Hemen zaude

Xabier Lasa: Jai dute sindikatuek

Nork daki zer? Ez da erraza ulertzen. Radio Euskadi eta Euskadi Irratiko langileek bat egin zuten grebarekin; denak, edo gehienak, sindikatu greba deitzaileen planteamenduekin ados daudela suposatu beharko, hortaz. Iristen da hurrengo goiza, bezperakoa kontatzeko eta interpretatzeko garaia: REko esatariaren hasierako editorialtxoan grebaren alderdi ezkorrak nagusitzen dira, eta Jaurlaritzaren zein patronalaren balorazioei garrantzi itzela ematen die, grebazaleen ahotsa neutralizatzeraino. EIn, moderatuagoak dira, protagonismoa deitzaileei emanez ,goiz horretan behintzat. Iristen dira tertuliak, eta hara norekin: Xabier Gurrutxaga, Luis Haranburu Altuna, Lurdes Perez, Pedro Ugarte eta Mariano Ferrer. Hots, bostetik lau, sindikatuak (batzuk) jipoitzea kiroltzat daukatenak (klasikoak dira irratian denak ere, eta euren iritzia eurek baino hobeto ezagutzera iritsi gara kasik). EITBko bi irrati horietan distantzia ederra (disfuntzioa) dago lerro ideologikoa markatzen dutenen eta langileen gehiengoaren artean. Ustez.

Akelarrea. Aurreko txandetako egoera berritu zen Onda Vascako Gabon tertulian. Irratiak normal egiten du lan, baina iritzi emaileen ordua iristen da, eta sindikatuen alde egingo duenik ez, greban delako; besteetan apenas, greba egunean inor ez. Emaitza, jakinekoa da: zenbait sindikatu eta sindikalista erretzen dituzten akelarrea bihurtzen da tertulia. Vizcaino berak, azkenerako, «baina herritarrek haserre egoteko motiborik badute, ezta?» bota beharra dauka. Antza, lotsa pittin bat sentitu du tertuliak hartu duen bide erreakzionarioa dela eta.

Pikete informatiboa. Info7 Irratiak grebarekin bat egiteko modu alternatiboa eskaini zuen ostegunean. Goiz osoan, Pikete informatiboa izeneko saio monografikoa eman zuten hango esatariek, industrialdeetan zein kalean zebiltzan berriemaileekin eta Xorroxin eta Hala Bedi irratiekin konexioak eginez batetik, eta entzuleen Internet bidezko mezuak eta Whatsappak jasoaz bestetik. Partzialkeriaz jokatu izan ala ez, gertakari eta grebalariengandik gertu ibili ziren kazetariok. Beti geratzen baitzaigu biharamuna eta denbora sobera, grebaren inguruko beste balorazioak (politikoak, jaurlaritza, ertzaintza, enpresarien elkarteak…) jasotzeko.

XABIER LASA - KOMUNIKAZIOA. UHINETATIK TIRAKA - BERRIA 2013.06.02