Aste honetan gure hiru lankide helikoptero istripuan hil direla eta, hainbat komunikabide eta kazetarik erakusten ari diren arinkeriaren aurrean Euskal Telebistako LABek bere honako kritika eta eskaera hau luzatu nahi die:
Heriotzak ematen diren kasuetan eta batez ere gure inguruko norbait tartean badago hunkidurak jo bagaitzake ere, zalantzan jartzerik ez dagoen profesionaltasuna goraipatzeko garaian hainbat komunikabide edo kazetarik, sentiberakerian erortzeko arriskuaz ohartu gabe oso garrantzitsua den gai bat arinki jorratu izanaz ohartu nahi dugu.
Ia txalotzeraino entzun dira loreak eta goraipamenak, batez ere "...lana azken muturreraino eraman duten profesional paregabeak.." edo antzekoak, profesional paregabe baten lanaren “azken muturra” gertatutakoa izan beharko balu bezala. Sindikatuak hain lazgarria den lan istripuen gaia gizarteratzen saiatzen ari direnean, honelako laudorioek ezertan laguntzen ez dutelakoan gaude.
Gure lankide eta laguna Ruben eta Iñaki eta Robertoren lana paregabea izan da, inolako zalantzarik gabe, eta beti eskertu eta gogoratuko ditugu. Oso gustukoa bazuten ere ez zuten denborapasa, beharra baizik. Baina euren lana arriskupean egiten bazuten ere, ez zuten bukaera hau bilatzen, ez eta espero ere.
Euskal Telebistako LAB, 2001eko maiatzaren 23an