki hori. Beranduegi zen Egin berriz martxan jartzeko.
1998ko uztailaren 15ean eman zuen Baltasar Garzonek, orduan Auzitegi Nazionaleko epaile zenak, Egin egunkaria eta Egin irratia ixteko agindua. «ETAk gidatutako erakunde sare baten parte» izatea leporatuta itxi zituzten bi komunikabideak. Todarekin batera, Egin-eko zuzendari zen Javier Salutregi ere zigortu zuten, eta preso jarraitzen du hark, zazpi urte eta erdiko zigorra betetzen.
Horiez gain, hauek ere zigortu zituen Espainiako Auzitegi Gorenak: Xabier Alegria (hamabi urte eta bederatzi hilabete), Jose Luis Elkoro (zortzi urte), Carlos Trenor (hamar urte eta erdi), Manuel Intxauspe (zazpi urte eta zortzi hilabete), Isidro Murga (zortzi urte), Patxi Murga (zortzi urte), Jexuxmari Zalakain (zortzi urte), Pablo Gorostiaga (zazpi urte eta zortzi hilabete), Xabi Otero (urte bat eta hamar hilabete) eta Iñaki Zalakain (urte bat eta hamar hilabete).
PEN kluba, pozik baina kritiko
Euskal PEN klubeko zuzendaritzako kidea izandakoa da Toda. PEN klubeko lagunak pozik daude espetxetik atera delako. Urtzi Urrutikoetxea lehendakariordeak azaldu duenez, pozik daude «amesgaiztoa amaitu delako». Baina, Egin-eko zuzendariordeak ez zuela inoiz preso egon behar nabarmendu du; ez berak, eta ez egunkariarekin lotuta preso jarraitzen dutenek ere. Auzi honekin «bidegabekeria» egin dela nabarmendu du, eta aitortu du frustrazio bat ere badaukatela, ezin izan dutelako lortu Toda eta gainerakoak zigorra bete gabe ateratzea espetxetik.
Saiatu saiatu dira, eta gogor egin dute lan bai Euskal Herrian eta baita nazioartean ere. «Ahal izan dugun foro guztietara eraman dugu gaia». Zailtasunak ere izan dituztela dio Urrutikoetxeak, baina aurten, esate baterako, PEN Internationalek Islandian egin duen 79. batzarrera eraman zituzten hiru moziotatik bat Toda eta Egin-eko gainerako presoen egoera salatzeko zen, eta aho batez onartu zuten. «Zaila egiten zaie ulertzea 2013an Europako Batasunean jendea preso egotea kazetaritza egiteagatik». PEN klubekin harremanetan egon izan da Toda, Urrutikoetxearen arabera.
Toda eta gainerakoak espetxeratu zituzten arren, azken urteetan ere adierazpen askatasunaren urraketa ugari gertatu direla salatu du Urrutikoetxeak. Adibidez, gogora ekarri du Ateak Ireki itxi berri dutela Apurtu itxi zuten bezala. Azken gertaerekin Londresera bidaltzeko txostena prestatzen ari da Urrutikoetxea, eta hala dio, «azaro honetan gauza asko gertatu dira: irakasleak zelatatzea, komunikabide bat ixtea...». Inpresioa du «gauzak oso merke egin daitezkeela». Aurrerantzean hala izan ez dadin saiatzen jarraituko dutela dio.
Teresa Toda. 'Egin' egunkariko zuzendariorde izana
«Sakabanaketa amaitzeko zerbait benetan gogorra egin behar dugu»
Aitziber Laskibar Lizarribar
Kordobatik erantzun die BERRIA-ren galderei Todak, espetxetik atera eta ordu batzutara, kalean, «banku batean eserita». Euskal Herrira ez da igandera arte itzuliko. «Ama Salamancan daukat, eta ama bisitatzera joango naiz».
Zer moduz espetxe kanpoko lehen uneak?
Nik irteera data biharko —gaur— nuen, eta esan zidatenean gaur —atzo— aterako nintzela, dena hankaz gora jarri zitzaidan: urduritasuna, zergatik izango den... Oso goiz kaleratu naute, 07:30erako espetxearen atarian nengoen gauza guztiekin, eta azalpenik gabe. Bazekiten familia eta lagunak bila zetozela eta izorratzearren egin dutela uste dut. Agian, lagunen harrera saihestu nahi zuten, argazki hori. Baina tira, horrek badu bere alde ona: egun bat lehenago atera naizela.
Eta, sei urteko espetxealdia zer moduz? Kartzeletako egoera gogortzen ari dela salatu da sarritan.
