Ordua heldu da baina, aginte politikoaren eta irrati-telebista publikoaren arteko dependentzia hori hausteko. Zerbitzu publikoaren izenean eta profesionaltasunean oinarrituta, menpekotasun lotura horretatik askatu beharra dago.
Baina ez hori bakarrik, komunikabide publikoen inguruko eztabaida sakonak beste hainbat puntu jorratu behar ditu, orain eta hemen.
Digitalizazioak ezarri duen testuinguru berrian bertoko komunikabideen papera zein izango den eta zein eduki-eskaintzan mamituko den adostu beharrean gaude. Marko berrian, euskararen rola birpentsatzea lehentasunetako bat da. Zentralitatean irabazi eta hizkuntzen inguruko artikulazio berriak, azkarrak eta ausartak egin behar dira. Duela hiru hamarkada hartu ziren erabakiek ezer gutxirako balio dute gaur egungo egoera sozio-linguistikoan eta apustu kolektiboa bilakatu den normalizazioaren bidean. Eredu dikotomikoa (hizkuntza bakarreko kanal bana, irratian, telebistan eta interneten) gaindituta dago. Baina ez hori bakarrik, une teknologiko eta sozial honetan, bertatik bertarako ikuspegi informatiboa eta erreferentzialtasuna multimedia ikuspegiarekin jorratu beharra dago. Horretarako EITB ez da eragile bakarra, ezta izan beharrik ere, eta euskaraz aritzen diren gainontzeko komunikabideekin sinergiak landu behar ditu, bereziki ikus-entzunezkoen artean. Sektore honetako motorea izateak, hori bai, garrantzi gehiago ematen dio erabakiak hartzerakoan, eta kontsentsua eta irekitasuna lantzea komeni da.
“Egin beharrekoez” zirpriztindutako goiko lerro hauen ostean baina, patxada eta hausnarketarako tartea zabaltzea derrigorrezkoa dela iruditzen zaigu, EITBren barruan eta baita sektore osoan ere. Abiatu aurretik, hartuko den bidez pentsatu beharrean gaude. Egoera honetan, artikuluaren izenburuan kokatu dugun itsasoko animaliak balio beza adierazteko EITBren inguruan ireki beharreko hausnarketa garaiaren konplexutasuna. Izan ere, olagarroak zortzi hanka, hiru bihotz, garuna gorputzeko alderdi desberdinetan banatua…eta, guztiaren gainetik, izaera propioa, malgua, azkarra, bereziki indartsua eta mimetizazio maila ikaragarria du. Beharrezkoak ditugun komunikabideen tankerakoa.
(Argia urtekaria, 2013)