PAKO ARISTI - IDAZLEA
Pasa den urtarrilaren 26an sekulako disgustoa hartu nuen titulu hau irakurtzean: «Argia sarien 24. edizioak aipamen berezia egin dio Euskadi Irratiari». Bertan kontatzen zen, beste sarien artean, EITBko Azpimarra programari sari bat eman zitzaiola, eta birritan saritu zutela Euskadi Irratia, saio bategatik ez ezik merezimenduzko saria ere berari emanez.
Albisteak 2012ko urriaren 12ko goiza ekarri zidan gogora, Independentziaren paperak aurkeztu nuenekoa. Telebistako programa arduradun batek argitaletxera deitu zuen, esanez liburuaz zerbait egiteko interesa zeukan arren, goitik ez ziotela baimenik eman, moztu zizkiotela asmoak eta hegoak. Beraz, ETBn ez zen ezer agertu, ez orduan, ez gero. Adi jarri nintzen, ea zentsuraren transmisioa Euskadi Irratira iristen zen, eta, zoritxarrez, hala izan zen: ez zen ezer agertu, ez orduan, ez gero. Durangoko azokan egon nintzen egunetan ere, han zeuden irrati guztiek elkarrizketatu ninduten, EITB taldekoek salbu.
Sarien ekitaldian honela justifikatu zuten merezimenduzko saria: «Konfiantzazko lagunak bezala, edozein gairi buruz hitz egiten digulako eta goizeko kafetik hasita gurekin dagoelako». Bada ez, ez digu edozein gairi buruz hitz egiten.
Maddalen Iriartek honako hau esan zuen esker onez: «Beste hedabide batzuek lortu dute normaltasuna; Euskadi Irratia, adibidez, irrati normal bat da. Telebistan hor dugu erronka». Bada ez, ez da irrati normal bat. Itxoin: Hala bai? Normaltzat ote daukagu hedabide publikoetan zentsura pittin bat egotea?
EITB deituriko ente horren marka anitzetan ditudan lagun ugariren desenkusagarri, badakit antolamendu hierarkikoa duela, aginduak iristen direla goitik. Baina batzuetan ausardia pittin bat ere eskatuko nieke, gizarte aske batean bizi garen ilusioa eta itxaropena erabat zapuzturik gera ez daitezen.
Halere, nire liburuari egindakoa ez da urteotan, ezta berriki ere, egin den zentsura bakarra izan, eta horrek dimentsio kezkagarria ematen dio EITB erakundearen jokaerari, zerbitzu publiko baten espiritua hondatzen duten ezaugarriak dituelako: alderdikeria, bazterkeria eta errespetu eza. Nire eta denon diruaz elikatzea nire (eta beste batzuen) lana itzalera kondenatzen duen komunikabide bat demokraziari (alegia, denok elkarren interesen errespetuan bizitzeko kontsentsuari) egin dakiokeen eraso nabarmenetakoa iruditzen zait.
Osakidetzan ez al gaituzte EAEko biztanle guztiak onartzen? Bada EITBn ere hala behar luke, interesgarria eta kalitatezkoa den sormen lan guztientzat. Zerbitzu publiko batek «publiko» izena merezi ahal izateko lehen baldintza da. Osakidetzak pertsona batzuk baztertuko balitu, ez al genuke protesta egingo? Bada, maila berekoa da nire protesta, EITBk, kasu honetan, ni baztertu nauelako. Eta ez da arazo indibuala, kolektiboa baizik.
Ez diogu behar adinako arretarik eskaintzen, beharbada, baina sektarismoa hedabide publiko batean oso gauza larria da: denon dirua erabiltzen dute haien ikuspegi partidista, subjektiboa eta murriztailea inposatzeko askoz ere zabalagoa, anizkunagoa eta aberatsagoa den gizarte batean. Egin behar luketena, gutxienez, da gizartean izaten diren proposamen interesgarri guztiak agertu pantailaren aurrean; gero ikusleak aukeratuko du gehien interesatzen zaiona, ikuslea horretarako aski heldua dela pentsatuz. Formak behintzat gorde, nire lagun batek dioen bezala.
Kontrakoa, jendeak egindako lanak ezkutatzea, ez zait bururatzen faxismo kulturala bezala baino definitzerik. Zentsura hutsa. Jendea desinformatzea. Herri baten akulturizazio programatua, azken batean. Ez da nire kasua bakarrik; tamalez, asko izan dira euskal telebistatik bereziki, baina baita EITB taldeko osteruntzeko hedabideetatik ezkutatuak izan diren idazleak, kantariak, artistak, pentsalariak, eragileak.
Bernardo Atxagak honakoa adierazi zuen, pasa den urrian, Noticias de Gipuzkoa egunkarian egin zioten elkarrizketa batean: «(…) Hemen kultur politika ikaragarria dago egin beharra, nabarmena baita herri kolonizatua garela». Kazetariak harriturik galdetzen dio ea nork kolonizatu gaituen, eta Atxagak: «Behin, Landetatik haratago nindoala, pertsona bat aurkitu nuen Radio Euskadi entzuten zuela aitortu zidana. Horren arrazoia galdeturik, erantzun zidan Ipar Ameriketako musikarik gehiena jartzen duena dela, Frantziako kuota sistemak ez baitu halakorik uzten (…)».
Horra paradoxa: herrialde handiak, estatudunak, milioka hiztun dituztenak euren musika babesten, eta orokorrean beste kultur esparru guztietako sortzaileak ere bai; gu, aldiz, herrialde txiki bat, hizkuntza propioa atzeraka dakusana, bertako musika baztertzen, eta esparru askotako sortzaileak itzalera kondenatzen. Zenbateko sektarismo kuota onar dezake gizarte batek bere hedabide publikoetan? Gizarte ernea bada, heldua, jantzia eta kritikoa: 0´00. Zenbaki horiek zenbat eta gorago joan, orduan eta akulturizatuagoa gizarte horren egoera.
Ahaztu dugu, bestalde, ezker abertzalearen ilegalizazioak eraman zuela PSE-PP binomioa Ajuriaeneara, bat aurpegia jarriz, bestea hariak mugituz, eta ilegalizaizo horrek utzi zuela EITB frentismo konstituzionalistaren esku. EAEko bi herenen gustuen aurkako programazioa ezarri zutela, eguraldiaren mapa itxuragabetzetik hasi eta albistegi kafkarretan amaitzeraino. Mezuak kontrolatzen zituen elite bat elikatu dute urteotan, ia endogamikoa izateraino bultzatuz pertsonaia batzuen agerpen etengabea eta multifunzionala, eta itzalera desterratuz beste guztiak.
Argia sariak jardun egokiak laudatzeko diren gisan, norabide gaitzesgarriak salatzeko balio lezaketen Itzala sariak balituzte osagai, EITBko bloke osoari emanda asmatu izango luketela iruditzen zait.
P.D.: Ohar bedi Zaldieroa, De Rerum Natura-n karikaturizatu ninduena, ez dudala «independentzia» hitza erabili artikulu osoan, nire liburuaren izenburua idazteko ez bada izan.