Oso urte bereziak dira kartzelan pasatzen dituzunak, eta kide piloa daude nik baino askoz urte gehiago egin dituztenak espetxean. Izugarria da doktrinaren harira entzun behar duguna entzutea espetxea zein gogorra den eta zenbat urte eman dituzten jakinda. 27 urte kartzelan pasatzea oso-oso gogorra da; onartezina. Europan ez dago hainbeste urte betetzen diren beste lekurik. Horrek hausnarketa eragin behar luke. Espetxeko egoera ere gogorra da: lehenengo graduan edukitzen gaituzte, eta horrek oso baldintza zailetan bizitzea dakar. Sevillakoek hartu behar izan duten neurriak erakusten du egoeraren gogortasuna. Besarkada handi bat haiei. Konturatu behar dugu, baita ere, sakabanaketak zer dakarren. Hori amaitzeko zerbait benetan gogorra egin behar da, egoera latza delako, bai presoentzat, bai kalean dauden senideentzat.
Zertan eragiten du sakabanaketak?
Beti duzu bidaien kezka; oso luzeak dira. Eta azken egunetan espetxe kanpoan senideen aurka zer gertatzen ari den ikusita, bidaiaren beldurrari beste bat gehitzen zaio: fatxekin arazoren bat izatekoa. Bestetik, kideak sakabanatuta daude, eta pertsona bakarrik dagoenean, babesik gabe dago. Baina badago beste alde bat, azpimarratzekoa dena: jendeak ez gaituela inoiz bakarrik uzten. Zailtasunak zailtasun, jendea etortzen da; harremanak mantentzen dira, eta sakabanaketak nahi duena, elkartasuna haustea, ez dute lortzen; ez dute lortu eta ez dute lortuko.
Presoen eskubideen alde kanpotik nahikoa egiten dela sentitu duzue?
Uste dut gehiago egin behar dela. Oso ondo egon da egin den lana, baina uste dut kontzientziazio lan oso sakona behar dela. Eta barruan egonda ohartzen zara kanpoan daudenei zer transmititu behar zaien benetan ulertzeko hau zer den eta zein garrantzi duen sakabanaketa amaitzeak eta presoen eskubideak betetzeak.
Nola azalduko zenuke zergatik espetxeratu zintuzten?
Politikagatik. Ez dago zalantzarik. Bai ni, bai nire kideak eta bai beste asko; baita gaur egun Madrilen daudenak ere. Ateak Ireki nola itxi duten da beste adibide bat. Atzean porrot egin duen apustu politiko bat dago, baina mendeku gosea mantentzen duena. Hori nabaritzen ari da bai espetxean, eta bai arlo juridiko eta politikoan, nahiz Euskal Herrian aldaketa handiak egin diren. Sei urte hauetan zorrotz jarraitu dut zer-nolako aldaketak egin diren, eta ondo iruditzen zait.
Nola ikusi izan duzu garapen hori espetxetik?
Prentsaren bidez jarraitzen duzu; telebista piztu, eta hemen ez duzu euskal telebistarik ikusten; Espainiakoak ikusten dituzu. Orduan, ikuspegi partziala daukazu, eta hori orekatzeko bisitak oso garrantzitsuak dira. Uste dut sei urte hauetan gauza piloa gertatu direla Euskal Herrian, eta duela urte batzuk hartutako erabakien ondorioak sumatzen ari garela. Eta positiboa iruditzen zait.
Beraz, bide onean doala uste duzu?
Espero dut! Eta bide edo prozesu honetan nire ekarpena egitea espero dut hemendik aurrera.
Egin itxi zutenean pentsatu zenuen egunkariko zuzendariorde izateagatik sei urteko espetxe zigorra bete zenezakeela?
Egin itxi ostean, beti pentsatu dut kartzelan bukatuko genuela. Zeren horrelako erabakia hartu ondoren jendea ez kartzelatzeak ez zuen zentzurik. Beraz, muturreraino eramango zutela espero nuen. Hala ere, ez genuen pentsatzen horren sententzia gogorrak izango zirela. Eta nirea ez da gogorrenetarikoa; beste kideek espetxean jarraitzen dute. 18/98 sumarioarekin bide bat ireki zuten, eta, bidea irekitzeko, mailukada gogorra eman behar zuten.
Nola begiratzen diozu datorrenari?
Uste dut PP oso egoera zailean dagoela. Munstro bat elikatu du, AVT eta beste, eta ez daki nola mugitu. Beste alorretan oso gaizki dabil, eta orduan, Euskal Herriko gaiari dagokionez, lubakian sartuta dago, eta oraingoz ez da mugituko. Horregatik, guk gurea egin behar dugu, eta saiatu bultzatzen.
BERRIA 2013.11.28