Gaur ETBko Langile Batzordea zuzendaritzarekin bildu da, Lan Hitzarmenaren negoziazioa blokeo egoeratik atera asmoz. Gogoratu Madrildik inposatutako Lan Erreformaren arabera uztailaren 7an indarrean ez dauden lan hitzarmenak bertan behera gelditzen direla. Gureak 2009an iraungi zuen, eta printzipioz ETBn beste erreferentziazko hitzarmenik ez dagoenez, langileen estatutuaren arabera "araututa" geldituko ginateke. Bi parteok egoera hori ez dugu egoki ikusten, eta orain arte eduki dugun lan hitzarmenaren arabera arautzea ikusten dugu egokien.
Hala, langile batzordeak proposamen argia luzatu zuen aurreko bileran, dagoeneko Bilboko Metroan langileek zuzendaritzarekin adostu zutenaren ildotik. Horrela, han «beste lan hitzarmen batek egungoa ordeztu arte, indarrean mantenduko» dela adostu zutena ETBko zuzendaritzarekin gauza bera egitea proposatu zitzaien. Langile Batzordeak ez du zilegi ikusten negoziazioa Lan Erreformaren mehatxuaren pean egiterik, eta adosten duguna benetan beteko denaren bermea eta indarrean mantenduko dela exijitu du.
Gaurko bileran zuzendaritzak bestelako idazki batekin agertu da, zeinaren arabera, «lan hitzarmena bertan behera utzi eta langileen estatutua aplikatzea bere asmoa ez bada ere» berme hori «negoziazioa irauten duen bitartean» eskaintzen du, «beti ere 2013ko abenduaren 31ra arteko konpromisoarekin». Txantaia hori ez dugu onartu, eta edukiak negoziatzen hastea nahi bada, hurrengo bileran testu hori moldatuta ekartzea esan zaio zuzendaritzari. Ultraaktibitateak ezin du epemugarik eduki, ez eta negoziazioa baldintzatu ere.