Espainiako Gobernuak langabeziaren datuak eman berri ditu. Apirilaren 25eko Gaur egun albistegian, informazio nagusietako bat izan zen. Eta honela eman zuten albistea: Espainian sei milioiren langa pasatu dela esan zuten lehenik. Eta, gero, Hegoaldeko zifra eman zuten. Ez alderantziz. Informazioa modu horretan emateak irizpide batzuei erantzuten die. Eta irizpide horiek nola islatzen diren eta zein helbururekin ikertu du Jose Mari Pastorrek, EHUko Gizarte eta Komunikazio Zientzietako Fakultateko irakasleak. Tesia aurkeztu berri du. 2008ko eta 2010eko ETBko albistegiak ikertu eta erkatu ditu; Juan Jose Ibarretxe lehendakari zen garaikoak eta Patxi Lopezen garaikoak, alegia. Telebista publikoa izan arren, boterean dagoenaren arabera informazioari trataera bat edo beste ematen zaiola ondorioztatu du ikerketan. Abiapuntua, eguraldiaren mapak ezarri zuen.
Ika-mika askoren iturburu izan da ETBko eguraldiaren mapa, ez eguraldiagatik, mapagatik baizik. Garrantzi gutxikoa dirudien gai horrek badu mamia. 2010ean, Lopez gobernuan jarri, eta ETBko zuzendaritza berritu zuenean, lehenengo aldaketa horixe izan zen. Azalekoa zirudien aldaketak, ordea, gero etorriko zenaren bidea marraztu zuen, Euskal Herria mapatik desagerrarazi baitzuten.
Ibarretxeren aroan, Euskal Herri osoa agertzen zen mapan, nabarmen, eta beste herrialdeetatik bereizirik. Lopezen aroan, Espainiako eta Frantziako lurralde gehiago sartu zituzten Euskal Herriarekin batera, zazpi probintziak modu lausoan utziz, ez nabarmentzeko moduan. Lehen urratsa izan zen Euskal Herri osoaren presentzia informatiboetan desagerrarazteko.
2008. urteko 24 Gaur egun albistegi eta 2010eko beste 25 ikertu eta gero, datuek hauxe erakusten dute: Ibarretxeren aroan estatistika edo inkestei buruzko edozein informazio emateko orduan, infografietan, Euskal Herria osorik ageri da kasuen %72tan. 2010ean, Lopezen aroan, behin ere ez, betiere ikertutako albistegietako edukietan. Lagin bat bera ere ez dago Euskal Herria osorik hartzen duena. Ahozkoan ere nabarmena da aldea: 2008an, %62tan Euskal Herria aipatzen zuten. 2010ean,Eusko Autonomia Erkidegoa edo Euskadi kontzeptua gailentzen da, kasuen %86tan. Lopezen aroan, hitzez ere ez zuten erabiltzen hedabide publikoko esatariek Euskal Herria kontzeptua, ez bazen ohitura zaharrei buruz-edo hitz egiteko (%6), sekula ez testuinguru politikoan.
Aniztasun ideologikoari dagokionez, nabarmena zen 2010ean ezker abertzaleari jarritako beto informatiboa. 2008an, informatiboetan ezker abertzalea agertzen zen. 2008ko informatiboetan, protagonista zuzen gisa, %24tan. 2010ean, legez kanpo zeuden. 2010ean, erakundeetan ordezkaritzarik ez zutela argudiatuta, agerpena %2ra murriztu zuten.
Eredu konstituzionala
Patxi Lopezek irauli egin zuen Ibarretxeren aroan Euskal Herriari buruz zegoen iruditeria; tesiaren egilearen arabera, helburu jakin batekin: «Euskal Herria Espainiako eredu konstituzionalean hobeto txertatzen laguntzea, eremu informatibo horren kudeaketa baliatuz». Hori nola? Horretarako aztertu ditu bi urte horietako informatiboak, eta eragile politikoen eta iritzien agerpena informatiboetan. Ordezkaritza bera dute bi urteetan? Nola irudikatzen da Euskal Herria ahoz zein irudiz? Espainiako eta Frantziako albisteek garrantzi bera dute?
