Hemen zaude

BERRIA: Kaleratzeek 'eitb.com' «kinka larrian» utziko dutela salatu dute

Kaleratzeek 'eitb.com' «kinka larrian» utziko dutela salatu dute

EITBko atariko Erredakzio Kontseiluak adierazi du kaleratzeek edukien kalitateari eragingo diotela

ERREDAKZIOA

Eitb.com atariko Erredakzio Kontseiluak M4F enpresako langile zati handi bat kaleratzeak edukietan izan ditzakeen eraginak salatu ditu. M4F ekoiztetxeak EITBko webguneko eduki sortzaile nagusia da.



Langile taldea «hain bortizki» murrizteak atariko edukiei kalte nabarmena egingo diola uste du Erredakzio Kontseiluak. Orain arte lau hizkuntzatan —euskaraz, gazteleraz, ingelesez eta frantsesez— eskaini ditu edukiak eitb.com atariak. Aurrerantzean, baina, frantsesezko eta ingelesezko edukiak desagertu egingo direla ohartarazi du Erredakzio Kontseiluak ohar baten bidez, «Iparraldeko eta euskal diasporako erabiltzaileen kalterako, batez ere».



Eitb.com-eko atariko erredakzioak uste du zuzendaritzaren erabakiak «atzerapausoa» eragingo duela webgunearen kalitatean: «EITBren hiru hedabidetako bat kinka larrian geratuko da». Kalitatean ez ezik, eskaintza informatiboan eta entretenimenduan eragina izango duela azaldu dute.



Iragan astean, M4Fko zuzendaritzak adierazi zuen eitb.com ataria kudeatzen duten 27 langile kaleratzeko asmoa zuela.

BERRIA 2013/6/19