Aurten ere ETB2n Ongi etorri programa hasi dela ikusi dut. Haserre handia eragin du horrek nigan. Gure geografian dauden luxuzko etxeak erakusten dira; lehenago, telebista kate espainolen bateko antzerako programa batean Espainiako luxuzko etxeak erakusten ziren.
Ez dut kalitate teknikoa baloratuko, ezta ere erakusten den bizimodu eta egoera ekonomikoa nola lortzen den. Nire galdera sinplea da: publikoa den erakunde horretan, ez dakit norbaitek pentsatu duen horrelako programa batek egun prekarietate osoan, miserian ez denean, bizi diren ehunka familietan sor ditzakeen sentimenduetan. Milaka biztanleri oinarrizko eskubideak kentzen zaizkien bitartean (lana, etxebizitza duin bat, osasun eta hezkuntza publikoa…), botiken berrordaintzea exijitzen zaienean; azken finean, egoera guztiz umiliagarri eta dohakabean bizitzera behartzen dituzten bitartean, horrelako programa batek erakusten duen bakarra da etika falta absolutua. Euren burua demokratikotzat duten eta kapital handiak eta banketxeak babesten dituzten gizarte eta gobernuei esker nekez bizi den jendeari irain egitea da, beren lanarekin herriarentzat aberastasun eta ongizate hori lortu duten pertsonei alegia.
Sentsibilitate apur bat eta inguratzen gaituen sufrimendura hurbiltzea da behar den guztia Ongi etorri betirako programaziotik kendu beharko litzatekeela ikusteko. Beraiek sortu ez duten krisi baten gainditzearen izenean bidegabekeria anitz pairatzen ari den pertsona ororen omenez, programa horren desagertzea exijitzen dut.
ISABEL BOVEDA URIOSTE. LAUDIO.
http://paperekoa.berria.info/iritzia/2013-10-03/005/004/etbko_zuzendaritzari.htm