Ikerketa egiteko 2008ko 24 albistegi (550 informazio unitate) eta 2010eko 25 informatibo (710) aztertu ditu. Eta informazio bakoitzaren azpian dauden unitateak ere aztertu ditu: alegia, gertaera non izan den, off-eko ahotsa sartu den, kazetaria bertara joan den, bertako irudiak eman diren, informatiboan zein ordenatan sartu den, zein denboratan... Garrantzia eta dimentsioa erakusteko. Guztia xehe-xehe aztertu du Pastorrek.
Erabaki horiek neutroak dirudite, baina erabaki politikoak daude horien atzean. Boterea duenak irabazten du, baita telebistan agertzeko orduan ere: Ibarretxeren aroan, informatiboetan protagonista zuzena EAJ zen informatibo denbora osoaren %44an. Lopezen aroan, berriz, PSE (%43).
Komenientzia eta zentsura
ETB sortu zenetik, egiteko modu hori baliatu izan du Ajuria Eneko eserlekua izan duenak, nork bere erara. «Hogeita bost urtean eraiki den ereduan, telebista eta irrati publikoak gobernuan zegoen alderdiaren tresna gisa ulertu dira, eta gobernu horrek aurrekoen berdina egin du: postuak aldatu eta probetxu propiorako erabili», Josu Amezaga EHUko irakasleak hala adierazi dio Pastorri.
Eta 2008an eta 2010ean bezala, eztabaida iturri dira oraindik ere ETBren zentsura eta betoak. Ez ditu kritika gutxi izan Aske Guneari buruzko informazioaren trataerak. Maite Iturbe EITBko zuzendari izendatu berriak legebiltzarrean agerraldia egin beharko du horri buruzko azalpenak emateko, Lander Arbelaitz Argia-ko kazetariari emandako tratuaren harira eman zen informazioagatik. Hain zuzen, tesiaren egileak proposatzen du etorkizuneko ikerketarako gaia izan daitekeela 2012ko gobernu aldaketaren ostean ETBko trataera informatiboak aldaketarik izan duen aztertzea ere.
Informazio trataera eta zentsurari buruz, Andoni Basabe kazetariaren hitzak ere jaso ditu Pastorrek. EITBn jardun du lehen urteetatik, eta badu horren berri. Haren ustez, EAJren garaian zentsura ez zen kasu bakan batzuen kontua, ondo diseinatutako jokaera baten ondorioa baizik: «Ajuria Eneko Ituna bete behar zen eta, horren arabera, ezker abertzalea ez zen existitu ere egiten, ezker abertzaleari ateak ixten zitzaizkion. Alderdi demokratikoek esaten zutena atera behar zen, eta besteak pariak ziren».
Basabek zehaztu duenez, ezker abertzaleari ahotsa ukatzeko joera hori edozein emanalditan gertatzen zen: «Etengabea zen. San Sebastian egunean Donostiako Konstituzio plazako danborradan presoen aldeko pankartak jartzen zituztenean errealizadoreari behin baino gehiagotan ematen zioten agindua irudi horiek plano orokorretik kentzeko. Telebistan pankartarik ez agertzeko agindua argi zegoen: errealitatea gure gustukoa ez bada, alda dezagun errealitatearen argazkia».
Funtzio publikoaz
«Multimediako gure eskaintzari esker, EAEko komunikazioko lehen enpresa gara, merkatuko talde handiekin lehian. 2012an talde-sinergiak garatu nahi ditugu, euskaraz nahiz gazteleraz informazioak ematen liderrak izateko. Tokikoa eta orokorra den ikuspegia garatu nahi dugu edukietan, eta arrakastak sortu nahi ditugu entretenimenduaren segmentuan». Zuzendaritzatik halako mezuak hedatu zituen ETBk 2011n. Enpresa ikuspegia, lehenak izatea eta entretenimendua zituen lehentasunak. Zerbitzu publikoaren funtzioa agertu ere ez da egiten hedatzen zuen mezuan.
Pastorrek hedabideen funtzio publiko eta erantzukizun soziala aldarrikatzen du. Eta egindako ikerketan azaleratzen denez, errealitatea desbirtuatuz, zenbaitetan desagerraraziz, konponbidean eta elkar ulertzean lagundu baino gehiago, oztopatu egin du hedabide publikoak.
