Hemen zaude

Aritz Galarragaren "ekografia" BERRIAn EITBko Zuzendari Nagusiaren interbentzioaz parlamentuan #AskeGunea z

Maite Iturbe EITBko zuzendari nagusiak esan du, Eusko Legebiltzarrean egin berri dioten kontrol batzordean: jarraipen “egoki, profesional eta inpartziala” egin zitzaiola Donostiako Aske Guneari Euskal Irrati Telebistako hedabideetan. Eta baieztapen hori sustengatzeko, datuak eman ditu, datu objektibo eta errefusaezinak: herri mobilizazioak iraun zuen hamar egunetan zehar, 169 notizia ekoitzi ziren orotara; egia da hiru egunetan zehar ETB1 eta ETB2ko albistegietan ez zela ezer eman, baina motiboa izan zen egun horietan Aske Gunea ez zela notizia izan. Zer nahi duzue esatea, farfaila iruditzen zait, propaganda ariketa, eleketa hutsa. Gutxi asko, egun horietan euskal telebista publikoa jarraitu genuenok badakigu –eta hala idatzi genuen orduan–, datuak datu, jarraipena beste bat izan zela, “egoki, profesional eta inpartziala” horiengandik aski urruti, auzolotsarengandik gertukoa. Ez ditugu ordukoak berriz hona ekarriko, baina, zuzendari nagusi anderea, zintzotasun pixka bat, mesedez.

Ikuskizun dago oraindik Iturbek zer esango duen EITBk Ondarroako Aske Guneari egin dion jarraipenaren inguruan. Tira, segur aski ez du ezer esan beharko ere, kontrol batzordean Donostiakoaz galdetu zion EH Bilduk adierazi baitu Ondarroan sortu den herri mugimenduari eman zaion tratamendua desberdina dela, eta horrek erakusten duela “Donostian izan zen urritasun informatiboaren” inguruko aitorpen bat. Ez dakit bada. Nik ikusi dut Ondarroakoa, luze gabe, bentilatzen bost segundutan. Ikusi dut M15ari buruzko berri batekin irekitzen albistegia, M12an –eta langile borrokarekiko elkartasunez balitz, poztu ere egingo nintzateke; baina susmoa dut ez dela horregatik izan–. Eta gero ez da bakarrik eman edo ez ematea. Nola ematen den ere ikusi behar da. Eta inork ikusi zuen ETBko asteazkeneko albistegietan Ertzaintzaren kolpe, porrakada, ostikorik? Nik ikusi ditut, bada, sarean suelto dabiltzan dozenaka bideo horietan.

Eta zutabe honen helburua ez da, deabruak guarda, inori esatea lana nola egin behar duen. Bakoitzak ikusiko du beste batzuen aginduak, edozein agindu betetzeko prest dagoen, eta noraino. Eta ez dakit ETBren oraingo delitua izan den in fragranti, in fragra, in fraganti; delitu goria alegia, edo arina. Baina beste behin harrapatu dugu koilara zopetan. Eta horrek badu delitua.

BERRIA - EKOGRAFIAK - 2013/5/17