Goizeko 11:30etan Bilboko Auzitegi Nagusiaren aurrean egin dugu kontzentrazioa EITBko langile batzordeetako ordezkariok. Eguerdian ETBko Batzordeak sartutako salaketa epaitzen zen bertan, hain zuzen ere zuzendaritzak lan hitzarmena haustea erabaki zuelako. 2008ko negoziazioetan heriotza edo erretiroagatik hutsik gelditzen zen lanpostu bakoitzeko beste batekin ordezkatzea adostu genuen langileok eta zuzendaritzak. Zuzendaritzak ez du hitza bete, eta ez betetzeko asmoa jakinarazi digu.
Argigarria izan da hain zuzen ere zuzendaritzak epaiketan erabili duen defentsa: uztailetik aurrera «lan hitzarmena ez dagoela indarrean» adierazi du ETBko ordezkariak, «ultraaktibitatearen galera» dela eta. Zuzendari Nagusia eta Zuzendari Kudeatzailea gezurtitzat utzi ditu erabat. Izan ere publikoki behin eta berriz hitz politekin lan hitzarmena errespetatzeko borondatea azaldu baitute, langileok inoiz sinestu ez dugula bestalde.
Arratsaldeko 16:30etan EITBko Administrazio Kontseiluaren bilera dela eta, kontzentrazioa egin dugu berriz sindikatuetako ordezkariok eta hainbat lengilek. Gure asmoa besteetan bezala EITB barrutik "sugea" egitea izan da, eta bide batez gure iritziaren berri administrazio kontseiluko kideei ematea izan da. Gure harridurarako zuzendaritzak erabaki ezin traketsagoa hartu du, eta sekula ikusi ez den zaindari kopurua zabalduta zegoen zuzendaritzaren bulegoetarako ateetan, gure hitza isiltzeko asmoarekin.
Kontrakoa lortu dute, izan ere administrazio kontseiluko kideak beste bilera batetik ateratzen zirenean, gurekin topo egin dute eta lehen eskutik arazoaren azken berriak izan dituzte. LAB eta EHBILDUko ordezkariek bileraren gai zerrendan sartzen saiatzeko konpromisoa hartu badute ere, eta bileran bertan azalpenak emateko langileen ordezkariren bat agertzea. Beste bi taldetako ordezkariek uko egin diote aukera horri eta ez dute landu. Bileraren amaierako galderen atalean sartzekotan gelditu dira, bai eta batzorde bat osatzekotan ere, langileon ordezkariokin biltzeko asmoz.
Salagarria da ere, nahiz eta eguerdiko kontzentrazioaren irudiak eta adierazpenak jasotzeko ETBk ENG talde bat bidali badu ere, eguerdiko albistegietan ez da ezer agertu. Ikusteko dago gauekoetan zer gertatzen den, bai eta administrazio kontseiluaren bilerak zer eman duen ere.