Ildo horretan, kontrol politikoak zerbitzu publikoari eta oro har adierazpen askatasunari egiten dion kalteaz ere mintzo da Pastor. Dagoenaren arabera dantza egin beharrak auzitan jartzen du kalitatezkoa eta independentea izan beharko lukeen zerbitzua.
ETBren sorreratik Jaurlaritzako maizterrak kontrolatu izan du zuzendaritza, eta hori ez da aldatu. Baina badira telebista publikoa kudeatzeko beste eredu batzuk. Sektorean, BBC eredugarritzat jotzen da. Erresuma Batuko kate publikoko zuzendari nagusia parlamentuak hautatzen du. Baina kargua hartu izan duenak, gauza guztien gainetik, kate publikoaren independentzia eta jarduteko askatasuna jarri izan ditu. Izan dituzte gobernuari aurre egin behar izan dioten egoerak ere, informazioaren mesedetan. Hala gertatu zitzaien Blairrek Irakeko gerra babestu zuen aroan suntsipen handiko armen aurka BBCk zuen informazioa aireratzeagatik.
Patxi Alaña euskara teknikariak eta Pastorren tesian iritzia ematen duten lagunetako batek telebista britainiarraren eredua aipatu du: «Ingalaterrakoak fama eduki du nahiko inpartziala izateko. Espainiako Estatutik kanpoko eredu bat hartu behar zuten, baina Espainiako eredua hartu zuten. Oso egoera tristea da. Telebistan daukagun kontrol politikoa Espainiakoa bezalakoa da, bananeroa».
Ez bada agertzen, ez da existitzen
ETBren helburua Euskal Herri osorako jardutea izan da sorreratik. Nafarroako Gobernuak, baina, oztopoak besterik ez du jarri ETB Nafarroan ikus ahal izan dadin. Iparraldean, badago ikusteko modua.
G. I.
Gernikako Estatutuak ETBren zabalkundea Arabara, Bizkaira eta Gipuzkoara mugatzen badu ere, ETBren helburua sorreratik izan da Euskal Herri osorako eta euskararen herrirako jardutea. Muga administratiboak, ordea, oztopo izan dira maiz. Nafarroako Gobernuak bere telebista publikoa izateko eskumena badu, baina saioek ez dute fruiturik eman. ETBren zabalkundea, berriz, Iruñeko eta Gasteizko gobernuen harremanen menpe egon da. Eta azken hilabeteetan, mikaztuta daude oso. Nafarroako Gobernuak behin eta berriz zangotrabatzen du ETB Nafarroan ikusi ahal izatea. Inma Errea kazetariak gogora ekartzen du nafarrek telebista publikoaren bidez euskarazko informazioa jasotzeko aukera bakarra ETB dela. Ulergaitzat jotzen dute, teknologiak gero eta aurreratuago daudela, borondate politiko faltagatik zerbitzu hori ez eskaintzea.
Iparraldearen kasuan, instituzioak falta direnez eta euskara ofizialki existitzen ez den lur eremua denez, Frantziako telebista publikoak ez ikusiarena egiten du. ETBk, aldiz, badu zabalkundea Iparraldean. Lapurdin Jaizkibelgo antenaren bidez ikusten dute. Nafarroa Beherean eta Zuberoan deskodegailua erosi behar dute ikusi ahal izateko, baina, gero, diru hori herri elkargoek itzuli egiten diote erabiltzaileari.
JOSE MARI PASTOR. EHUKO IRAKASLEA
«Telebista begi kritikoz ikusi behar da, berdin dio nor dagoen agintean»
G.I.
Lopezen aroko eta Ibarretxeren aroko albistegiak aztertu dituzu (2008-2010 urteak). Zerk eraman zintuen ikerketa hori egitera?
2009an, lehen aldiz aldatu zen Jaurlaritzako alderdia. Ordura arte, Gernikako Estatutua onartu eta Jaurlaritza berriro osatu eta gero, EAEko lehendakaria EAJkoa izan zen beti. Euskal Telebistak itzelezko garrantzia izan du euskararen normalizazioan, ukaezina da. Hala ere, hori onartu arren, kritikak egin izan zaizkio. Kritika horiek ugaritu egin ziren sozialistek boterea hartu ondoren. Pentsatu nuen interesgarria izango zela bi aro horietako albistegiak konparatzea.
Eta zer nabarmenduko zenuke?
Beti egon dela telebistaren erabilera politikoa. Noski, Lopezen garaian agerikoagoa izan da, batez ere abertzaleen ikuspegitik begiratuta. Azken batean, sozialistek argi eta garbi segitu zioten Espainiako Konstituzioak zehaztutako eraketa autonomikoaren ereduari. Baina kontua ez da izan lehen zuria zela eta gero beltza. Lehen ez zen hain zuria. Nik jendea ezagutzen dut sozialistekin esaten zuena: «Nik jadanik ez dut ETB ikusten». Hori itsukeria da. Telebista begi kritikoz ikusi behar da beti, berdin dio nor dagoen agintean. Sozialisten garaian areagotu egin zen gizartearen zati bati inposatutako bazterketa informatiboa, baina lehen ere gertatzen ziren halakoak, nahiz eta, agian, hain nabarmenak ez izan.
Atal batean, ETB1 eta ETB2ren arteko bereizketak jasotzen dituzu. Euskarazkoan haurrentzako eta kirolzaleetzako saioak gailentzen dira, hainbat iritzi emaileren ustez (Torrealdai, Aranberri), eta gaztelaniazkoan, erreferentzia politikoak eta gai mamitsuak. Zeren sintoma da?
EITBko zuzendaritza orain dela gutxi berritu dute. Ikusi egin beharko. Joera aldatu beharko litzateke. Torrealdaik esaten duenez, egongo da euskaldunik kirolzale amorratua izan ez eta marrazki bizidunak bereziki gustukoak ez dituenik, ezta? Herritar-ikusle heldua, kirolaz gain, buruan beste kezka batzuk badituena. Horretaz guztiaz euskaraz informatuta egoteko eskubidea bermatu beharko litzaioke herritar horri. Bestalde, sintomatikoa izan da lehen aldaketa eguraldiaren mapan egin izana, Lopezekin gertatu zen bezalaxe. Esango nuke erdibidean geratu direla. Euskal Herria aurreko mapan baino hobeto bereizirik azaltzen da orain, baina barruko mugak ageri dira. Ibarretxeren garaian, aldiz, ez. Hor argi eta garbi bereizten zen Euskal Herria osotasunean, zatiketa barik. EH Bilduk berak onartu du hori, Lopezen aurreko sasoian zegoen mapa jartzeko eskatu duenean.
Nola ikusten duzu oraingo ETB, Urkulluren arokoa, alegia. Gobernu aldaketa nabaritu al da ETBko informatiboetan?
Goiz da ikusteko. Egia da oraingo garai politikoak eta nik aztertutakoak, 2008. eta 2010. urteetakoak, ez direla berdinak. Orduan ETAk ez zuen eten jarduera armatua, ezker abertzalea erakundeetatik kanpo zegoen... Egia da Lopezen garaiaren amaieran, giro politiko berriarekin batera, nolabaiteko irekitasun bat nabaritu zela. Dena den, urteetako jokabideak ez dira erraz aldatzen; benetako borondatea behar da horretarako, joerak eta inertziak aldatzeko.
Zein izan beharko luke, zure ustez, telebista publikoaren funtzioak?
Telebista publikoak gizartearen zerbitzura egon beharko luke. Telebista pribatu baten helburua etekinak lortzea da, negozioa egitea, baina kate publikoaren kasua desberdina da. Arduraz jokatu behar da, eta lehentasunak jarri. Telebistak eta ikus-entzunezko komunikabideek, oro har, izugarrizko eragina dute heziketan eta gizarte kohesioan, balio jakin batzuk hedatzeko. Zenbait lagunen ustez, doktrinamendua da telebistan elkartasun, begirune eta halako balioen alde egitea. Reality show eta antzeko programetan ez da baliorik hedatzen eta txertatzen ikusleen artean? Hori ez da doktrinamendua? Kalitatezko telebistak ez du zertan aspergarria izan, entretenigarria izan daiteke, baina oreka bilatu behar da. Bideak bilatu behar dira herritarrakres publica-z, gizartearen ongizate komunaz informatzeko.
GURUTZE IZAGIRRE - BERRIA 2013.05.03
http://paperekoa.berria.info/agenda/2013-05-03/018/001/Mapak_inporta_du.htm